Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  Literatuzta »  1. zenbakia »  Bide hauetan barrena

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Bide hauetan barrena

Ion Pozo

 

Ireki hitzak begiak eta saia hadi enfokatzen”, zioat neure buruari edo. Zerbaitek xuxurlatu zidak, “honek merezi dik”. Eta bai, egin egin diat. Tabernazulo honetako itzal, kea eta kulturadun animalien arteko zirrikitu ugarietatik filtratutako argi izpi batek erakutsi zidak bidea. Eta hasieratik banekian ez huela argi izpi hori axola zitzaidana, honi meriturik kentzeko asmorik gabe, honek marrazten zian bidearen bukaeran ikusi ahal niana baizik, enfoke ahaleginaren ondorioa. Ez nauk ni bideak jarraitu zale altxorrik usaintzen ez badiat hauen amaieran. Begiek korrikako grina bizia ziaten.

Begien ondotik, burua heldu zaidak, apur bat beranduago, egoera hauetan ohikoa duan legez. Berehala, ordura arte susmo huena egia bilakatu duala konturatzen lagundu zidak. Gogo bat sortu zaidak barruan, bai, ez galdetu niri zer motatakoa, hori ez baituk inork azaltzen jakiteko modukoa, eta ez nauk ni ezinezkoak gauzatu nahian hasiko. Badakik hala ere, heure erara, esaten ari nauana nondik doan. Badakik, baita ere, bide hauetan barrena behin abiatuz gero ez dela atzera bueltarik. Gauza batek bestea zekarrek, eta beti bazekiagula esan arren, oraintxe bezala, gertatutako bakoitzean liluratzen gaituk, gogo azalgaitz hori ez bai eta ez ez heltzen zaigunean, katearen bukaeran. Kulturadun animaliak besterik ez, geu ere, haizak.

Momentuan alferrik diadan guztia niregandik baztertzera behartu naik jada bere sare xinple baina konplexuetan harrapatu nauen horrek. Hemen aurretik ikasitako orok ez dik piperrik balio. Ez nauk jarduteagatik ari, iritzira edozer boteaz, apain geratzen dualako. Benetan dituk sare xinple eta konplexuak, edota konplexu eta xinpleak, nahiago baduk. Mila aldiz gertatu zaidak gauza berbera, eta oraindik ez zekiat (eta uste diat sekula ez diadala jakingo, behin eta berriro galdetu arren neure buruari) nola funtzionatzen duten. Bestalde, baina, erraztasun txundigarri batekin eragiten ditek niregan, gauzarik logikoena bailitzan, matematikoki ia. Ezjakintasunean zoriontsu nauk, beste asko bezala, haizak.

Berak ez zian errurik, hantxe egotea besterik, aurpegitxoa nahi gabe nik aukeratutako argi izpiaren bidean gurutzaturik. Oztopo atsegina, inondik ere. Hain ilargi txikiak, taberna bat izan daiteekeen unibertso zabalean, hainbeste itsutu zezakenik ere begira zegokena… Biluzik sentiarazten naik, eta bera ere hala zagok niretzat, ezer izkutatu nahiko ez bazidakek bezala, niretzat sekreturik gorde nahi ez balu bezala. Eta okerrena duk hau guztia aurpegitxo polit hori ikusita bakarrik sortu zaidakala barnean, areago, aurpegi zatitxo bat besterik ez, beste guztia itzaletan duelako. Izkutatzen dena ere, beti duk hain misteriotsu eta erakargarri, ordea. Bitartean, hemen nagok ni, ezkerreko eskua patrikan, bestea botila ia hutsari alde egiten utzi gabe, pelikula bat aurrez ikusia duen ikusle bat bezala, ideia orokorra nahikoa garbi, baina hala ere begirada bakoitzean xehetasun berriak atereaz. Behin ere ez duk amaitzen. Hor zagok bizitzaren xarma, haizak.

Eta betikoa, denbora aurrera zoak, eta hi beste inora begiratu ezinik habil, ez duk irudi hori heure burutik galtzerik nahi eta. Orduan, hi heu, oso-osorik hipotesi bat bihurtzeraino harama biluzte gogo horrek; “maitatuko nikek”, duk hire izatearen erdia oraintxe bertan, baina “utziko balit” duk bestea. Ez duk egoera erraza. Marrazki bizidunetako kontzientziaren irudikapenaren modukoa duk, aingerua eta deabrua sorbalda banatan agertzen zaizkianean bezala. Noski, deabruak pisu handiagoa hartzen dik ordea, “utziko balit” zatiak, nire kasu pertsonalean, honelako uneetan, eta hori hik ere badakik. Oraindik gehiago aurpegitxo hortako begiek enfokaturik dauden hireekin inoiz koinziditzen baditek, eta egia esan ez duk hain zaila, hainbeste denbora leku bakarrera begira daramaanean. Emozioa eta berehalako lotsa, hala ere, ez dizkik inortxok ere kentzen. Horixe bihurtzen duk hi une hauetan haizen hipotesi horretan garaile suertatu duan erdia. Berehalako lotsa, besterik ez, agian, zerbait hobeagorako aukera behar lukenean. Hau, katean, begien desbideratze bihurtzen duk, buruarekin batera, alboan dituan koadrilakoengana hauek zuzenduz, gogoak oraindik lehengo lekura begira jarraitzen dian arren. Galdu duk borroka. Botila hustua duala konturatu haiz, eta orduan, herorrek esan diek gainera besteei, beti alboan dituan horiei; “goazemak beste batera, hemengoa amaitu duk”. Denek edariagatik ari haizela uste ditek. Hik hurrengo tabernan, beharbada, ezberdina izango den esperantza duk oraindik, baina barren-barrenean, badakik ezetz. Beti berdina duk. Ez duk ezer aldatuko. Botila berriz ere beteko ditek, eta edan egingo duk, ziurrenik ere, baina bestetik, egarriak ibili beharrean hago. Beste asko bezala, haizak.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak