Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 19,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  2. zenbakia »  Amildegian behera

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Amildegian behera

Alaitz Olaizola

 

EIDER eta JOANES. Elkar asko maite dute bi hauek. Elkarrekin hasi berriak dira eta emozioz beteak daude. Urdaileko zirrara dute eguneroko betegarri, begietako distira pasio honen salagarri. Izan ere, elkar asko maite dute. Mendia gustuko dute biek, han bilatzen dute inspirazioa, han sentitzen omen dira libre. Mendiari eskaini nahi izan diote bere maitasunaren pasio gordina. Han, inork ikusiko ez dituen tokian, erabaki dute larunbat arratsaldea pasatzea, elkarri ezer esateko asmorik gabe, azken egunotako goseak asetzeko asmoz.

Haize hotzak lepoaldea izoztu dio Eiderri, soinean daraman jakak ez du behar adina berotzen bere gorputz delikatua. Joanesek, beso gihartsuz batu dio lepoaldea eta bere gorputzerantz arrimatu, neska laguna babestu nahian. Izan ere, elkar asko maite dute.

Begi-bistan daukaten pasabidearen aurrean, gelditu egin dira. Han urruneko mendi tontorreraino iritsi nahi dute, eta pasabidea pasatu egin behar bertaraino iritsiko badira. Pasabidea, ezkerretara amildegi eta eskuinetara beste horrenbeste. Biak elkarri helduta, ez dira pasako, estuegia da. Joanesek eskua eman dio neska lagunari eta bera abiatu da aurretik. Eiderrek gogor heldu dio mutil lagunari eta, badoaz. Joan dira, Eiderren ezkerreko oinak irrist egin eta berdin da zein aldetako amildegian zintzilik geratu den arte. Joanesen begietan izu ikara nabari da. Orain penatzen da aste osoan ezer jan ez izanaz. Esku bakarretik dauka Eider, eta bestea luzatu dio. Izan ere, Joanesek asko maite du Eider. Eiderri, haize hotzak aurpegia zurbildu dio. Joanesen eskuetatik gogor helduta dago, eta hala hobe, askatzen bada, mendia izanen baita bere maitasunaren azken lekukoa.

JOANES: Eider! Jarri oinak harriaren kontra eta hiru kontatzean egin indarra gorantz.

EIDER: Indarra Joanes? Hi maitatzen joan zaizkidak indar guztiak.

JOANES: Indarrik ez baldin badaukan, jarri ezan gogoa eta hiru kontatzean gorantz tiratuko dinat.

EIDER: Hirekiko gogoak beste gogo guztiak galtzera eraman naik.

JOANES: (Belaunikatuta, besoak geroz eta tiratuagoak dituelarik) Ez izan tuntuna polita!

EIDER: Tuntunduta naukak ordea!

JOANES: Hau oso serioa dun, Eider. Egia guztiak ez dizkinat esan nahi, tuntundura guztiak bat-batean joango bai zaizkin. Beraz, hiru kontatuko dizkinat eta hi adi egon, laztana.

EIDER: Ez zaidak ondo iruditzen, maitea. Nik ez diat sekula gezurrik esan. (Eiderren eskuak izoztuta daude, indarra falta zaie)

JOANES: Uneoroko egiaz ari naun! (Arnasa sakon hartuko du) Hemen goitik gauzak hor behetik baino argiago ikusten ditun. Egin iezadan kasu!

EIDER: A bai? Ederragoa al nauk hor goitik begiratuz gero?

JOANES: Ederragoa izango haiz ondoan bahaukat. Hortik, nire burua eta zerua baino ez ditun ikusten. Etorri adi, eta begi-bista zabalagoa eskainiko dinat.

EIDER: Arrazoia daukak, hire burua eta zerua baino ez dizkiat ikusten hemendik, eta ederra sumatze haut. Egon adi une batez, argazki kamera aterako diat eta motxilatik.

