Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  3. zenbakia »  Bat, bi eta...

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Sarrerakoa

Bat, bi eta...

Literatuzta Taldea

  (Literatuzta Taldea)

Hala erakutsi ziguten txikitan. Salto egin aurretik, lasterkan hasterako, indarrez tiraka ekitean. Erabakiorrak ziren egoeren zorizko azken instant magikoa honela neurtu, zenbatu behar genuela. Une hartan arnastea pribilejioa izanik, hartutako erabakiak atzera bueltarik izango ez zuenaren garrantzia emanaz momentuari. Bat, bi eta...hiru. Eta honela egin dugu guk ere.

Haur ginelarik, ikasi genuen errege magoak hiru zirela, mosketeroak hiru eta nola ez txerritxoak ere bai. Orain, aldiz, sexuan txerrikeriak egiteko hirukotean pentsatzen dugu. Izan ere, hirua betidanik izan da bitxia, erakargarria, biaren zuzentasunari izkin eginez jokua eman duena. Gizakiaren historiako pasarterik bitxienetan baimenik eskatu gabe nagusitu den elementua, sentsazioa. Eta zer esanik ez erlijioan. Aita, semea eta espiritu santua bezala ezagutzen dugun hirukote famatuari galdetu bestela. Baina, hauen promotore edo manager izatetik urruti, nahiago dugu hiru-batean deritzogun produktuaren iragarle izatea, ideia herdoilduen herri honi pentsamenduak mugituaraziko dizkion tresenuno desengrasantea izatea alegia.

Eta hitz jario berriak (h)irudikatzeko saiakera honetan hamaika garun mekanografiatu ditugu. Hamaika paisaia, sateliterik inteligenteenak lokalizatuko ez lituzkeen parajeak. Norberaren koordenadetan erradiografiatu ezin diren zirrikituak. Lekutu orduko desegingo zaizkigunak, ezerezetik kontzientzira iltzatuaz agian, itzaletik argira, maldan gora nahiz behera, erliebe mugikorra sortuz.

Entzuna da hirugarrena garaipenarena dela, aurreko bi izerdiek lortu izan ez dutena desiratsuago egin ohi duena. Garaipenaren jainkoa gurtzean fedez oihukatzen den zenbakia ere izan da, eta horretaz asko dakite zakelek. Honela, nahiago genuke izkiriatutako gure oihu honek oihartzun ozena balu, hori bailitzake gure garaipena, gure anbizioa, txikitan erakutsi ziguten bezala eskuko hatzak zenbatzen jarraitzea, eta gehiago.

Argi dugu hau ez dela Spielberg-en fikziozko filme baten hirugarren atala. Eta ez duela inongo zerikusirik Tolkien-en trilogia fanatiko-fantastikoarekin. Badu antzik, ordea, Txillidaren hiru hankako aulkiekin, herrenik ez egitearen nahia. Eta herren eginez bada ere zutik iraungo dugu gaizki-esanekin zorroztutako aizkora hotzez gure hanka guztiak moztu artean. Herren egitea libre baita, hala ez?

Beraz, izan ziur begipean duzun hirugarren orri honek, hirugarren ale honek badakarrela misteriorik. Eta estraperloan dabilen tratanterik azerienaren gisan eskeintzarik tentagarriena egiten dizugu, hiru biren prezioan, hiru.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak