Kale kaiolak
Igor Aranbarri
kaleak gomuta guztien testigu dira berauen isiltasunean.
Herri baten mingain luzeak bailiran,
bertakoen deiadarrak horma bidez ahoskatzen dituzte.
Zilegitasunaren lurralde gainpopulatuak dia gure aberriko paretak,
ur gaziz astero fusilatuak.
Baina kale-kaiola hauek ez dakite haserretzen:
maitasun istorio zoroen babesleku,
topaldi desiratuen sorgune,
hizketaldi zentzugabeen seaska,
edalontzi hutsen hilerri dira.
Intxaur formako alde zahar honek emana da guk hartu duguna.
Denboraren lorratza gainean eraman arren,
tinko diraute harresi bizidun hauek.
Baina,
ume garaietan solasean ibiltzen ginen karrika berberak izanik ere,
jantziak lez, txiki geratu zaizkigu kale-kantoiak.
Tupust egiten dugu egunerokotasunaren mugekin,
adreiluz eginiko etorkizun bat zoriontasunaren oinarri izango bailitzan.
Pausoz pauso omen dator barne-poza,
eta oharkabean atzean utzi dut ene eskualdea.
Urez beteriko gure herria zeharkatzen duen zauria
itsasoan odolusten antzeman dut,
eta zoru bizi eta mugikor amaigabe hau ikustean
konturatu naiz ze nimino den gure intxaurra.
|