Martxelo Otamendi euskarazko prentsaz aritu zen; ordu gutxira atxilotu egin zuten
700.000 hiztun, 9.000 erosle
Baitek antolaturik, lagun ugari bildu zen Aitonenan Martxelo Otamendi Egun-karia-ko zuzendariaren hitzaldian. Begira-tu bat euskarazko prentsari izan zuen gaia. Ordu gutxi barru Martxelo atxilotua izan zen Guardia Zibilaren aldetik. Hona hitzaldi interesgarriko pasarte batzuk:
“Euskal aldizkarietan, euskarazko zientzia eta kultura aldizkariak mundu guztiak ezagutzen ditugu. Beraien meritua bada, baina baita gure herrian gauzak ez daudela ongi antolatuak erakusteko froga ere. 700.000 euskaldun dituen herrian ez dira oso normalak gure ekoizpenak. Hemengo merkatu kuotari begiratuta ez dira erantzun logikoak ikusten direnak”.
“Ondorengo urteetan euskalgintzan azterketa serioa egin behar dugu: nola lor dezakegu 9.000 erosle omen diren horien kopurua handitzea? Orain dela 25 urte euskaldun alfabetatu = euskaldun erosle bikoteak funtzionatzen zuen. Orain euskaldun alfabetatu ez da = euskaldun erosle. Garbi dago alfabetatu kopurua asko ugaritu dela baina ez erosle kopurua. Azpeitian denok dakizue orain 25 urte eta gaur egun dagoen euskal alfabetatu kopurua oso desberdina dela, baina ez da neurri berean ugaritu, ezta gutxiago ere, euskal produktuen erosle kopurua. Egoera honek azterketa serioa eskatzen du”.
“Bi irakurle mota daude, bi bandatan banatuta: (+) irakurleak eta (-) irakurleak. Lehen bandakoak irakurle saiatuak dira, intelektualak, nolabait esateko. Bigarrengoak irakurle arruntak, ez oso sakonak”.
“Egunkaria-k Afganistango azken gerra zela-eta egindako ahalegina da horren adibide. Gerra hasi baino lehen bidali zen kazetaria bertara eta hark emandako kronikek (+) taldeko irakurleen txaloak jaso zituzten, (-) taldekoak ez ziren enteratu ere egin. Hurbileko egunkariei begira hasita Diario Vasco-k bi bandentzat idazten du eta biekin asmatzen du. Ikusi beharra dugu euskaraz hori nola lor dezakegun. Zabalik-ek ere ez du euskaraz asmatu. Kezkagarria da. 9.000ko kopuru horretaz kanpo jende gutxi dago euskarazko produktuak kontsumitzeko. Egunkaria eta Argia erosten dutenetatik kanpo euskal produktuen oso erosle gutxi ote dago?”.
“Katalunian 8-9 herri egunkari daude, aipatutako (-) irakurle taldeari egokituak. ZETA taldearen *El Periódico*-k katalanezko bertsioa egiten jakin du. Horrek piztu ditu eta elkarrekin astean bi-hiru aldizkari berezitu ateratzen hasi dira. Bidean dute egunkari nazionala ere. Guri ere ikasbide ona ematen digu horrek. Ea asmatzen dugun berandu izan baino lehen”.
|