|
|
|
Maite dudan emakumea
Iņaki Olaizola
|
|
(Literatuzta Taldea)
|
|
Urduri eta doilor ageri dun, ez dun gai ene aurpegi bizartsuan erreparatzeko. Egia dun, desitxuratu xamar zaukanat, baina hiri ez zain axola, ezetz? Ederra nagon hiretzat!
- Zerbait ezkutatzen didak, alua! Hartu ezak arnasa sakon eta, aska ezak barneko korapiloa -esan zidan. Ohartu dun nonbait, berandu dela, garaiz amaitzeko.
- Elkarrekin dinagun korapiloa dun hemen moztu beharrekoa.
Ez zaukanat astia honetan xahutzeko asmorik, hiregana noan, ongi sentitzen bainaun hirekin. Kristorena haiz, moņoņa!
- Nora hoa, koldarra! Deus esan gabe hanka jokoan? -jakin nahi din.
Hi haut hurrengo geltoki, aurrekoa ere hi hintzenan, ez dun kasualitatea. Hori, ondo zekinagu biok, baietz?- izan hadi adoretsu eta aitortu hidak norengana hoan! Ez duk aurreneko aldia ez?
Ondoeza eragiten zidaten bere oihu zein garrasiek, ez ote dun isilduko!
- Azkenekoa ere ez dun izango -bota zionat, izan ere- elkar asko maite dinagu horretarako-. Ados hago?
- Jakinekoa huen, redio! æatera zaion -kabroia izateaz gain bihotz gabea duk ergel hau!
Kontrola galdu din, erasotzea bakarrik falta zaion. Hik babestuko naun egiten badin, noski baietz. Zalantzarik ez dinat.
- Gizonezko guztiak berdinak, ostia! -topikoetara salto egin din. Ez nagon ados berarekin, ni soilik aberastasunaren bagoian noan. Izaki maitatua, aberatsa dela badakin.
- Berezia naun berarentzat æpentsatze hutsak, irribarrez erantzutera eraman nain. Hala erakutsi didan momentu oro, inork ez bezala. Horregatik egon ohi naun hirekin, horregatik noan berriro hiregana.
- Hoa pikutara! æjauzi ez zaion ba, bi malko lodi begitartean behera dizkinala -Ez hau nik beste asetuko, alajaina!
Hik beste ez, hik ez bezala pentsatu dinat, egia dun eta. Baina ez din merezi eztabaida luzatzerik. Edo hi polita, gustura hago laudorio sorta amaitzeko beldurrez? Lasai hadi, bizitza guztia zaukanagu eta, bizitza oso bat, eta agian gehiago, maite zaitudala esateko, azaltzeko. Ni hirekin, hi nirekin, egoteko, maitatzeko.
- Ez duk ni bezain ederra izango, noski ezetz! -Ederra, jarduna zeukan gajoak! Haragi kalitateaz bereganatu nahi nain, baina atzekoz aurrera aterako zaion, maitea. Nirekin, okerreko bidetik zuzen zebilen, okerreko mutilarekin. Gainera, ederra hemen hi haiz, ederra hik emaniko maitasuna.
- Jakin ezan ba, guztiok ez gaitunala berdinak, entzun dun? -betarik ez zionat eman erantzuteko, beharrik ez ninan.
Beharra hirea dinat nik, hirea! Hi haiz dinadanetik guztia, guztitik dena.
Maite haut, ama!
|