|
|
|
INDIA
: Elias Badiola azkoitiarrak 16 hilabete inguru egin zituen
INDIA, ETA BERTAKO ESPERIENTZIAK
Elias Badiola
16 hilabete inguru igaro nituen han eta bi zatitan banatu nuen nire egonaldia.
Lehenengo sei hilabete egon nintzen lekuak Ankleshuar zuen izena, kostan zegoen eta herri txiki industrial bat zen. Hor jesuitek eskola profesional bat zeukaten irekita eta nik, lan teknikoa eta eskulana egiten nuen inglesez bakarrik jakin eta herri xehearekin hitzegin ezin nuelako.
Tailer txiki bat zeukaten, kaldereria bat, eta jesuiten eritetxe, eskola eta etxeetan zeuden beharrak ikusi ondoren, diseinu batzuk egin, gauza batzuk pentsatu eta behar zituzten gauzak egiten genituen. Horiek egiteko, prestatzeko, jartzeko... eskolako ikasle eta langileak erabiltzen genituen, beraiek, hori eginez, ikasteko aukera zutelako. Kasu hauetan hizkuntza ez zen arazo izaten.
Eskola profesional hau jesuitena zen, badira Estatuarenak ere, baina hauetara hinduak eta kasta altuko jendea bakarrik joaten da. Jesuiten honetara, berriz, txiroak joaten dira.
Bigarren zatian, barnekaldeko misio batean egon nintzen 9 hilabetez. Barnekaldean daudenak Adibasi-ak dira, kasta sistematik kanpo daude, ez dira hinduak, hango nekazari xehe-xeheak baizik. Hauentzako ez dago erraztasunik eta jesuitek eskola bat daukate hezitzeko eta lanerako modua izan dezaten. Misio honetan, 500-700 ikasle inguru joaten diren eskola horrez gain, dispensarioa, enfermeria, tailerra... zeuden. Bazituzten jesuitek hango nekazariekin egin nahiko hainbat proiektu : bufaloena, etxegintza, beste dinpensarioen eraikuntza, lurrak ureztatzeko bonba elektrogenoak jartzea ... Gu proiektu hauetan ibili ginen lanean.
IHESI/ BILA?
Ez nintzen ihesi joan, 18-19 urte nituenetik nuen gogoa zen. Hirugarren munduko herrialde batera joan nahi nuen. Asiak erakarri egiten ninduen, Hegoamerikak latino ikutua duelako, dezente ezagutzen dugulako, hurbilagokoa delako eta erlijiotasun filosofikoaren aldetik ekialdeak erakartzen ninduelako, Indiak batez ere. Tagore, Gandhi, testu budistak ... irakurri izan ditut eta lurralde hartara joatea erabaki nuen. Ez da erraza joatea, hizkuntza arazoa dago. Ez da haruntz joateko jo daitekeen ate askorik. Baina bada mundu guztira eramaten zaituen ate bat : jesuitak.
Hor lagunak nituenez gero, horien bidez zuzendu nintzen. Loiolako probintziako jendea Gujerat-era joaten da batez ere, baita Maharashtra-ra ere, eta hara joan nintzen ni ere.
Lanpostua eta nituen erosotasunak denbora batez uztea erabaki nuen. Garbi nuen, distantzia handia delako, hilabete batzuk ez zirela ezer, baina 10 bat urte igarotzeko asmorik ere ez nuen. Ez nuen pentsatzen neure bizimodua han zegoenik, urte t’erdi edo bi urteko epea izango zela banekien, baina nire bizitzaren zentzua han topatzen banuen han jarraitzekotan nengoen.
Hemendik gazteluak eginda joaten bazara, han desegin egiten dira, zabal joan behar duzu ikasteko, denera moldatzeko.
Nire motibazioa ez zen ebanjeliatzea edota zerbait erakustea, baizik eta beraiekin bizi, lana egin, ikasi...
Ez dut uste zuzena denik haiek gaizki gu ondo gaudelako daudela pentsatzea. Kulpa zentzuarekin ere ez nintzen joan. Nik eraman nituen planteamenduek ez dizute bizitza osoa dedikatzeko ematen. Nahiko garbi nuen Euskal Herrian biziko nintzela baina zabalik joan nintzen.
ERREJIMEN POLITIKOA
Munduko demokraziarik handiena da. Duela pare bat gizaldi arte kastak, mongolak, erreinu desberdinak... zeuden. Ingelesak etorri ziren eta 1949 ingururarte ingelesen kolonia izan zen. Demokraziarako bidean Gandhi klabea izan da, beren herrialdearen aitatzat daukate.
Demokrazia bezala funtzionatzen du. Berlingo harresia erori zen arte Errusiarekin alineatuta egon da, nahiz eta beren Gobernua komunista ez izan. Antiokzidentalismoa eta antiamerikanismoa egon da. Honek izan du eraginik berengan. Adibidez, komertzio mailan nahiko itxia zen. Ez zegoen nazioarteko komertzio handirik. Instalazio asko Errusiak eginak ziren, mineria bertan, galtzairua bertan, trenak bertan eginak. Bertakoa bertarako eta kanpotik ezer gutxi. Horrek funtzionarismoa ekarri du.
Duela 4-5 urte liberalismo prozesua hasi zen. Orain «kriston leherketa» dago: kanpoko enpresekin harremanak, komertzio handia, mendebaldeko produktuei beraien merkatua zebaltzea eta alderantziz.
Sistema politiko bezala, demokrazia da nagusi. Kongresuko partiduak dominatu izan du beti oraintxe arte.
ERLIJIOA ETA KASTAK
% 70a hindua da, %14a musulmana, % 3a kristauak eta budistak, parsiak, eta beste erlijio txiki batzuk. Batipat hindu eta musulmanen arteko dikotomia dago.
Kolonizazio garaian India gaur egungo Pakistan eta Bangladesh-ek ere osatzen zen. Bi Estatutan zatitu zen: Pakistan musulmanena eta India hinduena. Historiako giza-lekualdatzerik handiena gertatu zen: Pakistaneko hindu denak Indiara eta Indiako musulmanak Pakistanera. Hor gorrotoa dago.
Musulmanak gutxiengoa dira, %13a, baina hazten hasi dira. Politika mailan ere India eta Pakistanen artean gorrotoa dago. Mugen arteko liskarrak daude oraindik. India ahaltsua da, Pakistan ez horrenbeste, baina politika mailan tentsio handia dago.
Kristautasuna kopuruan txikia izanik ere, % 3a, eragina badu; hezkuntzan indar handia du eta giza-mugimendu mailan ere bai: emakumeen aldeko lanetan, des-kastatuen aldeko lanetan... % 3 honi dagokion baino handiagoko protagonismoa dauka.
Kasta kontua hinduismoarena da batipat. Antzinan, gizarte feudala zegoenean, lau kasta sortu ziren: brahmak edo buruzagi espiritualak, apaizak; gerlariak; komertzianteak eta langile xeheak. Hor hasi zen nolabait. Hau baino lehenagoko banaketa, langile eta nagusien artekoa zen. Hori azalaren kolorearekin hasten zen : argiagokoak, kasta altuagokoak eta ilunagokoak, kasta bajuagokoak. «Kasta» hitzak sanskritoz kolorea esan nahi du.
Hinduismoaren barruan ehundaka erlijio txiki daude eta kasta bezala hartzen dute beren burua, lurren jabeak beste kasta bat, industrien jabeak beste bat...
Eguneroko bizitzan eragin handia du : «hi kasta horretakoa haiz, ni kasta honetakoa nauk/n». Ni kasta altukoa banaiz eta zu ez, nirekin ezin zara ezkondu ni zure kastara eroriko nintzatekelako.
Honek nolatan irauten duen ikusteko/ulertzeko hinduismora jo beharra dago. Reenkarnazioan sinesten dutela esan beharra dago lehenik; Jainkoak bakoitzarentzako kasta bat aukeratu du, zure bizitzan ona izan bazara eta, Jainkoak zuretzako nahi izan duena egin baduzu, hurrengo bizitzan kastaz igo egingo zara. Zure bizitza ziklo horretan sartuko da Nirvana-ra, betiko bizitzara, iritsi arte. Baina zuri kasta bajua tokatu bazaizu eta errebelatzen baldin bazara, Jainkoak zuretzako aukeratu duenaren aurka zoaz eta hurrengo bizitzan kasta bajuko jaioko zara, edo animali. Horrekin jendearen gogoa eta borondatea lotu egiten dira.
Kanpoko batentzat nahiz eta kasten inguruko gauzak errazak ez izan, eguneroko bizitzan esplikazio hori du kasten gaiak.
Izugarrizko injustizia da. Zuk kasta batekoa izan, etxetik aldegin eta beste Estatu batera joanda ere ez duzu beste kasta batean sartu eta hasteko aukerarik, kasta bakoitzak bere izenak baititu eta zure izena zure dokumentuetan egoten denez... Gainera buruan sartzen dute, gurasoek hori sartzen dizute.
Hau jende xehe eta ezjakinen kontua dela pentsa daiteke, baina ez da hala. Denena da.
Ezkontza mailan hori asko nabaritzen, ikusten da.
Gaur egun, hiri handietan industria sartzen ari da eta, adibidez, IBM joaten bada, hari ez zaio axolako. Hori gertatzen ari da, nahasten ari da. Tira-birak daude beraien artean.
Kasta bajukoak nekez joaten dira unibertsitatera. Misiolariak, esate baterako, lan hori egiten ari dira, jendea prestatzen.
Teorikoki kasta asuntoa ez dago inon. Indiako Konstituzioa aurka dago, denak berdinak direla esaten du. Horren arabera, bekak emateko garaian ezin dira ukatu, baina oso zaila da. Eskolak ordaindu egin behar dira, eta kasta bajukoek dirurik ez dutenez, ezin dira joan. Jesuitak kastak nahasten saiatzen dira eskoletan, baina ez dute beti lortzen kasta altuetakoek presioko elementuak baitituzte eta korrupzio maila altua baitago.
EZKONTZAK
Neskak herri handietan 18-19-20 urterekin ezkontzen dira, bestela 14-15ekin, eta mutilaren sendira joaten da bizitzera. Neskaren sendiak mutilari dote bat ordaindu behar dio. Kasta baju antzekoak badira, gurasoen artean hitzegin eta tratu bat egiten dute. Gurasoen ilusiorik handiena alaba ezkontzea izaten da, eta urte askotan jarduten dira aurrezten horretarako.
Alaba ondo ezkontzea nahi izaten dutenez, beraiek baino maila
altuagoko sendi batengana joaten dira. Sendi horrek eskatzen duen dotea agian neskaren aitaren 10 urteko soldataren parekoa izaten da. Dotea dela eta, familiak lotuta gelditzen dira eta horrek familiaren bizitza baldintzatzen du.
Han alaba izatea aldamenekoaren lorategia ureztatzea dela esaten dute. Alaba ez baita zuretzat izaten baina bai semea, hau etxean gelditzen da eta seme zaharrena da zahartzen zarenean zainduko zaituena. Horrek tratu aldetik ere aldea dakar, neskatoa mutikoa baino okerrago tratatzen da.
Nahiz eta kasta kontua batez ere hinduena dela esan dugun, beste erlijioetan ere, musulmanean, kristauan... sartuta dago. Musulmanen artean badu pisua eta kristauen artean ere bai. Adibidez, Indiako hegoan, kanposantuan bi zati daude, kasta altukoena bat eta bajukoena bestea.
EMAKUMEA
Bera da nekazari munduan nekazal lana, umeak... eramaten dituena. Normalean ez du botorik eta hitzik familiako erabakietan, gizonezkoak du hori. Oso sumisoak dira.
Ezkontzak ere ez dira maitasunezkoak izaten, gurasoen artean antolatuak baizik. Beraiek txikitatik burua egina dute: gurasoek nahi dutenarekin ezkonduko dira, gero mutilarengana egokitu beharko dira, sakrifikatu eta adaptatu. Prest egon behar du edozer jasateko, lana egin... Hau da planteamendu orokorra.
Hemendik begiratuta dramatikoa ematen du, bertan ez da horrenbestekoa. Emakumeak, batipat nekazari artean, duintasun handikoak daude, gizonezkoak errespetu handia die eta bilerak gizonezkoen artean egin arren, karga handia ikusten da emakumearen aldetik.
Ume kopuruari dagokionez, hinduen artean asko kontrolatzen ari da, baina normalean datozenak hartzen dira. Gobernuaren aldetik bultzatzen ari dira famili planifikazioa eta hinduen artean hori kontrolatzen ari dira, hirietan batipat, eta 3-4 ume izaten dituzte, mutilak batez ere. Baina musulmanek ez dute hori nahi izaten eta 10 bat ume izaten dituzte. Horregatik, populazioaren % 13a musulmana dela aipatu badugu lehen, eta % 70a hindua, orain pixka bat aldatzen ari da.
Batez ere semeak izatendituzte. Indian abortoa legala da eta abortatzeko hango dispensario denetan dago fetoaren osasuna aztertzeko tresnaren bat. Aitzakia horrekin joan eta umekiaren sexua jakiten dute. Alaba izatea aldamenekoaren lorategia ureztatzea denez, abortatu egiten dute. Maharashtrako Estatuan 96an egindako abortoen % 99’6 neskak ziren, eta India osorako balio dezake datu honek.
JENDE MOTA, BEREN IZAKERA
Hemengo gizarteak, mendebaldekoak, hangoak baino homogeneoagoak dira.
Ni Adibasien gizartean bizi izan naiz. Hauek nekazari zaharrak dira, lurra landu izan dutenak. Oso demokratikoak dira, kontzentsuz egiten dute lana, denek onartzen duten buruzagi bat dago herrian. Baina aborigentasun hau galtzen ari dira, mundua gero eta txikiagoa da, han ere bai, errepideak leku denetara iristen dira, bizikletak, liburuak sartzen ari dira, irrati eta telabistak ere bai...
Hori dela eta, beren kultura eta nolabaiteko birjintasuna galtzen ari dira. Adibasiak hirietara joan eta hango diru-gosea ikusten dutenean, kontsumismoa, aldamenekoa zapaltzea... izugarrizko txokea jasaten dute. Ez dute hirietara itzuli nahi izaten, hirietakoak beren anaiei kalte egiten dietela esaten dute.
Lehen nekazari hauen familietan 8 jaiotzen ziren; hiru umetan hiltzen ziren, beste hiru neskak izaten ziren eta alde egiten zuten, eta bi gizonezkoen artean zatitzen ziren lurrak. Gaur lau jaiotzen dira, ez da batere hiltzen eta hiruren artean banatzen dute lurra. Lurrak txikiagotzen ari dira eta leku askotan dagoeneko ez dago banatzeko lurrik. Horregatik, eta telebista eta irratien eraginez, inmigrazioa dago. Bonbai-k 13 milioi biztanle ditu, eta 7 milioi kalean bizi dira. Inmigrante hauek beren herrietara itzultzea zaila da... defendatzeko gaiztotu egiten dira... arazoa handia da.
Eguraldiari dagokionez, Gujeraten 9 hilabete inguruan ez du euririk egiten eta hirutan monzoia izaten da. Monzoi garai horretan uzta bat izaten dute, ondoren negua etortzen da eta agian hor beste uzta bat lortzen dute, baina 5-7 hilabetean lurra landu gabe daukate. Familiek jana behar dutenez, jendea irten egiten da industria dagoen lekuetara. Industria hazten ari da, peoiak behar dituzte eta hauek langile merkeak dira oso. Honek desarraigoa sortzen du . Familiako buruak hiru hilabeterako bere herritik aldegiten badu, famili-bizitza hoztu egiten da, gizonezko hori beste emakume batzuekin hasten da, familiak puskatu egiten dira.…
Baina inmigraziorik garrantzitsuena bestea da: lurrengatik eta telebistaren eraginagatik sortua.
USTELKERIA
Duela 45 urte arte kolonialismo ingelesa izan zen. Ingelesek beren gizarte sistema zuten, langile indiarrak zituzten, funtzionariak. Demokrazian, nolabaiteko eskema sozialista baten azpian zeudenez, ekonomia aldetik herrialde itxia zenez, funtzionari mentalitatea sortu zen langile askorengan.
Orain, azkenengo urteetan, liberalizatzen hasi denean, kontsumismoa sartzen ari da pixkanaka. Lanpostuak badituzte, baina soldata txikiak, tentazio handiak. Horregatik korrupioa ikaragarri hazten ari da. Hau zigortzeko eta erregulatzeko sistema juridikorik ez dagoenez, aguantatu beste erremediorik ez duzu.
Jesuitak lan handia egiten ari dira, kasta bajuenetakoek eta aborigenek inongo defentsarik ez dutelako honen aurrean. Gabineteak horrelakoak defendatzen ari dira eta mehatxatuta daude boteretsuen interesen aurkakoak direlako.
HIESA
Bonbain 50.000 prostituta daude. Gehienak neskatoak dira. Askok beren alabak saldu egiten dituzte. Nepaleko neskek prestigio handia dutenez, haur denentzako janik ez badute, alaba zaharrena saldu egiten dute.
HIESa populazioan izugarri zabaltzen ari da, kontrolik ez dago, neskatoak mafiosoen esku daude, eta hauei dirua bakarrik axola zaie.
Bonbain oso proeiktu interesgarria ari ziren egiten neskato hauek kaletik ateratzeko. Prostituziotik drogara pasatzen dira eta zeharo galduta daude. Ez dute galtzeko ezer, dirurik ez dute, jana zabor artean aurkitzen jarduten dira... Etxe hauetan jana eskaintzen zaie, kaletik irteteko aukera eman eta hango monjen eskoletan sartzen dituzte, hezi eta begiak zabaltzen dizkiete. Nora joanik ez dutenak elkarrekin ezkondu eta bizimoduan martxan jartzen dituzte.
IZPIRITUALTASUNA, ERLIJIOTASUNA
Brahman-ak, hango apaizak, asko «gaiztoak» dira. Kasta dela eta, dominatu egiten zaituzte errenkarnazioaren ideia erabiliaz.
Lider izpiritual handiak badaude, baina hori ez da eguneroko bizitzan ikusten. Gizarte normal bat da. Momentuko gizartean batetik, kasta sistema eta ezkontzeko alabari eman beharreko dotea daude, eta bestetik, kontsumismoa eta galtzen ari den anaikidetasuna.
Hango jendearen erlijiotasuna izugarria da, sinestun ez izatea ez dute ulertzen. Oso zabalak dira eta berdin zaie musulmana, kristaua... izan. Denek sinesten dute eta eguneroko bizitzan Jaungoikoa nabaritu egiten da. Baina izpiritualtasuna eta erlijiotasuna galtzen ari da: lehen brujo-sendagileak zeuden, orain medikuak sartzen ari dira; lehen brahmanak zeuden, orain hindu, musulman eta kristauak daude; lehen lider naturalak ziren, kontzentsuz aukeratutako lider sozialak zeuden, orain partidu politikoetako alkateak.
Transizio politikoan eta, komunismoa erori den arteko gizarte sistema sozialista horretan, propaganda anti-okzidentalista, anti-amerikanoa zabaldu da. Mendebaldeko baloreak ez dira gustoko nahiz eta beraiek kontsumismoan erortzen ari. Kontsumismoa, arduragabekeria, materialismoa dituzte gure gizarteko jaun eta jabetzat, izpiritualitaterik gabeak garela uste dute. Irudi hori dago propaganda sozialistak eragin duelako, nire ustez. Han adibidez, ez da kirolik egiten ez baitago denbora librerik eta hemengo hau guztia txartzat ikusten da.
BALOREAK?
Balore tradizionalak han daudela uste dut. Indiak 200 milioi biztanle ditu erosteko gaitasun nahiko handia dutenak, hozkailua, telebista, kotxea... eros ditzakete. EEBBetakoa baino merkatu handiagoa da eta Europakoa adinakoa. Hau oso mokadu ona da guztientzat eta multinazionalak hara joaten ari dira.
Gizarteak egungo ekonomiaren martxa hartzeko gaitasuna du eta hemendik 40 bat urtera 200 milioi horiek 700 izatera pasako dira nahiz eta bertako izpiritualitatea, balore tradizionalak... galdu, baina zer jana izango dute orduan eta orain ez daukate.
Balore positiboetan tradizionaltzat dauzkagunak sartuko nituzke: patxada, langileak, jende ona...
Bestetik helduei izaugarrizko begiramena zaie. Esaten dute direnak direla helduei esker, aita batek semeak zaintzen ditu, gero semeek aita zaintzeko. Familiburua aita zaharra da eta honen aurrean semeak ez du alkoholik edango ez zigarrorik erreko. Jende zaharrari begirune handia zaio orokorrean, han ez da esaten zahar batek etorkizunik ez duenik, baizik eta lehenaldia duela, eginda daukate. Zaharrek gizarte eta politika mailan pisu handia dute.
Hango esperientziak nola baldintzatuko ninduen beldur nintzen, adibidez, hemen 5.000 pezeta gasta ditzaket afari batean eta han diru horrekin haur baten urte beteko eskola ordain dezaket. Baina niretzat planteamentu horiek ez dira konparagarriak, ezin dugu horrelakorik pentsatu, jakin behar duguna daukaguna apreziatzen eta zoriontsu izaten da, eta guk daukaguna besteei neurri batean zabaltzen. Hemengo bizimodu kontsumistak blokeatuta utziko ote ninduen beldurra banuen, baina ez. Plano desberdinetan ipintzen ditut. Hemengo planteamenduekin hango galderei erantzutea ezinezkoa da.
|