Europan zehar
Josu Salegi
|
|
Josu Salegi
|
|
2002ko uztailaren 13an, goizean abiatu nintzen etxeko atetik bizikletan.
Bidaiaren lehen asmoa Pirinioetara barneratzea zen arren, nire barruko ametsa eta gogoa Europa ekialdea jarrita zegoen.
Lehenengo etapa izan zen zailena, hortik aurrera gero eta erosoago sentitu nintzen eta gogo biziz ekin nion eta eragin nien pedalei.
Orhi ondoko Larraineko portua gaindituz zeharkatu nituen Pirinioak eta Iparraldera nahiz Frantzia aldera sartu.
Lourdes-Montrejeau-Garona ibaia eta eskuinalderago Foix-Mirepoix eta Carcassomme (herri mendebalak) pasatu eta Narbonneko hondartzan ikusi nituen lehen aldiz Mediterraneoaren urak.
Kostako turismo jasanezina laga eta pixka bat gorago jo nuen eta pasatu nituen Avignon zoragarria, Apt eta Focalquier. Alpe maritimoetako aldapa latzak pasatu ostean Italiara iritsi nintzen nire bizitzan estreinakoz. Eguraldi beroa zen, kostatik joateko aproposa, tarteka bainu batzuk hartzeko eta, bezaz kosta ondoko errepideei jarraituz egiten nuen aurrera, Ventimiglia, San Remo-Imperia-Savona-Genova-La Spezia eta Pissaraino iritsi nintzen horrela.
Egunez eguneko helburuak jartzen saiatzen nintzen arren, aurrera begira erabakia hartua nuen, kroaziara eta Greziara joatea.
Florentzia eta Venezia pasatu ostean Triestera iritsi nintzen, ondoren Eslovenian 30 kilometro inguru egin eta sartu nintzen Kroazian. Kroazia niretzat kostaldea izan zen, Adriatikoa, ur gardena, eguzkiaren distira, irlak...
Rijekatik hasi eta Dubrovnikeraino (610 kilometro inguru) itsaso ondoan ibili nintzen ia beti. Tartean pasatu nituen Ladar, Sibenik eta Split, baita olibondoz, mahastiz eta tomiloz betetako Uvar irla ere.
Grezian aldapa latzak igaro behar izan nituen, Ingumenitsatik Meteorara iristeko. Meteoratik Larissa eta Tessalonikara gozoago ibili nintzen, lautadetan barrena. Tessalonikatik aurreraxeago eta goraxeago jarraitu eta Bulgariako ateetan nengoen jada, 71. Egunean, 2002ko urriaren 21ean sartu nintzen Bulgarian. Erabat arrotz sentitzen nintzen hizkuntzarekin, inguruko jendearekin berriz ez, jende txiroa eta xumea ezagutu nuen baina adeitsua oso, eskuzabala.
Rilako monasterioan izan nintzen, Naroden parkean, Bulgariako erraldoietatik gertu (Musala 2.925 metro) Plordir, Montana, Lom eta Danubio ibaia, oparoa, zabala, luzea eta egundoko poza.
Ibaia zeharkatzea kostatu zitzaidan, kostatu zitzaidan Bulgaria eta Errumaniaren arteko muga hura gainditzea, baina iritsi nintzen Errumaniara. Erabakia nuen hortik aurrerakoa trenez egitea eta halaxe ibili nintzen. Bizikleta Brasonen ezagutu nuen ume bati eman nion —biziko al da oraindik!— eta bizkarrean hartu nituen trasteak.Errumanian 9 egun egin nituen; Bukarest, Brasov, Simaia eta Branen, azken hauek Trantsilvania inguruetan.
.96. egunean Budapesten nengoen, Hungariako hiriburu zoragarrian. 6 egun igaro nituen bertan, 6 egun paregabeak. Bidaiarien hostal batean hartu nuen ostatu eta jende desberdin asko ezagutu nuen (kanadiarrak, australiarrak, alemaniar, holandar eta korearren bat ere bai). Danubio ondoan pasieran ibili, bainu turkoetan erlaxatu, opera entzun (Europako onenetakoa omen da) eta konpainia onaz gozatu nuen.
Hortik etxerakoak berehala egin nituen, nahikoa zela iruditu zitzaidan, guztia asimilatu nahi nuen. Paris 4 egunetan bisitatu eta 106. egunean iritsi nintzen etxera. Horixe zen amaiera. Zein urrun ikusten nituen uztailaren 13ko lehen kilometroak eta urduritasunak eta zein desberdin ikusten nuen neure burua ere.
|