JOANES: (Mina hartzerainoko indarrez eutsiz Eiderren esku zurbilei) Ez! Ez! Ez adi mugitu ere egin, mesedez. Eider, gorputzeko odol guztia buruan pilatua zeukanat, besoetako indarrak joana ditun eta aste guztiak apenas mokaturik jan ez izanaz damutzen hasia nagon, beraz, hiru kontatuko dizkinat. (Ahultzen hasia dago)

EIDER: Ai Joanes, Joanes... Holakoetan burua hotz izatea komeni duk ba... Ez zaidak zilegi iruditzen maitemindu izanaz damutzearena, guapo.

JOANES: Baina... Ni ez naun damutzen maitemindu izanaz!! Mendira etorri izanaz damutzen hasi naun ordea! (Pazientzia ez du galdu nahi)

EIDER: Damutu, damutu... Elkarrekin hasterako esan behar huen maitemintzearen ajeak jasateko gai ez hintzela. Ez zaidak hire jarrera batere maitekiroa iruditzen.

JOANES: Hi ez hago ondo! Ikusten al dun ze egoeratan hagoen? Ikusten al dun? (Ezin du gehiago jasan eta oihuka)

EIDER: Ez, ez nagok ondo.Ikusi ez diat ezer egiten, eta pena bakarra diat lehenago ez ikusi izana. Beste kontu bat ere bai, niri ez oihurik egin, mesedez... (Haserre)

JOANES: (Sudurretik behera, ura dario) lagundu egin nahi dinat, hire bizitzako une txarrenetik onik atera nahi haut eta hire laguntza ezinbestekoa dinat. Esan dinat...

EIDER: (Moztu egingo dio) Bai, bai, bai, Esan didak ez naukala maite, damutua hagoela, burua hotz mantentzeko gai ez haizela eta hori guztia gutxi balitz, ez duk nahi, nik, logelako mahaitxoan, hire argazkirik jar dezadan. Laguntzeko eskatzen al didak gainera? Hik daukak aurpegia... Ausartagoa hintzela uste nian, benetan.

JOANES: Ez haiz benetan ariko... Ezin dinat sinetsi.

EIDER: Gezurretan ari naizela esan nahi la duk?

JOANES: Ezagutzen al dun Romeo eta Julietaren istorioa? Ezagutzen al dun? (Oihuka, negarrez hasteko zorian) Ni naun hire Romeo!!

EIDER: Romeo? (Oihuka, barre eroaz) Ja! Ja! Hark Julieta salbatu nahi zian, hark guztia eman zian bere maitearengatik. Hura hilko huen gosez bere maitearengatik. Ni ez nauk hire Julieta, Joanes.

JOANES: (Erabat etsituta, malkoa dariola) Mesedez Eider...

EIDER: Ez Romeo, ez. Ez gintuan jaio bata bestearentzako.

JOANES: Eider, Eider... Hiru kontatuko dizkinat... (Negarrez)

EIDER: (Ez dio entzuten) Egia izango duk orduan, Romeorik ez dagoela. Aita eta ama banandu aurretik, egunero- egunero eztabaidan ikusten nituenean, ama triste ikusi eta aita gizon ona zela esaten nionean, amak esaten zidan, Romeorik ez zela oraindik jaio, eta jaioko zenaren itxaropenik ere ez zuela. Hori duk hemen egia bakarra, Joanes.

JOANES: Konforme. Hala dun. (Eiderrekin ezin duela arrazoitu ikusita eta bere besoak gehiago iraungo ez dutela sentituta) Ez naun Romeo eta hi ez haiz nire Julieta. Eta gainera, koldar hutsa naun. Eider... bat, bi...

EIDER: Aspertu nauk hi entzuteaz! Utzi hitzak txorakeriak eta atera nazak hemendik. (Haserre, jenio bizian) Jada, ez zaidak hire burua zeru ilunean argazki ederra iruditzen. Hiru kontatzean, hik tira gora. A! Behin goian, ez diat hitz bat ere entzun nahi. Bihar bidaliko dizkiat postaz atzo oparitu hizkidan loreak eta koloretako galtzerdiak. Romeo... Pentsatzea ere... Adi Joanes! Bat, bi eta HIRU!!

Eider eta Joanesek, elkar asko maite zuten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak