Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  3. zenbakia »  Egin gabeko argazkia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Egin gabeko argazkia

Mikel Aierbe

  (Literatuzta Taldea)

Udaberria harro esnatu da gaur, laino beltzenekin eguna mehatxatuz. Jendea arin mugitzen da kaleetan, euria iragarri dute arratsalderako eta badirudi gaur behintzat asmatu egingo duela irratiko esatari gezurtiak. Trafikoa neurrigabe ugaritzen den ordua da, langileak etxera bidean, pauso azkarrez, bakoitza bere arazoetan murgilduta... Nahaspila honen erdian, soinean ez daramazun argazki kameraren jabe izan nahi zenuke.

Inoiz ez duzu argazki kamerarik izan baina argazkiak egiteko tentazioa sarritan izan duzunez, lan berriaren lehenengo soldataren zati bat polaroid makina bat erosteko erabiltzea erabaki duzu. Beti izan baituzu polaroid kamera bat izateko gogoa. Orain arte, filmeetan soilik ikusi izan dituzu horrelako kamerak eta filmeetako argazki hauek betidanik izan dute xarma berezia zuretzat, aparteko misterio bat. Ez bakarrik argazkiak bat-batekoak direlako, baizik eta argazki azpian gelditzen den zuriunea ere aproposa delako irudia hitzekin aberasteko. Hain zuzen, orain horrelako kamera bat erostera zoaz, argazki dendara abiatu baitzara jadanik.

Bat-batean, kale erdian gelditzen zara, une honetan kamerarik izango bazenu argazkirik aterako ote zenukeen pentsatzeko. Maiz izan duzu sentsazio hori, argazki bat begi aurrean izan eta kamerarik ez izatea esku artean. Horrelakoetan ustezko argazki edo irudi hori memorian iltzatzeko ahalegina egiten duzu horrela beti gogoratuko duzulakoan, baina propio oroitu nahi diren gauzak dira ondoren ahazten errazenak izaten direnak. Zenbat oroitzapen eta argazki galdu ote dituzu horrela...

Jendartera begiratu eta errepide bazterrean amona bat eta haur bat ikusi dituzu, jendeari bizkarra emanez eta errepidez bestaldeko ospitalera begira. Amona esku batekin ospitaleko leiho batean dagoen jendea agurtzen ari dela ohartu zara eta beste eskuaz haurraren eskuari eragiten diola, haurrak ere nahi gabe eta nolabait behartuta leihoko jendea agurtzen duen neurrian. Ondoren, leihoko jendearengana zuzendu duzu begirada eta laugarrengo solairuko leiho batean eri egon behar duen gizonezko bat eta bisitan joan zaion emakume bat ikusi dituzu. Hauek ere, era berean, amona eta umea agurtzen ari direla konturatu zara.

Ustezko ondorioak arrapaladan datozkizu: leihoko gaixoa umearen aita dela asmatzen duzu eta bere alboan dagoen emakumea bere emaztea dela. Bestalde, haurra zaintzen ari den andrea gaixoaren ama dela ondorioztatu duzu. Badakizu oker egon zaitezkeela baina gainean kamerarik ez duzunez, ezin duzu argazkirik atera eta oroitzapen bat asmatzeko eskubidea ez dizu inork kenduko, hori badakizu.

Izatez egoera berezia da: gizon gaixoa bisitatu ez duten haurra eta amona kaleko errepidearen ondoan eta autoen zaratei entzungor ospitaleko leihoko bikotea agurtzen. Leihoan berriz eszena errepikatua, bikotea alaiki eskuei eraginez kaleko senideak agurtzen.... Baina nahiz eta polaroid argazkirik atera ez duzun, badakizu zerbait ezkutatzen dela eszena honen atzean, zerbait misteriotsua, filmeetako argazkiek duten aire misteriotsu bera gogorarazten dizuna.

Orain berriz, objektibodun kamera bat izatea gustatuko litzaizuke leihoko gizonak, nahiz eta eguraldi iluna egin, eguzkitako betaurreko beltzak ote dituen ziurtatzeko, betaurrekoak dituela nabari den arren, ez dakizulako beltzak ote diren. Horrela izanik, haurrak zer egiten ari den ez dakien bezala, aitak ere ez luke jakingo zehazki umea eta amona non kokatuta dauden, honelako eguraldi beltzarekin itsuek bakarrik erabiltzen baitituzte betaurreko beltzak. Beraz, umearen aita gaixo hori, gaixo egoteaz gain, itsua litzateke, bere semea ikusi ezin duen itsu gizagaixoa.

Baina guzti hau ezingo luke argazkiak kontatu, hau guztia zure irudimenak sortutako istorioa baita, gizon gaixoak ez baitu betaurreko beltzik, ez dakizulako itsua den edo miope soila, ez baitakizu haur hori bere semea denik ere, edo amona hori bere ama, edo emakume hori bere emaztea...

Horregatik nahi duzu polaroid argazki kamera bat erostea, behingoz istorioak asmatzeari utzi eta argazkian agertzen diren irudiak bere horretan uzteko, gehienez ere argazkiko zuriunean hitz gutxi batzuk gehituz. Orain arte atera ez dituzun argazki bakoitzarekin erotzeko moduko istorioak asmatu dituzu, eta ezin duzu horrela jarraitu.

Baina azkar ibiltzea komeni zaizu, bestela argazki denda itxiko dute eta polaroid kamerarik gabe geldituko zara, oraindik asmatzeko dauden istorioen atzaparretan harrapatuta...

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak