Xabier Isasi, UEUko zuzendaria, euskarazko
“Gure unibertsitatea? 2010erako behar da”
Hona hemen Xabier Isasi, Udako Euskal Unibertsitateko (UEU) zuzendariak, Baitek antolatuta, Azpeitian emandako hitzaldiaren laburpena:
“Euskal unibertsitateari dagokionez, Eusko Ikaskuntza erreferentzia da; 1918an euskal unibertsitatearen alde aldarrikapena egin zuen. Geroago, Karlos Santamariak euskal unibertsitatea beharrezko ikusten zuen. Aldiz, Koldo Mitxelenak ez, ghetto bihurtuko zelakoan. Garrantzitsua da hainbat irakaslek egindako lana. Pertsona esanguratsu asko eskola orduetatik kanpo klaseak euskaraz ematen hasi ziren: Jose Ramon Etxebarria, Xabier Kintana...; klaseak euskaraz eman litezkeela erakutsiz”.
“Euskal Herrian, gaur egun, hainbat unibertsitate daude:
- Nafarroako Unibertsitate Publikoa (NUP) eta Euskal Herriko Unibertsitatea (EHU-UPV), unibertsitate publikoak di-
ra.
- Mondragon Unibertsitatea, pribatua.
- Deustuko Unibertsitatea eta Nafarroa-ko Unibertsitatea, erlijiosoak.
Egoera honetan, euskarazko unibertsitatea osagarria litzateke, ez letorke inor ordezkatzera. Hizkuntza komunitate batek, bizitzeko, unibertsitatearen tresna behar du. Euskarazko unibertsitateak hizkuntz komunitateari oso lotua beharko luke”.
“Beharrezkoa da, eta gaur egun bideragarria da. Heldutasuna iritsi da. Baina noizko izango dugu euskarazko unibertsitatea? Ardatz bat Europako unibertsitate esparrua litzateke. Europan ahal den eredu estandarrena interesatzen da. UEUren apustua lasterketa horretan sartzea izan da. Horrela, errazagoa da goitik behera egitea; hau da, doktoretzatik hasi eta beste titulazioetara joatea; espezializazioak laburragoak izango dira eta, beraz, ekonomikoagoak. Gaur egun, urtero hamabi doktoretza euskaraz egiten dira. Hori ikusirik, UEUk doktoretza egin duten horiek lortu beharko lituzke”.
“Irakasleak badaude, kalitatea ere bai... Orduan, zergatik ez dago euskarazko unibertsitaterik? Hiru arrazoi aurki ditzakegu:
- Ekonomikoa.
- Borondate politikoa: ez dago inongo alderdi politikoren programatan.
- Heldutasun soziolinguistikoa: hau gainditua dagoela esan behar da; hau da, heldutasuna eman da”.
“Edozein herri proiektu kudeatzeko, unibertsitatea oso garrantzitsua da. Euskal unibertsitateak, gure hizkuntz komunitatea bizi eta biziberritzen duena izan behar du. Funtziona dezakeen erakundea sortu behar da. Noizko? 2010rako behar dugu”.
|