Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 19,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  1. zenbakia »  Tabernetako uretan

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Tabernetako uretan

Kepa Urbieta

Kepa Urbieta 

Bazen behin ontzi handi eta ilun bat itsasoko uretan barreiatzen zena, Jainkotarrak ei zuen izena. Pirata ontzi hau, itsas ertzeko lurralde guztietan aski ezaguna zen, euren ekintzak bederen. Baina inor gutxik zuen haien existentziaren berri. Tabernetan, whisky botilen beiretan islatzen ziren zenbait marinelek lau haizetara zabaltzen zituzten eurei gertatu omen enkontruak Jainkotarrekin.

—Ikara ematen dik hura ikusteak. Lehenbizi, euri erauntsia sortzen duk ekialdean, guztiz argi zagoken zeruan. Behe lainoa segidan, eta itzal handi bat agertzen duk, ontzi baten irudi ilun bat. Oihuak, ezpaten elkar talken soinuak, ahots sendo bat aginduak ematen...

Baina inork ezin zezakeen esan nolakoak ziren pirata hauek, inork ez baitzien sekula aurpegia ikusi.

Landa-Nerri Ozeano Bareko herrixka txiki bat zen, arrantzatik bizi zen herri zintzo bat. Hango tabernetan istorio hauek egunero entzun zitezkeen, marinelak uretatik itzuli eta tabernetara joaten baitziren, whiskya edan eta ontziari buruzko istorioak kontatzera.

Askok ez zituzten istorio hauek aintzakotzat hartzen, hain ezberdinak eta urrutikoak iruditzen zitzaizkien.

Egun batean, arratsaldeko zazpiak zirenean ekaitza hasi zen Landa-Nerrin. Guztiak beldurtu ziren, ez baitzuten horrelako ekaitzik inoiz ezagutu, haren haize hotsa eta haren indarra. Eta taberna mutu zegoela, atetik emakume baten irudia agertu zen. Arropa zartatuz estaltzen zuen gorputza, borrokan ibili bailitzan. Ez zeraman ezer soinean, ez aterki, ez zamarra ezta oinetakorik ere. Mostradoreraino hurbildu zen guztien harridurapean. Ardo botila eskatu zuen, ez diat basorik behar, eskerrik asko, erran zion zerbitzariari honek ezer esan baino lehen. Jendearengana itzuli eta guztiei begira geratu zen. Berehala jaitsi zuten begirada lurrera beste guztiek. Zenbait beldurtu ere egin ziren hasieran.

Gizonen marmario garratza nagusitu zen tabernan, hasierako isiltasun hura barre algara ozenez trukatu zen. Mahai inguruetan ez zen falta izan emakumearenganako mesprezurik.

—Zer galdu zaiok honi Landa-Nerrin, gizonak ihes egin izango zion!

—Agian marinel lirain baten bila etorri duk, galdetu egin beharko zioat.

Halaxe iraun zuten beste hamar minututan; askok aspaldi emakumerik ikusi ez eta esaldi higuingarriren bat bota ere bai. Azkenean, marineletako batek honela esan zien bere lagunei:

—Adarra jo behar zioagu!, beldurtu egingo diagu Jainkotarren istorioak medio.

Jaiki zen marinela eta —lagunok!— oihukatu zuen. Neskak bien bitartean, ardo botila eskuan, zurrutadak ematen jarraitu zuen.

—Gaur Lopeteko irlan izan nauk marrazoak zebiltzala entzun eta hauek ehizatzeko intentzioz. Han izan nauk bai, eta berebiziko borroka egin izanagatik ere, etxean diat mila kiloko marrazoa. Kostatu zaidak txalupa ur gainean mantentzea, haren zalaparta eta haren mehatxu begirada. Tinko eutsi zioat ordea, badakizue, ni ez naik inork beldurtzen, ez bada Jainkoen haserreren batek, ni marinela nauk horregatik!. Baina itzuleran ekialdetik euri erauntsi batek astindu naik, bat-batean agertu duk.

Neskaren aurrean pausatu zen, eta honi begira jarraitu zuen:

—Gaur arte, guztiok izan diagu hauen berri, eta batek baino gehiagok ez dik sinestu, baina nire hitza entzun ezazue, nik ikusi ditiat, beraiek zituan, Jainkotarrak. Txaluparen aurrean agertu zaizkidak. Ontziarekin alderatuz gero, nire txalupa ardo botila bat zuan Whisky botila baten ondoan ćneskari egin zion erreferentziać. Beltza dun ontzia eta 100 bat marinelek osatzen diten. Ongi horniturik zauden armaz eta lapurtutako urreak dirdira egiten din, brankako leihatiletatik. Lehenbiziko aldiz beldurtu naun, ni ez naun edozerekin beldurtzen den horietakoa, baina ezin izan naun mugitu ere egin. Segituan ahots sendo batek oihu egin eta pirata guztiak apartatu ditun. Han agertu dun, kapitaina zunan; bitxiz estalia zeraman lepoa eta urrezko ezpata erakutsi zidan. Piratek euren armak atera eta zarata ateratzen hasi ditun; soinu hark hanketatik bururainoko dardara sortu zidan.

