|
|
|
Gaur gauean ere
Iban Pozo
Gaur gauean ere ez dituzu begiak itxi nahi, politt horrek. Arduratzen zaituzten gauza guztien pisua astunegia iruditzen zaizu buru txiki horretan eramateko. Hala ere, beti egin izan duzun bezala, saiatzea erabaki duzu. Eta horretan diharduzu. Arazo eta kezken atzealdean, zureak diren galderekin ezkutaketan jolastu nahi duen zeure burua aurkitu nahian, berriro ere nolakoa zaren deskubritu nahian, mila gauetan, gelako ilunaren isilean, igande gauetakoak diren une berezi horietan ia nahi gabe egin izan duzun legez. Eta ez da erraza. Ezinezkoa, beharbada. Argituko nizuke, ahal banu, baina hori neuk ere ez dakit. Ni ere igande gauek gustoko ditudan bidezidorretatik eraman ohi naute, galtzeraino, eta erantzunetaraino eramango nauen bidea aurkitu gabe ere, atseginez galtzen naiz. Badakizu zertaz ari naizen.
Ezkerreko eskua bihotzaren gainean duzu. Zeinen lasai geratzen zaren astiro doala konturatzen zarenean. Orduantxe zabaltzen duzu jaio zinenetik pixkanaka betetzen joan zaren kutxatxoa, barruan duen altxorra berriz ere ukitu eta miresteko, zeurea baita, inolaz ere. Ez da zeureagoa duzun gauzarik. Lasai zaude, bai. Badakizu beste guztia galtzen baduzu ere, hori ez dizutela inoiz lapurtzerik izango. Giltza bakar batek ireki dezake kutxa hau, eta aspaldi gorde zenuen zuk zeure erraietan.
Zu ere haur izan zinen noizbait. Begiak irekita, gelako gauaren ilunak itsutzen zintuen, eta, egoskorrean, irudi bila nekatzen eta amorratzen zinen, ez baitzenituen gauza asko ulertzen oraindik, gaixo horrek. Ikasi zenuen ordea, luze baino lehen, hauek itxitakoan irudiak berez agertzenzitzaizkizula, betazalen atzean proiektatutako filme zatiak bailiran, oroitzen eta aldi berean gerora begiratzen duten barne begiak irekita mantentzea beste ahaleginik gabe, oraintxe dituzun bezala, ixteko bat ere asmorik gabe. Ez ziren irudi gardenak, ezta zehatzak ere, baina zuk ulertzen zenituen, zeuk horrela gordeak baitzenituen, orduantxe deskubritzen hasi zinen kutxan. Zureak ziren, zurerik ezer bazenuen. Eta atsegin zenituen, oraindik ere atsegin dituzun bezala. Kanpokoa baino maiteagoa duzun bizitza bat duzu zuk zure barnean. Neurrira egina. Bertan izan dira malkoak, baina irribarreak ere bai, eta ez dakizu zein izan diren gozoagoak, une tristeak ere beste kutsu bat baitute zurebarnean suertatzen direnean. Azalezinak zaizkizun beste hamaikatxo sentsazio ere izan dituzu, gerora, kanpoko bizitzara igaro nahi izan dituzunak, eta askotan ez duzu izan hauek moldatzerik, ez baita beti erraza nahi dena egitea. Denataz harro egoteko moduan zaude, baina.
Zure baitan, ez duzu lotsarik zaren bezalakoa agertzeko, ezta gezurren beharrik ere, egoera bihurrietan, zeu zarenaren oinarrien gainean eraikia baituzu guztia, inoiz erortzeko beldurrik gabe. Eta eraikin hau ez duzu behin ere amaituko, zorionez, maitea.
Ez dezazula begiak ixteko gogorik izan, politta, ez dezazula orain arte bildutako guztia kutxa barruan betiko itxi. Leku asko baitaukazu oraindik honen barruan, datorrenarekin bete eta hain atsegin duzun igande gauetako isilean ukitu eta miresteko, honelako altxorrek betiko mantentzen baitute disdira, gelarik ilunenean zaudenenean ere zure barnean izan dadin argia.
|