Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  2. zenbakia »  Izarrak hosto artean

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Izarrak hosto artean

Fernando Morillo

 

haurra lasterka atera zen atetik. Zeruaren kontra jo zuen. Zeru txikia, haritz zaharraren adarrarteak mozorrotua.

—Atzoko agureak arrazoi zuen— esan zuen txikiak, patioko gaua miretsiz. Zeta beltzeko gainjantzia zen, izar-petatxuez josia.

Pauso mutu batzuk egin zituen, hobeto ikusteko. Irribarre egin zuen.

—Zer ari zara? —egotzi zion neskameak—. Utzi ametsak eta lagundu pixka bat. Hartu soineko horiek. Eraman ganbara.

Haurrak liluran murgildua jarraitu zuen, patio gaineko sabai infinituan galduta.

—Hor goian bide bat dagoela esan zuen agureak —xuxurlatu zuen txikiak, ia bere baitarako, gaua korapilatzen zuen galtzada zuri hari begira—. Izar-zelai batera omen darama. Eta munduaren azkeneraino iristen omen da.

—Ai, ume demonioa! Esnatuko al zara behingoz? Mugitu, presaka naiz eta.

Txikiak besoak gurutzatu zituen. Serio jarri zen.

—Egunen batean bidaiari egingo naiz. Atzoko agurearen moduan. Bizar erraldoia izango dut, azukre-kotoizkoa bezalakoa. Eta izar-zelai hori zeharkatuko dut —begiak itxi eta hasperen egin zuen, bere ametsak xarmatua—. Munduaren azkenera iritsiko naiz. Eta beste aldean dagoena ikusiko dut.

—Ez daukazu erremediorik. Zora-zora eginda zaude. Hartu arropa hori edo belarrondoko bat irabaziko duzu!

Haurrak patioarekin sintonizatu zuen, haritzarekin, neskamearekin. Beharko: emakume hark ez zuen alferrik mehatxatzen. Poliki, arroparantz hurbildu zen. Baina azken begirada jaurti zuen haritz zaharraren adarrartetik.

—Egunen batean! —oihukatu zuen, bere ukabil xumea gau soraiori erakutsiz.

Zein bitxia. Une batez iruditu zitzaion gaua irinez tindatzen zuen bide hark —munduaren azkenera eramaten zuen berak!— dar-dar egiten zuela. Bere haur-soak asaldatu egin balu bezala. Izarrak ohartu bailiran, bat-batean, haurraren begiradak amets ezabaezin baten indarra zuela.

—Ai, Cristobal, Cristobal —erabaki zuen neskameak—. Zure aita, Colon jauna, zuzen zen: ez zara inoiz ezer izango!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak