Azpeitiko euskalgintzaren aldizkaria
Hiru azpeitiarri isun gogorra euskararen aldeko auto karabanan
EHEk euskararen ofizialtasuna eskatzeko antolatu zuen
ekimenean hartu zuten parte, eta Guardia Zibilak,
bidean “motel” joateagatik eta autoan “pankartak”
eramateagatik zigortu ditu: bakoitzari 450 euro
|
|
Euskaltzaleen autoak, Beasainen, Euskal Herrian Euskarazek ekainaren 20an Altsasura antolatu zuten karabanan, euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko pankartekin.
|
|
Jadanik delitua da jendaurrean, kalean, euskararen alde egitea bera. Eta hurrengo adibidea irakurtzea besterik ez dago, oso gertuko adibidea eta ulertzen oso erraza: hiru euskaltzale azpeitiarrek isun gogorra jaso dute Euskal Herrian Euskaraz-en (EHE) auto karabana batean parte hartzeagatik; bakoitza auto batean zihoan.
Ekainaren 20an gertatu zen hori, Nafarroan, Altsasura zihoazela beste hainbat autorekin batera, eta abuztuaren bukaera aldera iritsi zitzaien etxera isuna, posta bidez. “Harritu-ta” gelditu ziren hirurak, “okerren bat” zelakoan. Baina ez. Bakoitzak 450 euroko zigorra jaso zuen, eta ordaindu beharra daukate.
Arrazoia, berriz, hauxe, arrazoia deitzerik baldin badago, Espainiako Barne ministerioak Iruńean daukan Trafiko sailetik bidali duten agiriaren arabera: “Modu arriskutsuan gidatzea. Autobian ezohiko abiadura motelean joatea, orduko 30 kilometrora, ilaran, pankartak eramanez, eta errepide trafikoari eragozpen larria sorraraziz”.
Isun gehiago
Hirurak ez dira isun hori jaso duten bakarrak, azkoitiar batek, zestoar batek, zarauztarrek, hernaniarrek, bilbotarrek... ere jaso dutelako. Ehun auto pasatxo bildu ziren Euskal Herrian euskara toki den-denetan ofiziala izan da-din aldarrikatzeko ekimenean
—oraindik ere, frankismoa bukatu zela 28 urte pasatu badira ere, lau estatus ditu euskarak—. Urolaldekoak, Altsasura joateko, Azpeitian bildu ziren, eta handik Beasainera joan ziren, karabanan, pankartekin. Han ehun auto inguru bildu eta Altsasura abiatu ziren, ekitaldia zegoen lekura. Nafarroan sartu bezain pronto zain zegoen Guardia Zibila. Apropos.
Autoetan karabanan zihoazen euskaltzaleak ez zituzten gelditu, bestela errepidean bertan egundoko ilara sortuko zelako. Ez. Guardia zibilak auto denak beraien aurretik pasatu arte egon ziren, eta gero atzetik abiatu eta aldamenetik auto asko eta askoren matrikulak apuntatzen aritu ziren. Isuna jartzeko gero, lehenago aipatutako arrazoiagatik.
EHEren salaketa
Azpeitiko Euskal Herrian Euskarazek salatu egin du gertaera hori, Baiteren aldizkarira igorritako ohar baten bidez. “Gaur egun euskararen lurraldean, Euskal Herrian, euskara defenditzerik ere ez dago. Ez da logikoa. Justiziarik eta demokraziarik ez dagoela esan nahi du horrek. Euskara Euskal Herri osoan ofiziala izan dadin eskatzeagatik jarri dituzte isunak, ez autoan motelegi-eta joateagatik”. EHEk esan du euskararen alde segituko duela lanean, eta “azpeitiar denak horretara animatu” nahi ditu.
|