Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 21,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Ziber-artxiboa: liburuak... »  Aldizkariak »  EGOAI ahaldenkaria »  Xabier Alday

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Alday : Xabier Alday azpeitiar idazlea, Mexikon

Mexikoko nire esperientzia. Hitz gutxi batzu.

Xabier Alday

Xabier Aldai Mexikon egon zen urte erdi inguru, ikasketak harantza eramanik. Baina unibertsitateko ikasketetatik at, bestelako konturik ikasteko paradarik ere arkitu zuen azpeitiarrak. Izan ere Mexikora joateko aukerak, Chiapas, eta Zapataren ondorengo burrukaz bustitzeko obligazioa baitzekarren. Horien berri galdetu genion, ea kontatuko zigun mesedez gure aldizkaritxorako, bazekiela, bera idazlea izaki... Eta borondatetsu erantzun digu ondoren lu-zatzen dizuegun testu oparo honekin. Eskerrik asko, Xabier.

EZLN pintada
EZLN pintada.  Iñigo Aranbarriren 'Zapataren oihana' liburutik hartua 

HITZ GUTXI BATZUK GAZTEARI BURUZ

Gazteak ez du erlijioarekiko jarrera garbirik, ez baldin bada begirunezko agnostizismo bat mundu xelebre hau lau haizeetara betetzen duten are erlijio xelebreekiko. Aldi berean, politikoki postura definituagoa agertzen badu ere, arren gonbidatzen ditu hurrengo lerroak ikuspegi erlijioso edo politiko batetik irakurtzera eseriko direnei, orriak igaro ditzatela besterik gabe. Ez dute ezer galduko, gazteak bere hitza ematen dizue.

Zergatik galdetuko duzue. Ugariak dira, lehen ugariagoak ziren arren, gure artetik lurraren eremu txiroagoetara bertako jendeari laguntza eskaintzera joaten direnak. Beroien artean, erlijiosoak eta gobernuz kanpoko taldeak dira ezagunenak. Gaztearen esperientziak ordea ez du zerikusirik batzuekin zein besteekin. Lehenengoei, espiritualitateari eusteko lehendabizi nahitaezko bizi-baldintzak era duin batean estalita eduki behar direla gogorarazi nahi die, hurrengo bizitzan Jainkoak gogoan izango dituela hain azkar hitzeman gabe. Era berean, espiritualitatea zein giza-duintasuna herrien jatorrizko kultura eta nortasuna gordez ere garatu daitezkeela, nahitaez okzidenteko kultura, bizimodua eta filosofia gainbeheratua ezartzera jo gabe.

Gainera, gaztea hipokrita xamarra litzateke zerbait hartzera baino zerbait ematera joan zela esanen balu, eta hau ez da gazteak inorren aurrean bere burua ongi uzteko premiarik sentitzen duelako. Hipokresia ezin liteke oker epaitu baldin eta inkontzienteki ematen bada, era honetako hipokresiara oso emanak gara, zenbat eta bizimodu aurreratuagoa, orduan eta emanagoak. Hipokresia kontzienteak ordea ez garamatza inora. Gazteak, arrazoi batzuk -brujula bat- behar zituelako egin zion aurre Chiapas-ek egun eta genozidioa gauzatuko den egunera arte, okzidenteari luzatu dion desafioari.

AUTOBUSAK ABERE ANKERRAK DIRA.

Egia da : autobusek ez dute jendea A puntu batetik X distantzia batetara dagoen B puntu batetara garraitzea beste logikarik onartzen. Logika horri jarraiki, 16 ordutako bidaia jarraietara abia litezke, ehundaka kilometro betetzeko. Eta gurpilek, gehiagoren goseaz kilometroak betetzen dihoazen neurrian, bidaiariak sentsazio eta esperientzia ezberdinak bizitzeko aukera izan dezake, Gaztea eta Lagunari gertatu zitzaien moduan. 2.400 metrotako altitudetik itsasoaren mailara jaisterakoan, besteak beste, belarrietan min pausatua sentituko du, harrizko pasaietatik igarotzerakoan. Ondoren, desertua oroitarazten duen landaretza ikusiko du, eta leihoko kristaletik, hotza sentituko du. Geroz eta landaretza sail handiagoak hasiko dira agertzen berehala, eta orduan beroa autobus barruan jasangaitza izateraino iritsiko da. Palmondo hosto zabalak bide bazterretaz jabetuko dira eta Gaztea eta Lagun erdi-lokartuaren betsainak beteko dituzte. Ordura bitartean, ez dute ezer harrigarririk aurkituko, landaretza usua izan ezik. Laister ordea, bide bazterrean oharrik irakurtzera iritsi ez badira ere, muga zehatz bat igaro dutela ohartuko dira. Landaretza ez da hain usua izango bidearen bazterrean, eta zenbait alditan, ozeanoaz bestaldeko Euskal Herria ere gogora ekarriko dute, baina urrutira ikusten diren angelu eta forma inposibleetako muino eta mazelek, zeru oskarbituan ilargiak modu sinesgaitz batean argitzen dituenak, gogor kolpatuko dituzte bidaiari harrituen begiek, artean lo ezinik iratzarrita zeuden apurrak jada helmugara iritsi ostatua hartu arte begiak ez ixtera gonbidatuz. Bien bitartean, bidea are bihurriagoa bihurtuko da, estuagoa, eta tartean, gure inguruko mendibide okerrenen markak ere hautsiko ditu. Ez da ordea Diputazioko kamineroei buruzko maldiziorik entzungo.

Estatu aberatsa da Chiapas. Ez soilik Mexikok ekoizten duen petrolio, elektrizitate eta gas naturalaren bi herenak baino gehiago bertan aurkitzen direlako. Kulturaz ere aberatsa da, eta zer esanik ez paisaia eta klimari dagokionean. Lurraren bi poloetako klima hotza izan ezik, munduan ezagutzen diren beste klima guztiek bere esparru zehatza aurkitzen dute Chiapasen. Orohar ordea, behelainoa erruz sartu eta xirimiria atertu ere egin gabe botatzen duen mendixkak daude, Los Altos deritzotenak eta beste muturrean, oihana dago, Zapataren oihana alegia.

SAN CRISTOBAL DE LAS CASAS. BERLIN.

Herri bat da San Cristobal de las Casas, Euskal Herrian ditugun herri arruntetako baten modukoa. Munduko hiririk ederrena da ordea, bertan pilatzen direlako erantzunik ez duten galdera ugari. Bi modutako atzerritarrak joaten dira San Cristobal de las Casas-era, edo laburbilduz, muduan bi eratako atzerritarrak bizi dira -gizateria aspaldi bilakatu zen kanpoko elementu bat, ezegonkorra eta deusezlea inguratzen duen naturarekiko- : aberatsak eta txiroak. Aberatsak diodanean, gutxienez egunean ehun dolar xahutzen dituztenak diot. Kopurua ziur aski barregarria irudituko zaizue, izan ere, oporretan hain leku exotikora dihoanarentzat, zer izan litezke ba 14.500 pezeta, baldin eta bizitzan behin bakarrik dastatuko baditu esperientzia berri horiek guztiak ? Ideia bat egin dezazuen ordea, peoi arruntaren kategoria profesionalera mugatuz, Mexiko guztian soldata mailarik hoberenetarikoa duen enpresan, Volkswagenen alegia, astelehenetik larunbatera bitartean gutxienez 8 ordu t’erdi lanean sartu behar dira hainbeste diru irabazteko. Leku guztietan bezala, atzerritar hauek ondo hartuak dira. Gero, edukiz gero horrenbeste diru xahutuko luketenak daude. Hauek zalantzazkoak dira. Ondoren, EZLN-ren fenomenoaz gain, kultura indigena gehiengoaren zapalketa sistematikoa eta genozidio kulturala zein bestelakoaren lekukotza jasotzera doazenak dira, turismo iraultzaile deitutakoa. Gazteari egokiagoa deritzo XX. mendearen lekukotza deitu, apur bat kasu bakoitzeko ajenteak eta ingurunea alde batera utziz, azken finean, gertakizunak edo zirkunstantziak berdinak direlako munduko hainbat zokotan ere. Puntu honetara iritsitakoan, gazteak oso urrutitik begiratzen ez hastera gonbidatzen zaituzte.

Goizeko zortziak dira Gaztea eta Laguna autobusetik jaitsi direnean. Geltokiaren inguruan gosaltzeko hainbeste leku zabalik aurkitzeak ez ditu harritu, eta presaka, lehenengoan sartu eta batek birentzako gosariak eskatzen zituen bitartean, bestea komunera joan eta soinean zeramatzan arropen gainetik zerbait gehiago jantzi du. Hotz egiten du. Ez dute lasai gosaltzerik izan. Gortinaiarik gabeko leihoaren paretik, militarrez betetako kamioiak igaro dira. Hurrengo egunean ikusiko dituzten guztietako lehena da, eta ez zaie bereziki deigarriena egin. Kamioi militar bat, kamioi militar guztien modukoa. Kolorea ere antzekoa zen, eta noski militarrez beteta zihoan. Militarrak uniformatuta zihoazen, horrats zergatik Gazteak zin egin dezakeen militarrak zirela. Berehala, haur bat sartu da ostatuan. Panpinak eta oroigarriak saltzen zituen. Panpinak ordea, zapatisten uniformeak zeramatzen soinean, eta neurri guztietakoak zeuden. Eskuz egindako jostailuzko furgonetak ere saltzen zituzten. Izenak ere bazituzten panpinek, eta horrela Markos komandante-ordea, edo Ramona eta telebista kanal ezberdinetako albistegietan ateratzen diren izen ezagunak jatorrizko herrian lehendabiziko aldiz entzun dituzte duela lau hilabete Mexikora bertaratu zirenetik. Inor ez zegoen kafetegian eta horregatik ausartu dira Gaztea eta Laguna panpin batzuk erosten. Kalera atera dira, eta furgonetan, armatuak zeuden gizonak igarotzen ikusi dituzte. Kaleko arropa arruntak zeramatzaten gizonek, gehientsuenak beltzez jazten saiatu arren. Kaleotan inork ez zuen ez-ohizko keinurik egin, eta Gaztea eta Laguna, besterik gabe kalearen barrena abiatu ziren. Hurrengo astea bederen, Aguascalientes zapatista batean igarotzea bideratuko zieten erakunde baten helbidea zeramaten, baina ez ziren edonorri galdetzen ausartzen.

Azkenik, alferrikako itzuli ugarien ondoren, aurkitu dute erakundearen bulegoa. Zaila da Enlace Civil erakundea sailkatzea. FZLN-ren iturrietatik edaten badu, publikoki ere gogor tematuko dira fronte zapatistarekin zerikusirik ez dutela azaltzen. Nabarmena da era berean ez dela hemen ulertzen den moduan gobernuaren kontroletik ihes egiten duen erakundea. Hau da, ez gaitu lotsatuko Gurutze Gorriak Tupac-Amarutarrek Perun Japoniako enbaxada hartu zutenean ejerzitoarekin kolaboratzean lotsatu gintuen moduan. Bere helburua, FZLN-k adierazten dituen beharrak -dela ikastetxeak, ospitalak, maisu edo erizainen moduko pertsonal espezializatuaren beharra, ur-kanala, etab- betetzeko proiektuak eratu eta burutzea da. Bestalde, matxinatutako indijena komunitateei babesa emateaz ere arduratzen da. Horregatik nazioarteko ikustatzaile gisa San Jose Larrainzar-eko ituneko puntu guztiak bermatzeaz arduratuko diren atzerritarrak eramaten ditu San Jose Larrainzar-eko treguaren ostean, ejerzitoak legez ezin da komunitate matxinatuetan sar. Baina mundu zabalean legeak besteak beste Gasteiz inguruan fabrikatutako fusilek aldatu, errespetatu eta betearazten dituzte, eta fusil modernoak, borroka erromantizatu honetan ejerzitoaren esku daude bakarrik.

Ezertara ez badator ere, harrigarria da munduan dirauten liskar guztien artean, nortzuk diren hortzetaraino armaz beteta daudenak eta nortzuk diren haur-hiltzaileak eta terroristak. Chiapas-eko gertakizunak eta Markos komandante ordearen mitoa merkaturatu nahian hainbat sasi-ikertzaileek kaleratutako liburuetan, Gobernu mexikarraren bake-estrategia goraipatzen da, 1994-ko Urte Berri egunean, urtarrilaren 1 ean alegia, EZLN hainbat koarteletaz jabetu zenean, indarrez erantzun ez ziolako erasoari. Diotenez, gertakizun hori omen da EZLN-ren porrot nagusia. Horrelakoek, ahaztu egiten dute hildako gehiago egon zirela zapatisten artean ejerzitokoen artean baino. Horrelakoek, ez dute aipatu gura egurrezko fusilez armatuak jaitsi zirela oihanetik zapatistak, gehienetan tiro bakarrekoak zirela fusilak, eta kasurik onenetan, ez zutela funtzionatzen, ez baitzuten mozkortuta suposatzen zituzten soldaduen partetik erresistentzia handiegirik itxaroten. Ordungoa ez zela izan agerpen ofizial erratu bat baino ez dute argitara eman nahi besteak beste Europako egunkari ezagunenetako korrespontsalek idatzi dituzte komunerako papera baino ez den liburu hauek (El Pais eta Le Monde-ren bidaliak esate baterako).

Ez dute aitortuko baino, ejerzitoak berehala oihanera sarraskia burutzera sartu ez bazen, oihanean behar bezala maniobratzeko entrenamentu faltan zeudelako izan zela. Horregatik. 1994-ko martxotik hasi eta hurrengo urtek martxora bitartean, sarjentu gradutik gorako ofizial guztien % 60 a baino gehiago Estatu Batuetara intentsitate baxuko borroka estrategiak ikastera eraman zituztela, eta Argentina edo Chileko militar adituak mexikar ejerzitoa prestatzera etorri zirela. Harropuzkeria eman dezake Gaztearen irteera honek, Estatu Batuetako armadak eginkizun honetarako erabili zuen manualaren ale bat hortik zehar ibili zen hamaika eskuetan ONU-ko batzorde batetara iritsi zen arte.

Ez, ez dute aitortu nahiko, adibidez, joan den apiriletik honuntz, ejerzitoak gutxienez bi ahalegin egin dituela oihanean sartu eta komunitateen sarraski sistematikoari ekiteko. Lehendabizikoa, Mexikoko ekonomiaz gain Latinamerika guztikoa zapuztu zuen krisiak eragotzi zuen. Bigarrenari buruz, Estatu Batuek gerarazi omen zuten azken orduan, garairik aproposena ez zelakoan. Hurrengo egunetan, FZLN-k bosgarren komunikatu sonatuaren aurreko agiri bat kaleratuko zuen. Hitz gutxi bertan : Speedy Gonzalez, marrazki bizidunetako xagu ezaguna, fusilaz destatzen zuen mexikar soldadu bati zuzentzen zitzaion, “Andele, andele, arriba arriba” oihuka hura harrapatzera desafiatuz.

Gazteak ez zaituzte alferrik ikaratu nahi. Ez du hori helburu. Zaudete lasai, hilkintza gertatzen denean, ez dugu ezer garbirik jakingo. Ez gara konturatuko, eta Acteal-ekoak bezalako irudi dramatikoak edo dramatikotasunaren altarera igotako irudiak ez dira errepikatuko. Gutxiagorik beharko genuke !

Tartean, aldameneko estatuan, Guerreron hain zuzen ere, EPR ideologikoki EZLN sorreran izandako talde iraultzari marxista-leninistatik gertuago dagoen taldeak 12 hildako eta hogeitaka zauritu jazo zituen ejerzitoarekin izandako enfrentamenduaren ondoren argi gorria piztu zen D.F. hiriburuan, EZLN, orokorrean Mexiko hegoaldeko altxamentu bat bihur zitekeelakoan. EZLN-ren barruan zeuden soldaduak, 20.000 inguru izatetik 50.000 izatera hurbildu ziren. Egun, nahiko ziurra dirudi ez dagoela guztiz Chiapasera mugatuta soilik, eta aldameneko estatuetan, Veracruz, Tabasco, Guerrero etab, base garrantzitsuak dituztela.

Iturri ofizialek bestelakorik kontatuko digute. Bertsio ofizialak sinesten ez dituen herri batekoak dira ordea Gaztea eta Laguna. Urrutira joan barik, Mexikon bertan, Pueblan ; albistegiek ez dute inoiz Chiapas-eko liskarra aipatuko, Zedillo lehendakariak bertara egin duten bisitaldiaren bat, edo turistak erakartzeko iragarki batean ez bada.

Zeharkako begirada eta begirada okerren herria dela ikasi genuen egun gutxi batzu beranduago. Zure solaskidearen erlojua eta oinetakoek bere hitzek baino hobeto adierazten dute zer nolako askatasunarekin mintza zaitezkeen berarekin. Ez da behar erlojua edo oinetakoak era edo marka jakin batekoak izatea, erlojua eta oinetakoak edukitze soila susmagarria gertatzen da kasurik gehienetan. Indijena matxinatuak, elektrizitaterik gabeko bustin eta egurrezko txaboletan bizi dira, herritik urrun, periferian, marginalian. Gazteak, egun batzu beranduago herritik konfidantzazko lagun batekin eman zuen buelta batetan ezagutu zuen kanpamentuak bisitatzera joateko asmoa erakutsi zuten atzerritar inozoak poliziari salatzeaz bizi zen zazpi urte baino gehiago edukiko ez zituen haur bat. Edota eromen eta beldurrezko egun luze haietako batean, izugarrizko poltsa luzea zeraman gizon ezezagun bat Doña Rosita ostatuan logela bat eskatzera etorri zenean, jabeak logela guztiak hartuta zeudela gezurretan ongi tematu zitzaionagatik ere barrura sartzeko ahaleginak eta bi egin zituenekoa. Joan zenean, ostatuko neskameak, poltsa ondo itxi gabe zeramala eta barruan fusila bat ikusi zuela ohartu zion nagusiari. Honek aurretik ezagutzen zituen gizon hura paramilitarra izateaz salatzen zuten esamesak. Zurrumurru asko entzun zituzten Gazteak eta Lagunak bere egonaldiaren buruan indijenen txabolak herritik erabat banatuko zituen murrua eraikitzeko zeuden proiektu eta egitasmoei buruz. Bizirik dago Berlin, eta ezin osasuntsuagoa berriz Neoliberalismoa.

PRESTAKUNTZAK.

Gaztea eta Laguna Enlace Civil-ekin harremanetan jarri ziren. Ez zieten ezer apartekorik eskatu Aguascalientes batera sartzeko, egia esan, paper bat besterik ez, baina a zer papera ! Erakunde atzerritar batek, Gaztea eta Laguna konfidantzazko jendea zirela adierazi behar zuen, Mexikoren subiranotasuna ezezik, zapatisten kanpamentuko ordena eta araudiak nahastuko ez zituztenak. Gainontzean, arratsaldean bertan emango zuten lau ordutako hitzaldi batera joatea besterik ez zuten egin behar, bidaian zehar ejerzitoa edo Migrazioko kontrolik aurkituz gero nola jokatu behar zuten eta behin aguascalientesean. Horren ostean, kanpalekuan burutu beharreko egitekoak eta gorde beharreko arauak zeintzuk ziren jakinarazi ziren, 1994-ko altxamentuaz geroztik jazotako gertakizunik garrantzitsuenak errepasatu ostean. Azkenik, zer eraman behar zen eta bakoitzari nora joatea sortatzen zitzaion adieraziko ziguten, eta hurrengo arratsaldean, 1998-ko apirilaren 9-an, atzerriko papera lortuz gero, hainbeste desiratzen genuen Aguascalienteserako bidean geundeke.

Erakunde askotara bidali genituen e-mailak paper hura eskatuz. Irten aurretik ere, erakunde askori eman genien gure asmoen berri. Puntu honi dagokiolarik, Gaztea ez da ari Chiapas-en zer gertatzen den ulertu nahi ez duten erakundeaz. Euren propaganda eta ekintza publikoetan maiz eta bero-bero eginda EZLN-ren aldeko proklametan ito diren erakundeei buruz baizik, juxtu gure mezuei behin ere erantzun ez zieten erakundeak alegia.

Euskaldunon Egunkariako zuzendaria den Martxelo Otamendik erantzun zion mezu aldrebes hari. Eta behar-beharrezko erosketak burutu ostean, Ovantic-era joateko prest ziren. San Cristobal de las Casas-etik 40 km ingurura dagoen Aguascalientesa da Ovantic. Mexikoko Pakearen Aldeko Karabana berton aurkitzen zen, Estatu Batuetako Irakaskuntza Ertainetako zenbait maisuekin batera, besteak beste, Acteal-en eta antzekoen ondorengo sarraskien ostean eragindako 70.000 desplazatuen umeak jasoko zituen barnetegi-eskola baten eraikuntza proiektoa aurrera eramateko.

Hortaz, ostegunean 17 :00 -etan irteten omen zen combira zuzendu ziren Gaztea eta Laguna. Ez alferrik. Aste Santua izaki, combi zerbitzuen orduak berraldatuta zeuden, eta azkena, 16 :30 -tan irteten zen. Ez zen ordea hutsegite bakarra izan : pentsa zer nolako parea izango ziren Gaztea eta Laguna. Urte sasoi hartan zein eguraldi mota izaten zen informatzeaz ere arduratzeke, hurrengo eguna, apirilak 10, Emiliano Zapata asasinatu zuteneko urteurrena betetzen zela ere jakin ez zekitenean.

ZAPATA BIZIRIK DAGO ETA GERTU

Goizeko lehen autobusera irten ginen, artean egunak argitu ez zuenean. Behe lainoak estaltzen zituen San Cristobal inguruko mendateak. Hotz egiten zuen. Ofizialki Bochilera gindoazela esan behar genuen emandako informazioaren arabera, Ovantic-era iritsi baino hamar bat kilometro lehenago aurkituko genuen militarren kontrolean. Turista ugari joan ohi da Bochil-era han, 20.000 urteren buruan, zuhaitz-sustrai fosilizatuak erostera. Munduan, bi lekutan bakarrik aurki litezke, Caucaso inguruan eta Chiapasen, eta jendeak kiloko 1500 peso -15 langileren hil bateko soldata- ordaintzen du. Horregatik dira gustokoak. Arazorik gabe gurutzatu zuten kontrola, ez aurretik euren izenak eta helbideak pasaportetik kopiatu gabe. Goizeko hamaikak inguruan Ovantic-en zeuden.

“Nuestra Lucha Es Por La Vida Y El Mal Gobierno Oferta Muerte Para El Futuro : Todo Para Todos. No A La Militarización De Chiapas” zioen kartela irakurri zuten kanpamentuaren sarrerako hesolan. Atean, Aguascalientes bakoitzean San Jose Larrainzar-eko itunaren ondorioz egon zitezkeen 5 EZLN-ko kideak geratzeko agindu zien Gaztea eta Lagunari, ondoren poltsak miatuz, drogarik edo alkoholik ez zeramatela ikustearren. Aipatzekoa zentzu honetan emakume zapatisten bultzada. Normalean, gizarteko eztabaidak desbideratzeko futbolaren opio unibertsala erabiltzen bada ere, futbol talderik ez dagoen lurraldean, eztabaida antzu xamarrak emateko baino ezin dezake balio irtenbide horrek. Horrats, futbola asmatu aurreko drogarik zaharrenari ematen zaiola : alkolholari. Eta alkoholaz gainezka etxeratzen den gizonak emakumearekin bortxaz hustutzen ditu etxeko emakumeekin bere ezinak eta ahalak. Horregatik, emakume zapatisten eraginez, Aguascalientesetan alkohola eta gainontzeko droga guztiak debekatu ziren, tabakoa izan ezik. Eta ez pentsa, kanpotik datozenak baino ez dituzu ikusiko erretzen. Dirua behar da.

Hotza egiten zuen. Berotan sartzeko, poltsak eta lo egiteko zakua atzerritar ikustatzaileen txabolan utzi ondoren, hara gidatu zituen helburua betetzen laguntzera abiatu ziren Gaztea eta Laguna. Ikastetxe bat eraikitzen ari ziren, barnetegi batekin batera, bigarren mailako ikasketak betetzeko balioko zuena. Ikasketetan aurrera egitea nahi izanez gero -eta nahi izateak atzetik diru kopuru dezentea dagoela esan nahi du aldi berean- derrigorrez Tuxla Gutierrezera, Chiapaseko hiriburura edota aldameneko estaturen batetara jo beharra dago. Badaude lortu dutenak, ez pentsa, duintasuna ikasketa mailaz neurtzen duzuenok, indijena hitza hezigabearen sinonimoa dela. Orduan ezagutu dituzte Cesar eta Giorgio, kanpamentuan une hartan aurkitzen ziren zazpi ikustatzailee italiarretatik bi. Komunista lehena eta anarkista konbentzitua bigarrena. Ez zeuden sekula ados bere herriari zegokion politikan, baina bai ordea hara eman zituzten arrazoietan. Urrutitik antzematen zitzaien lagunak zirela. Eurak jakinarazi zieten Gaztea eta Lagunari, lan guztiak eguerdian geldituko zirela, Zapataren erahilketaren urtemuga ospatzen zelako arratsaldean zenbait ekintza ezberdinetan. Kanpamentuko komandantearen etorrera itxaroten zuten. Hona iritsita, Gazteak, kontakizunaren haria moztu nahi luke berriro. Zerk eraman zuen hara azaldu nahi luke, anekdota xelebre batetik abiatuta. Buruan zerabilen galdera Euskal Herritik atera zenean izan ezik, Mexikora joateko aukera zeukala jakin zuenetik ere. Mexikora joateko aukerak, Chiapas, eta Zapataren ondorengo burrukaz bustitzeko obligazioa baitzekarren. Enlace Civil-ean bezperako hitzaldira joandakoei galdera erantzutera behartu zituzten. Hiru alemaniar, Zaragozako bikote bat, frantses bikotea, australiar bat eta gure bi euskaldunok zeuden. Euskaldun zintzoen moduan, bazter-bazterrean, erdi ezkutuan zeuden. Lehenik, Zaragozakoek hitz egin zuten. Soziologian lizentziatuak, konfliktoan errurik ez zuten haurrei poza zabaldu nahi omen zieten. Gainera, espainiarren moduan, Ameriketara zibilizazioa eman zutenen ondorengo gisa, ezin zuten gorroto guzti hori baimendu. Gazteak eta Lagunak elkarri begiratu zioten erantzun aurretik. Gaiaz aritu gabeak zeuden, eta bata besteaz ez ziren gehiegi fidatzen. Gazteak hitz egin zuen lehenengo. Ezin izan zuen zaragozatarrak begiratzea sahiestu lehendabizi, Euskal Herria, Chiapasekoa bezala herri zapaldua zela azaldu zuenean. Euskal Herriaren militarizazioaz aritu zen ostera. Berlingo harresia erori ostean, Cuba zela neoliberalismoari uko egiten zioten euskarri moral -besterik ezin duelako izan- bakarra. Irlandaz oroitu zen ostera. Espetxeetaz hitz egin zuen. Eta era berean, komenigarria zela nolabait norberaren herritik distantzia hartzea esan zuen, konfliktoan bizi diren herri zapalduen esperientziatik, norberaren benetako baloreak zeintzuk diren azaltzeko. Hau guztia azaldu ondoren, nolabaiteko ideia krisi batean zegoela aitortu zuen. Beranduago ikusiko zituzten aragoarrak San Cristobal-eko kaleetan. Baina italiarrak ez bezala, bakoitzak, kontrako zentzuan eta bere espaloitik agur ere egin gabe, ez ikusiarena eginez igaroko ziren.

Ezer berezirik gabe igaro zen goiza. Eguerdian euria hastearekin batera, hotza areagotu egin zen. Chiapasen urte-sasoi guztietan bero itogarria egiten zuela aitortu ziguten ustezko lagunetaz eta adar genealogikoetaz oroitu ginen berotan sartzearren, poltsan eraman genituen manka motzeko kamisetak, txandal motzak eta jertse meheak ikusiz. Hiruzpalau niki eta bi praka pare soinean genituela arratsaldeari aurre egiteko prestatu ginen. Gure txabolan, itukinak agertu ziren, eta hamakak atera eta txabolaren alde batetik bestera eskegi genituen, ura barruraino sartu zitzaien gure zakuetan, gauak zein luze jo behar zuen pentsatzen genuela. Eta Gazteaz eta Laguna ergel pareaz hartuko dituzuen arren, zaudete ziur pozez gainezka emozionaturik aurkitzen zirela biak. Entzundako hitz bakoitza, usain bakoitza, giroaren elementu guztiak, inoiz hausnartzera gelditu gabeko galdera bat zabaltzen zuten. Behelaino usua zen, eta horrek, mexikar armadak, intentsitate baxuko gerrila-gerratearen estrategiari jarraiki, lurretik 50 metro eskasetara hegatuz igarotzen ziren hegazkin militarrek burutzen zuten gerra psikologikoaren estrategi paraleloa aurrera eramatea eragozten zion. Gainera, hegoaldean, Polhon, nekazariak bertoko koartelak inguratuz, presio militarraren aurkako protesta isila betetzekoak ziren. 40.000 mila pertsonatik gora espero zituzten, eta aldi berean, ejerzitoa bertan kontzentratuko zela zioten zurrumurruek. Orokorrean ordea, jai nagusiak, eta Zapatarena, Iraultzaren heroia izaki, jai nagusia zen Chiapasen, batzuentzat besteentzat baino gehiago bazen ere, eta horrelakoetan, pakea izaten omen zen. Normalean, atzerritar ikustatzaileak, astero bizpahiru aldiz, kanpamentuan sartzen ahalegintzen ziren armadako lagunak kanporatzen zituzten, San Jose Larrainzar-eko ituna hausten ari zirelako. Joku errutinario xamarra : ezezkoa hartuta, nola edo hala, militarrak, kanpamentuko atzerritarrak identifikatzen ahalegintzen ziren. Ofizialki, atzerritarra ikustatzaile moduan kanpamentuan zegoen bitartean, ezin zuten uki ere egin ; baina goizago edo beranduago, kanpamentutik ateratzen zenean, ejerzitoarekin eginen zuen topo, eta hartuko zituzten orduan behar bezalako neurriak turista bisa baliogabetu edo berriro hara hurbiltzeko gogoak uxatzeko.

Munduko herri ezberdinen historiari begiratu, maiz galdetzen dio Gazteak bere buruari zergatik ez duten oraindik jolas hau Joku Olinpikoetara eraman.

BELTZA DA NIRE KOLORERIK GOGOKOENA.

Kanpamentuko komandantearen etorrera espero zen arratsaldeko bostetarako. Estatu Batuetako Nuevo Mejikotik, irakaskuntza ertainetako maisu-talde bat aurkitzen zen kanpamentuan, eta haiek ere ekintza berezi bat iragarri zuten. Eguerditik atzera, indijena taldeak hasi ziren kanpamentura hurbiltzen, gertuko komunitateetatik. Bertoko musikarekin girotuta, euriaz babesten zituen lastozko estalpe baten azpian bildu ziren. Bertako gehinek nekez hitz egiten zuten gazteleraz, Tzetal hizkuntzaz aritzen ziren, eta apur bat mundu ezezagun batean aurrean sentitu ziren orduan Gaztea eta Laguna. Lehenengo urduritasunak orduan sentitu zituzten. Ovantic-era gonbidatuak zeuden hainbat zapatista buru eta sindikari, bidean ustegabeko arazoekin topatzen ari ziren. Ejerzitoa ezinegonik utzi omen zuen Polho-ko kontzentrazioak. Hala ere, txabolaren alde bat, haur eta emakumez gainezka bete zen, gizonezkoak bestean pilatu ziren bitartean. Gaztea, Laguna eta italiarrak, erdi parean jarri ziren, euren festa egunean, batzuk zein bestetzuk iraintzea nahi ez eta. Iritsi ziren azkenik, ez komandantea, baina bai komandantearen bidaliak, eta musuzapi klasikoa erantzirik, herritarrei zuzendu ziren tzetalez. Ondoren, nekez ahoskatutako gazteleran, atzerritarroi mintzatu zitzaigun. “Saludamos a los compañeros estadounidenses, italianos, de Euskal Herria y del resto de los estados mexicanos que se encuentran hoy entre nosotros con la voluntad de ayudarnos”. Gaztea eta Laguna, praketan sartu ezinik gelditu ziren. Hurrengo hitzak ordea, zalantza esnatu zuten. Gizonak, tzetalez nagusiki, baina lantzean behin bere hitzak gaztelerara itzuliz, atzerritarren laguntza beharrezkoa zela azaldu zuen. Gazteari eskema guztiak hautsi zizkion horrek. Ziurtzat jotzen baitzuen hori horrela zela. Bere eskubira, italiarrek euren artean marmarrean egin zuten, italiarrez noski. Ados zeuden entzundakoarekin. Zergatik galdetu genien. Zuela aste batzuk, eta maizegi errepikatzen omen zen kontua azkenaldian, atzerritar mordoxka bat kanporatu behar izan zituzten Aguascalientes ezberdinetatik, komunitateaen eguneroko bizitzan traba gehiegi ipintzen zituztelako. Batzuetan, atzerritar ikustatzailerik gabe ere geratu omen ziren, horrek suposatzen zituen arrisku guztiekin.

Italiarrak horrela azaldu zigun. “ Si yo quiero ir a tu país, primero voy de viaje. Veo qué pasa, y me mojo en su política. Veo quienes son los h... de p..., y veo si los oprimidos muestran la voluntad suficiente para contrarrestar esa opresión. Luego me voy a casa. Y cuando vuelvo, vuelvo ya acostumbrado a su cultura, con la intención de aprender su idioma si voy a quedarme bastante tiempo, y lucho”. Ozenago esan zitekeen, baina garbiago ez.

Kanpamentuetako arau bat da, argazkirik atera nahi izanez gero, bertan norbait agertzen bada, lehendabizi baimena eskatu behar zaiola, aurpegia musuzapiaz ezkutatzeko aukera izan dezan. Lelokeria bat dirudi, baina gero argazki horiek edozein lekutan gera litezke, eta berton azaltzen zenak, San Cristobal edo edozein lekuetara ezkutuan joan behar izaten du, norbaitek ezagutuz gero... Sarriak dira desagerketak eta erahilketak Chiapasen. Ageriko bizitza bat dago, paisai natural zoragarrian ematen dena. Eta ezkutuko bizitza dago. Gorrotoa, etsipena, tiro hotsak, militarrak, hegazkin eta helikopteroak, militarren kamioi iladak, kontrolak... Araua horrela izaki, zapatisten egun nagusian, ezin genitzakeela behartu musuzapiak jantzita jai egitera hitzartu genuen italiarrekin ekitaldira zuzendu aurretik.

JAINKOAK BEDEINKA DITZALA ESTATU BATUAK ETA BERTATIK JASO DUGUN GUZTIA.

San Diegoko ordezkariak hartu zuen hitza. Ingelesez eta sasi-gazteleraz egin zuen, eta beraz, inork gutxi jarraitu ahal izan zion. Mexiko da mundu guztian freskagarririk gehienak kontsumitzen dituen herrialdea. Eta jaun hura, Big Mac, Coca Cola eta Elvis-en paradisuan aurkituko zela pentsatu zuen agian. Okerrena, ordezkaritza hartan bazela mexikarrik. Baina estatu batuarra, mundua zanpatzera ohituta, ez zen batere moztu. Botereaz mintzatu zen. Ez edozein Boteretaz. Hizki nagusiz idazten den Botere inpertsonal eta ezezagun hortaz nagusiki. Hipokrita halakoa !

Ez ordea nahigabean, borondate onean laguntzera joan ohi diren beste askorena baino txikiagoa. Tartean, Gaztea ere aurki genezake. Jakin nahi duenak, badaki Chiapaseko zorigaitzaren iturburua non aurkitzen den, eta auzi horri buruz aritzea, Gaztearen partetik babukeria galanta litzateke, hitzak soberan baitaude idatzita gai horretan. Baina beste horrenbeste gertatzen da ordea, ebanjelizatzera joan ohi diren hainbat talderekin ere. Ikasketa batzuk ematearekin batera, fede jakin batek salbatuko dituela aldarrikatzean, kontzienteki gezurretan ari dira halakoak. Eta ez dute laguntzen. Laguntza bat, Gazteak ulertzen duen modura, ezer itxaron gabe ahal bezainbeste ematera zabalik dagoen borondate baten azalpen zehatzak eta benazkoak dira. Ikasketa batzuk, eta maiz, erreala eta taxuzkoa ez den aukera posible bat eskaintzea sustraietan eramatea ezinezkoa den ideologi-fede aldaketa bat tartean dela, hori txantaia da. Ez du beste hitzik onartzen.

Baina, XX. mendea ez da soilik hipokresiak gailurra aurkitu duen mendea. Mass-medioena ere izaki, lehiaketa bat antolatzea falta zitzaien, eta ez zuten asko tardatu. Bapatean, ezertara ez zetorrela, San Diegon diru bilketa bat egin zutela, eta ordezkaritzako neska mexikarrari hurbiltzeko aginduz, telebistako lehiaketarik gorrotatuenetan bakarrik azaldutakoek hausten dituzten txekearen irudiko kartulinatzarra erakutsi zuten. Eta nola, emakumeak komandante ordeari besarkatu, eta ordezkaritzako partaide guztiak, argazkiak ateratzen hasi ziren. Abentura bat da askorentzat Chiapasera joatea. Lagunarteko Heroi nazionalak sortzea helburu duen ikustaldia. Komandante ordeari berea estaltzeko denborarik eman gabe, bozgorailua hartu, eta jendeari, badaezpada ere musuak estaltzeko agindu zien. Berehalakoan ezkutatu zituzten bai, betoskoa jarrita, harri eta zur, indijena gaixoek, hura zertara zetorren ezin ulertuta. Baina show-ak jarraitu zuen. Eta asetu zirenean, ekitaldia amaitzeke, joan egin ziren.

Amaitzerako, himno zapatista ezezik, mugak hausteko zapatisten egitasmoa erakusten duen kanta internazionalista abestu genuen. Ez da ahaztu behar, zapatismoaren lema : “Lo único que queremos es un mundo donde quepan muchos mundos más”. El horizonte deitzen da.

EL HORIZONTE

Ya se mira el horizonte / Combatiente zapatista / El camino marcarás / A los que vienen atrás / Vamos, vamos, vamos / Vamos adelante / Para que salgamos / En la lucha avante / Porque nuestra patria / Grita y necesita / De todo el esfuerzo / De los zapatistas

Hombres, niños y mujeres / El esfuerzo siempre haremos / Campesinos, los obreros / Todos juntos, todo el pueblo

Vamos, vamos, vamos / Vamos adelante / Para que salgamos / En la lucha avante / Porque nuestra patria / Grita y necesita / De todo el esfuerzo / De los zapatistas

Nuestra historia dice ya / Acabar la explotación / Nuestra patria grita ya / Lucha de liberación

Vamos, vamos, vamos / Vamos adelante / Para que salgamos / En la lucha avante / Porque nuestra patria / Grita y necesita / De todo el esfuerzo / De los zapatistas

Ejemplares hay que ser / Y cumplir nuestra consigna / Que vivamos por la patria / morir por la libertad

EPILOGOA

Gauza asko geratzen dira esateke. Baina behin ere ez da gauzak esaten amaitzen. Gauean gertatutakoak aipa ditzake Gazteak, 9 ikustatzaileetatik, 5 San Cristobalera jaitsi zirela, eta geratu ziren laurak, denak “nobatoak” zirela esanez. Barkamen eskaera baten antza luke, eta Gazteak ez du gutxiagorik nahi. Onartu beharrekoa onartzera prest dago, baina ez du kontzienteki bere burua salduko. Soldaduak urduri zebiltzan, Polhon gertatutakoaz. Gainera, egunotan, atzerritarren aurkako kanpaina bortitz baten erdian zeuden. Gauean, gainontzeko Aguascalientesekiko kontaktua galdu zen. Zapatista soldadu batek, gure gauzak prestatu eta esna egoteko agindu zigun, soldadu guztiak errepidera aterata zeudela, eta sei Aguascalientesetako bat erasotzea zutelako helburu. San Diegoko ordezkaritzak, eurak estatu batuarrak zirelako, ez zutela ihes egingo esan zuten, lasai-lasai lo jarraituz. Gainontzekook, menditik ihes egitera prestatu ginen.

Gazteak ez du inoiz gau hartan bezalako hotzik, beldurrik, nahasmendurik, urduritasunik... -hainbat sentsazio litezke- sentitu. Azkenean gainera, ihes egin behar izan zuen, mendiz, handik irteteko, gau berean. Bakarrik gainera, artean zortzi hilabeteko bisa geratzen baitzitzaion, beste guztiei, beranduena jota ere 20 egunetan amaitzen zitzailarik. Azkenean ez zuten Ovantic-era jo, hurrengo Aguascalientesera ezezik, eta egunkariak irakurtzen badituzue, agian, entzunak egingo zaizkizue Aste Santuetan Mexikotik kanporatu zituzten hamabi atzerritarren -beroien artean hiru euskaldunen- pasadizoa. Hurrengo egunak zailak izango ziren, amets gaizto batetik ateratakoak, San Cristobal de las Casas-etik irten ezinda. Larunbat gauez, atzerritarren irudiak, ninotak bailiren erre zituzten herriko enparantza nagusian, Gobernuaren aldeko manifestaldi baten aurretik.

Gauza asko geratzen dira esateko. Luze eta zabal hitz egin liteke azaletik baino agertu ez diren hainbat pertsonetaz, Doña Rositaz esate baterako. Edo Cesareri buruz. Actealetik gertu, bost kilometro eskasera dagoen herrixka baten muinoan zegoen Cesare hilkintzaren bezperan. Sarraskiaren ikusle pribilejiatua. Egunean bertan, lehen tiroak entzunda kanpora atera zirenean, bide guztiak mozten zituzten paramilitarren -gobernuan dagoen alderdiak, eta terratenienteak finantziatuak- furgonetak ikusi zituztenean. Txukun-txukun inguratu zuten herria sarraskia hasi aurretik. Cesarek, basotik alferrik ihes egitea saiatu ziren gizonak ikusi omen zituen. Baita atzetik nola egiten zieten tiro ere. Eta tiroak entzun. Tiroak eta tiroak...

Gazteak amaiera eder bat eman diezaioke testu honi bidai hark bere bizitza aldatu zuela edo nolabait eragin handia somatu zuela harrez geroztik esanda. Baina gezurra da. Hiru hilabete beranduago hantxe zegoen berriro, eta sentipenak oso ezberdinak ziren. Gertaerek ez dute inoren bizitza aldatzen. Bakoitzak gertaera ezberdinetatik ateratzen dituen ondorioek ipintzen dituzte ezer aldatu edo eraikitzen jarraitzeko beharrezko oinarriak. Eta hori, zerbait pribatua eta pertsonala da, nahita ere eman ezin daitekeena, aurrez ezperientziak bizi ez badira behintzat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak