|
|
|
Ekainak
Itsaso Andres
|
|
(Literatuzta Taldea)
|
|
BAT; txiripas enteratu nintzena. BI; ezkutuko txutxumutxuez.
HIRU; guztiek zekitelako.
LAU; beste batek esan zuelako.
BAT; txiripas enteratu nintzen hura.
Iraileko egun batetan enteratu nintzen, herriko festetan gaupasa eginda, bere lagun batek esan zidan inoiz pentsatuko ez nukeen era bitxian…gaupasa eginda, txoko batean ezkutatuta eta makurtuta pixa egiten genuen bitartean.
Galdegin nion egunean, "zergatik ez zenidan esan" bota nion bat-batean, "eta zuk zergatik ez didazu galdetu" erantzun zidan.
BI; ezkutuko txutxumutxuez enteratu nintzen hura.
Aspalditik ari zen esaten gauza bat esan behar zidala eta inoiz esan ez zidana. Halako zalantza, halako kuriositatea ere piztu zidan.
Ekaineko egun batean “altzairutik irteteko” erabakia hartu zuen. Handik zazpi hilabetera gaia belarrira iritsi zitzaidan, beste batek esanda. Txutxumutxu ederra herriko aho gosetientzat!
Kafe baten ondoren sorpresaz harrapatu eta ia irentsi nuen. "Esan behar didazun hori, jakin dezazun nahi dut, iada badakidala eta ez behintzat zuk esanda". Beste baten ahotik jakiteak min egin baitzidan.
HIRU; denek zekitelako enteratu nintzen.
BAT-en bidez enteratu nintzen, nik oraindik HIRU ezagutzen ez nuela. Herriko jende guztiak zekien, beraz, enteratu nintzenean, denek zekiten. Denborarekin elkar ezagutu genuen eta zorionekoa ni, bera ezagutu izanaz.
LAU; beste batek esan zuelako enteratu nintzen.
Ikastolan hasi bezain laster beste gelakide batek komentatu zuen. Komentario txiki batean geratu zen. Bi hilabeteren ondoren, LAU-ko batek gelakideei esateko erabakia hartu zuen, nahiz eta berak jakin, gu guztiok bagenekiela. Ilusioz hartu nuen. Bera, pertsona eta gelakide bezala.
Ekainak 28 larunbata. HIRU-ri "zorionak" luzatu dizkiot. "Gaur Corte Inglés-eko eguna da" erantzun dit.
Hala eta guztiz ere, gustora dabil bere saltsan. Saltsa sei kolorez horniturik dago, labean sartzeko prestatzen ari da, gustora, irribarrez, labean sartu aurretik probatzen…
Zein labetan sartuko duen pentsatzen ari da. Labe bat aukeratu eta bertan sartu du.
Sei kolorez hornituriko saltsa behar bada BOST-i ez zaio gustatuko baina tira, mahai inguruan jartzen ez bada ere begiez dastatuko du, zutik eta urrutitik bada ere.
Sei kolorez hornituriko saltsa, sei kolorez osaturiko sei ilaradun orri zati txiki bat da. Altzairuan itsatsi du, orri zati txikia.
Behar bada BOST-i ez zaio gustatuko baina tira, altzairuko zirrikitutik bada ere gozatuko du, ezkutuan.
HIRU gustora dabil, ni gustora nabil.
Herriko jaietan murgilduta gaude. Jaien bigarren eguna. Eneeee… jendea aztoratuta dabil. "Aizu, esan didatenez hemen ba omen dago txoko gay bat, ezta?". Sinesgaitza. Orri zati txiki batek mirari hauek egin ditzazkeenik, ez nuke sekula santan pentsatuko. Txoko gay-a? Nola? Txokoguay-a? Ke guay da?
Oso oso guay izango litzateke eguneroko bizitzan, urtean behin El Corte Inglés-eko publizitaterik egingo ez bagenu.
Iraileko egun batetan askatasunez, lasai eta erreparo handiegirik gabe honela mintzatu zitzaidan HIRU: "Zuk lasai asko hitz egiten duzu gaia hauetaz, behar bada ohartu gabe jendeak ez duela zu bezala pentsatzen eta batzuetan isiltzea komeni zaizula iruditzen zait. Ederra litzateke denek zu bezala pentsatzea baina tamalez eguneroko bizitzan ez da horrela gertatzen".
Milaka buelta eman nizkion erantzun honi. Isildu, zergatik? Behar bada ez naiz ohartzen denek ez dutela nire antzera pentsatzen baina naturaltasunez hitz egiten ez badut, badugu, zertarako hitz egin? Hitzetan ez dago mugarik. Mugak gizarteak ezartzen ditu eta gizartea gu guztiok osatzen dugu.
Gay edo lesbiana, heterosexuala edo trabestia, igeltseroa edo elektrizista, zuria edo beltza… ez al da gauza bera? Azken finean ez al gara ba denok, PERTSONAK?
GEHITU dezagun gure bizitzan pertsonenganako errespetua! Zuria, beltza edo horia izan
|