Igorritako mezuen nostalgia
Mikel Aierbe
/Botila barruko mezuekin sua iziotu eta eskuak berotzen zituen.../
Harkaitz Cano, /Telefono kaiolatua/.
Ez dut oroitzen, edo ez dut oroitu nahi. Noizbait entzun edo irakurri nuen gaur egun oraindik jendeak mezuak idatzi, botiletan sartu, kortxoz ondo itxi eta ozeanoetara botatzen dituela, aintzinako naufragoen gisara. Mezua gordetzen duen botila noraezean ibiliko da, itsasoko uhinen norabideen arabera, egunen batean arrantzaleen sarean erori edo itsasertzera iritsi arte. Halako batean, norbaitek balizko mezu hori aurkitu, erritu bat balitz bezala botila zabaldu, mezua atera, eta hizkuntza ulertzen badu honela irakurri ahal izango du:
Urruneko irakurle hori...
Eskuan duzun mezuaren idazlea naiz. Irakurtzen jarraitzeko azalpen bat zor dizut. Botilako mezu hau ez da larrialdi edo S.O.S. deiadar bat, jolas bat baizik. Aitarekin hasitako jolas bat hain zuzen, udako egun batean hasitako jolasa.
Aitarekin apustu bat egin nuen, berak agindu egin baitzidan inoiz inork botila aurkitu eta mezua irakurri ostean, erantzun egingo zidala. Nik neure aldetik ez nion sinesten, eta aurkako apustua egin nion. Berak ordea setati jarraitzen zuen, noizbait gutun bat jaso eta -Ni naiz holako lekuan zure mezua jaso duena- entzungo nuela.
Hala bada, behean dituzu gure telefonoa eta helbidea. Aldez aurretik eskerrak eman nahi dizkizut aitarekin hasi eta zurekin bukatzen den jolas honi amaiera ematen laguntzearren.
Besarkada bat.
p.d. Alba Rodriguez Zamora. Tel: 2052115. Calle 62 #3312 y 33 A 4to piso. Apto
16 Playa. C.P. 11400. La Habana. Cuba.__
Aipatu dut ez dudala oroitzen noiz entzun edo irakurri nuen antzinako ohitura
honen moldaketa. Baina hitzez ezin dut azaldu nolako harridura sentitu nuen euri
egun batean, hondartza amaitzen den harkaitzetan botila bakarti bat uretan
kulunkan aurkitu nuenean. Egia zen beraz ohitura zahar honen naufragoak bazirela oraindik. Botila hartu
nuen, ez nengoen lasai, ezkutuko zerbait egiten ari banintz bezala, kartera bat
topatu eta barruan zer egongo den jakinminez bezala. Nolako mezua ote zuen niri
egokitu zitzaidan botilak?
Jadanik badakizue, nik neskatxa lez irudikatzen dudan Albaren hitzak biltzen
zituen nire botilak, jolas baten azken solasak. Baina jolasa amaitu gabe zegoen
oraindik eta orain niri zegokidan hurrengo mugimendua egitea. Kinka larria benetan.
Batetik, ezer gertatu ez balitz bezala etxera itzul nintekeen. Ez da erraza
ordea honela jokatzea, aurrez ikusitako argazki batek begiak itxitakoan ere
memorian irauten baitu, are gehiago irudi hori ahaztu nahi bada. Beste aukera
bat telefonoz deitzea zen, baina jokoaren arauei iruzur edo tranpa egitea
litzateke. Denbora luzez kontinente urdinean noraezean ibili den mezu bati
telefono dei batez azken puntua jartzea ez baitzitzaidan zilegi iruditzen. Hau
egitea aspaldiko naufragoen ohitura sustraitik moztea litzateke.
Gogoeta hau orain egiten dudana da; hasiera batean 2052115 zenbakira deitu egin bainuen. Bat-batean egindako telefono dei hura ahalegin antzua suertatu zen ordea, ez bainuen asmatu telefonoa hartu zuenari hitzik esaten. Isiltasun motz baina aldi berean amaigabe hura besteak eten behar izan zuen telefonoa eskegiz..
Azken aukera gutun bat idaztea zen. Azalpen guztiak emanez, berak botilako mezuan bezala. Aukera baino, irtenbidea ematen zuen. Jokoa bukatzeko modu dotorea; mezu batekin hasi eta gutun batekin amaitu.
Bat-batean ordea, pentsamendu guztiak irauli zitzaizkidan. Ez nuen sinesten Alba izeneko neskatxa jolasa amaitzeko zain egon zitekeenik, honez gero ahaztuta izango zuen behinola aitarekin itsasora botatako botila, idatzitakoaz ere ahaztuta egongo zen moduan. Apustua irabazita beraz. Gainera nik aurkitu nuen mezua bera iruzur bat zen, antzinako naufragoei traizio egiten zion, garai bateko larrialdi mezuak eta altxor mapak jolas bat bihurtzen ziren, aita-alaben arteko apustu bat.
Beharbada nire gogoetak gehiegi okertzen ari ziren. Azken finean, erantzutea oztopatzen zidana zerbaiti amaiera ematea zen. Jokoa hasita zegoen, nik banekin hori; eta ez nik bakarrik, Alba gaztea ere hor irudikatzen bainuen La Habanako malekoian itsasoari begira, ozeanoan begiak galduta. Inoiz jaso ez zuen gutunaren nostalgiaz. Oraindik irakurri ez dituen hitzen nostalgiaz.
Agian horregatik jarri nituen gogoeta eta hitz guzti hauek paperean, eta ondoren botila baten barruan sartu nituen. Agian itsasoko urak bere bidea egin behar zuen eta nire mezu hau Albari itzuli. Ez nago ziur zerk bultzatu nauen honela jokatzera, nork iakurriko dituen ene hitzok. Agian hau guztia neu ere mezu baten zain gelditzeko egin dut. Igorritako mezuaren nostalgia izateko. Edo agian nostalgia guztiak gozoak direla ziurtatzeko.
|