Taberna guztia marinel honen hitzei so zegoen, ez zen marinelaren hitza besterik entzuten. Ema-kumeak, hala ere, ardo botilari zurrupadak ematen jarraitzen zuen.

—Kapitainak esku altxatu eta ontzia, etorritako lekutik desagertu dun. Marrazoa ikusi eta edozertarako prest dagoen marinela naizela pentsatuko zinaten, baita eurei aurre egiteko ere. Baina zinez esaten dizuet —itzuli zen berriro gizonengana— lagunok, gaur aurpegia ikusi zieat ontzi beldurgarri hartako marinelei eta ez ditek begirik.

Guztiak isilik geratu ziren. Marinelak whiskyari zurrutada bat eman eta bere lekua hartu zuen berriro. Beldurrak batzuen gorputzean hartu zuen ostatu. Isilune hark bat baino gehiagori botalarria eragin zion. Baina guztien harridurarako, emakumea algara batean hasi zen. Ardo botilari azken zurrutada eman eta honela mintzo zitzaien:

—Gizajook entzun!. Agure honen harroputz aldia igaro ondoren, nik kontatuko dizuet Jainkotarren benetako istorioa.

Guztien harridurarako emakume arrotzak istorioei buruz zerbait bazekien.

—Jainkotarrak ontzia, duela bi mende existitu zuan. Kapitain bat zitean bai, oso buru-argia berau, baina bihotz onekoa. Lapurretak egiten zitiztean baina aurretik lapurtuak izan zituan altxorrak, berriro euren jabeei itzultzeko borondatearekin. Itsasoko zaindariak zituan, horregatik Jainkotarrak izena. Biharko egun batez baina, zeruko Jainkoek froga bat jarri zietean piratei; ontzia zulatu zietean. 42 lagunek osatzen zitean ontzia, buruzagi azkarra barne eta ez 100 hik esan duan moduan. Txalupa txikia zuan irtenbidea, ez baziaten nahi ontziarekin batera ondoratu, baina arazo bat zitean; 40 lagun sar zitezkean. Buruzagiak zotz egitea erabaki zian, bihotz onekoa izanik, karguari muzin egin eta parte hartu zian berak ere. Bi marinel soberan zeudean beraz. Halaxe hasi zuan zozketa. Lehenbizi bere etorkizuna erabakitzeko, guztien artean bost galdera egiteko eskatu ziean buruzagiak ma-rinelei. Bostak asmatuz gero txalupan izango zuan. Bat huts eginez gero, bertan hilko. Marinelek intentzio txarrez eginiko bost galderak erreskadan asmatu zitian. Ondoren, binaka jarri zitian guztiak eta berak egingo ziean galdera bikote bakoitzari; asmatzen ziana txalupara joango zuan. Lehenengo galdera bota ziean bi marinelei. Segituan erantzun zitean biek baina batek bakarrik asmatu zian. Marinel honen bihotzak ezin izan zioan pozaren pozari eutsi, hil zuan gizajoa. Horrela amaitu zitean errolda eta bakar bat geratu zuan ontzian. Beste guztiak sartu zituan txalupan eta abiatu ur gezietan barna. Ontzian geratu zuan marinelak baina, ez zian onartu etorkizuna eta atzetik joan zitzaiean. Txalupa hartan baina, ez zuan beste inorentzako lekurik, igo ezkero irauliko zuan. Kapitainak orduan erabaki sendo bat hartu zian: bere lekua emango zioan marinelari, eta halaxe egin zian guztien isiltasunpean.

Abian zuan txalupa beraz, olatu artean, marrazo artean, lainopean baina itsasoaren amaraunetatik irten ezinik beti. Inork ez zekian norantz jo behar zitean eta lurrik ez zuan ageri bazterretan. Kapitaina egon ezean guztiak galduta zituan. Denboraren poderioz hil omen zituan gehienak, beste batzuk marrazoak ikusi bezain laster salto egin omen zitean errealitateaz beste egiteko. Azkena, zotzak, hiltzera kondenatu zian marinela hil omen zuan, gose, egarri eta hotzez. Hiltzen baina bi urte pasatu zitian, Jainkoek patua onartu ez izanagatik bizitzera zigortu zitealako. Oraindik ere txalupa horrek ez omen dik lurrik aurkitu eta bertan ikusi omen zitekek marinelaren arima erreguka, heriotza eskatzen.

Zutitu zen emakumea eta kanporantz abiatu zen. Eguraldia hau jaikitzearekin batera baretu zen ordu betez lurrak busti eta gero. Ate aurrera iritsi zenean, itzulia eman eta marinel zaharrari begira esan zuen:

—Jainkotarren istorioak direla eta, gezurretan ibilitakoa, biharko egunez erreguka hiltzen omen duk.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak