Libre da amets egitea
Olatz Prat
|
|
(Literatuzta Taldea)
|
|
Ez da kasualitatea hitz hauek zuregana iristea. Amets bati ari natzaio ziurrenik. Baina ezin eskua kontrolatu, ezin nire burua, sentimenduak kontrolatu. Eta, agian, ez dut aurkitu eskutitz honentzako hasiera egokirik. Baina ditudan hitzekin sobera dut sentitzen dudana adierazteko.
Bart zurekin amestu dut eta pentsatzen aritu naiz zeinen ederra litzatekeen goizero zure ondoan esnatu eta hortxe egotea, epel-epel, eguneroko betebeharrei aurka egiten. Bost minutu gehiago, faborez. Eta munduko pertsonarik zoriontsuena nintzateke. Zeinen ederra esnatu eta zure arnas pausatua nire lepoan sentitzea, zure bihotza nire bizkarrean taupadaka; eta zure eskuak nire gerrian… libre da amets egitea. Erraiak arrakalatzen dizkit sentimenduen lurrikara honek.
Egunon potxola. Eta muxu bat, muxu goxo-goxo bat. Marrubizko muxua. Eta goizero marrubiak gosaltzeko. Nire hatzak zure ile artean nahastu eta besarkada, eta egunon mattie. Ah! Ez naiz inoiz egon paradisuan baina halako zerbait behar du izan…
Irratia piztu eta entzuten dudan abesti horren doinupean dantzan ikusi zintudaneko irudiak datozkit burura. Orduan ere zure gorputzaren mugimenduek, zure gorputzaren imintzio bakoitzak nire barnealdea mugiarazten zuela sentitu nuen, burua galtzeko zorian; nire gorputz guztia dardara sakonean murgildua zu ikuste hutsarekin. Eta ezin aspertu zu behatzeaz. Jendearen artetik zure begiradarekin topo egitea, unetxo bat, segundo bat, milesima bat; nahikoa zen niretzat. Hainbestetan elkar ikusi dugun jendez beteriko korridoreetan bezala.
Nire bizio zaren horri, esan behar dizut bat-batean ozeanoaren erdian agertuko banintz, errealitatea den mugarri etengabeko horri desafioka jardungo nintzatekeela eta, hala ere, jitoak zu zaren paradisu-irla horretatik urrun utziko ote nindukeen beldur naiz. Eguraldi ona iragarri dute zure begien kostaldean pausatu kaioek. Eta ezagutu nahi zaitut, ontzia betirako hondoratu aurretik; ozeanoa handiegi gertatu aurretik.
Suizidio anuntziatua dirudi honek. Azken aitortza. Agian zuzenegia naiz, bai, baina horrelakoxea naiz ni; gauzak pentsatu eta egin. Ez dut ezer galtzekorik eta asko, berriz, irabazteko. Libre da amets egitea.
Batzutan (askotan) ahazten zait ametsak errealitatearen munduan hutsalak direla. Ahazten zait gure munduak, errealitatea eta ametsa, oso urrun daudela elkarrengandik. Baina, ez zait ahazten, zu, nire inspirazio iturri zarena, erreala zarela. Eta badakit zenbaitetan ametsak egi bihurtu zaizkidala.
Jarraituko dut zure begirada bilatzen, jarraituko dut zu nire imajinazioan maitatzen. Nire amets goxo izaten jarraituko duzu beti.
|