Zakua
Euskal literaturaren jarioa
Literatuzta taldea
Ene existentziaren lehen oroitzapenetatik eskolan gogoratzen dut nire burua. 3 urterekin bide luze honi ekin nionean, nire baitan letrak ikur abstraktuak zirela dakidan arren, ez dut garai haien berri, ez naiz akordatzen. Hau horrela, nik beti jakin izan dut hitzak ahots bihurtzen. Azenario koloreko Euskarako lehen liburu haietaz gogoratzen naiz, azalean mamu batzuk agertzen ziren eta barruan berauen zenbait istorio.
Lehen testu liburu haietatik hasita, hitz idatzien bonbardaketa masibo bat izan da ene bizitza akademikoa, beste askorena bezalatsu. Eta orain dela gutxi arte literaturaz berba egitean liburu guzti hauek etortzen zitzaizkidan burura. Berandu ikasi nuen badela hitzen sintaxiak fereka bihurtzen diren libururik. Derrigorrez irentsitako paper mendi haiek liseritu ostean, duela gutxi konturatu naiz badela gogoz dastatu daitekeen libururik. Atzo liburutegiak ordu libreen borrero ziren, gaur, ideia zoragarrienen gotorleku dira, esamolde eztien kutxazain.
Eta batzutan bide idorrenek kostalde ederrenetara hurbiltzen gaituzten lez, halaxe ezagutu nuen literatura... eta olatuak marrazten hasi nintzen nire barruaren freskagarri. Itsaso zabal eta ederra da euskaldunona.
Bainuz bainu, duela gutxi konturatu naiz, badirela liburuak ez diren beste literatura espezie batzuk ere: eskuetan duzun Literatuzta esaterako, eta ez dabil bakarrik. Inguruan ditu Elgoibarko Hamaika Litera edota Elorrio aldeko Txaman, guztiak herritarren lanez haziak, aldiro-aldiro arrantzatu ditzakegunak.
Duela gutxi konturatu naiz ere, badela kaleak bustitzen dituen olaturik, herriz herri, tabernaz taberna. Oreretako Mikelazulo taldea nahiz Arratia inguruko bbk (bihotz bakartien kluba) bezalako ikus-entzunezkoak, literatur itsaso bat badela ohartarazten gaituztenak. Hauek bezalako taldeek arrautzak jartzen dituzte han-hemenka, nahi duenak berotu ditzan.
Eta informazioaren garaia deitzen diogun honetan, internet-en barneratu naiz, gehiago jakin dezadan. Google-len sartu eta “euskal literatura” bilatzeko esan diot munduko bilatzaile garrantzitsuenari. 0.35 segundotan 24.900 sarbide topatu dizkit nire harridurarako, eta euskal letren itsasoa are handiagoa dela konturatu naiz.
Sarea jaso eta nahi adina bazka antzeman dut guztiontzat, gustu eta kolore anitzekoak.
Literatura aldizkariak ugari:
4dmoz.org/world/euskara/kultura/literatura/literatura_aldizkariak
4www.Armiarma.com/andima/aurki.htm
Edo libreki irakurri daitezkeen idazle ugariren testuak, poesia nahiz prosa:
4www.Arrakies.es/galdergl/poesia/
euskera.htm
4www.susa-literatura.com
4www.ivap.org/eusk/admeus/admeus
Denborarik ez baduzue berriz, ipuin hiperlaburrak:
4www.dobera.com/ipuin.h (lehiaketa)
4www.eize.org/argitalpenak/senez/20021201/Barquin
Eta nahi baduzue, zuen testuak ere ager daitezke internet-en:
4 www.armiarma.com/bbk/linterna
4www.nontzeberri.com
Nilo ibaia baino isuri handiagoa dute gure literatur errekek, eta duela gutxi konturatu naiz.
|