Zuri Bakarrik
Alizia Gomez
|
|
Alicia Gomez
|
|
Gaur ere berandu nabil. Ez dakit nola egiten dudan baina inoiz ez naiz garaiz heltzen. Izan ere, hainbesterekin egiten dut topo eta denekin hitz egin behar. Baina egia esateko azkenaldi honetan ez zait hainbeste axola nire ordurako ez heltzea; iaz bai, irrikitan nengoen argiak bere tokia utzi eta nik hartzeko, aspaldiko kontuak dira baina. Hala ere, inoiz ez diot zitari ezetz esaten, oraindik badaudelako nire besoetan loak hartzen dituenak, oraindik badauzkat hainbat maitale. Hori da benetan zentzua ematen diona nire bizitzari, jakitea hondoratzen ez direnak gelditzen direla, hondoratzen ari den mundu honetan. Beraiengatik ez balitz ez nintzateke azalduko, ezta nire laguna ere. Biok oporrak hartuko genituzke eta bizkarra eman aspaldian bizkarra ematen ari zaigun munduari, argiak itzali, izarrak batu eta hemengo dimentsioan galduko ginateke.
Gaur gainera, oso haserre nago, inoiz baino gehiago. Gaur negar asko entzun dut, ume baten negarra, gudak bere aurrean aita kendu diolako, zarata itzela ere entzun dut, bonbak sorrarazten duen zarata. Barkatuko didazu, baina ezin izan diot negarrari eutsi; horregatik heldu zara blai eginda etxera. Azkenaldi honetan oso zaila egiten zait nire begiak kontrolatzea, eta eguzkia ere hor dabil ezinean. Badakit lehorte eta uholde asko daudela aspaldi honetan, baina alde batetik ez naiz damutzen; ez dute merezi ni damutzerik. Gero gainera, gora begiratzen dute ni aurkitu nahian, baina jadanik ez naute aurkitzen, hodeiei esaten diet ni estaltzeko.
Bai, ez aztoratu, burutik pasatzen ari zaizuna egia da eta! Zu zara gutxien artean nire beharra duzuna; zu eta beste bi, bi poeta.
Zer? Txikiago nagoela aspaldian? Bai, arrazoi duzu, begi traidore asko begira ari zaizkit gaur, eta gorputza galtzen noa. Baina lasai, zuk begiratzen nauzun bitartean ez naiz desagertuko zuretzako, ezta dir-dir egiten utzi ere. Zin egiten dizut, zuri bakarrik.
|