Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Festak »  Sansebastianak »  50 urte, 50 datu eta istorio

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

50 urte, 50 datu eta istorio

Umeen danborradako garaian beti haurrek irten al dute? San Sebastian eguna beti jai izan al da? Nola ekarri zituzten 1957an arropak? Megafonia noiztik...Eta karnabaletan behin ere izan al da danborrada? Eta mikeleteen txapak nondik ekarri zituzten?... Halako dozenaka datu eta istorio daude Azpeitiko danborradaz. 50 urte dira herrian danborrada sortu zutela. Hemen 50 datu eta istorio.

LEHENENGO URTEAK


.1. Orain 50 urte egin zuten lehen danborrada Azpeitian: umeena. Ez San Sebastian egunean, bezperan baizik. Gaueko hamarretan hasi nahi zuten, baina ez zieten utzi apaizek eta gurasoek. 1958tik San Sebastian egunez izan da haur danborrada.

.2. 1957koan txikien danborradakoak ez ziren, gaur egun bezala, 8-9 urtekoak, baizik eta urte batzuk gehiagokoak.

.3. Bi donostiar apaizen ideia izan zen Azpeitian danborrada sortzea: Cecilio Arabaolaza eta Baltasar Iglesiasena. Aitzakia, Arabaolazaren esanetan, "Soreasuko San Sebastian parrokia izan zen". Oargi elkarteak hartu zuen antolatzeko ardura.

.4. Helduen danborrada, berriz, 1959an hasi zen, San Sebastian bezperan. Oargiri, El Andaluz Zezenzale Elkarteak eta Oņazbide taldeak lagundu zioten. Jantziak: Oargikoak napoleoi, El Andaluzekoak sukaldari eta Oņazbidekoak gastadore.

.5. Gastadoreak oraindik hor daude. Eta liburuan jartzen du:"Badirudi historikoki gastadoreak nahiko altuak zirela, aurkariak kikildu asmoz, eta hori nolabait mantendu izan da Azpeitian". Dudarik ez.

.6. Pedro Illarramendi ere hasieratik dago, 1957tik. Aurtengoan ere ariko da, Alkartasunako zuzendari (1967tik da).

.7. Txikien danborradan lehen zuzendaria, Luis Ibarzabal izan zen. 1963tik Kanadan bizi da eta sansebastianak "sekulako herri-minarekin bizi ditu Atlantikoaren bestaldetik".

.8. 1957an Iruneraino joan behar izan zuten txikientzat jantzien bila. Ez zen bidaia erraza izan bueltakoa: topoan Donostiara, Baskongado trenean Zumaiara eta Urola trenean Azpeitira. Jantziekin, jakina.

.9. Aurreneko hark ez zuen ondo irten: euria egin zuen eta jende gutxi zegoen kalean.

.10. 1972an oso eguraldi txarra egin zuen San Sebastian egunean eta txikien danborrada jai karnabalean egin zuten.

.11. Orain dela 2 urte ere euria egin zuen San Sebastian bezperan eta ika-mika handiak sortu ziren. Orduan hartu zuten erabakia: handik aurrera taldeei sirak banatzea.

.12. 1960an ez zuten txikientzat jantzirik lortu, astirik ez arropa propioak egiteko eta helduek irten zuten txikien partez San Sebastian egunean.

.13. Danborradaren lehen urteetan San Sebastian eguna ez zen jai izaten Azpeitian. 60ko hamarkada hasieratik bai.

.14. Frankismoa eta gero, 1979ko maiatzean egin ziren lehen udal hauteskundeak, eta 1980tik Udala da danborradaren antolaketaren arduraduna. Aurretik, batik bat, Oargi eta Herri Zale aritu ziren lan horietan.

.15. Helduak jotzen hasi zirenean, entseatzen Azoka Plazan hasi ziren. Iaz egin zen leku aldaketa: Izarraitz frontoira.

AHAL DENA EGITEN DA DANBORRADAN IRTETEKO

.16 - Bakoitzak bere teoria du danborradaz. Joxe Karapeto Irrintzi taldeko zuzendariarena: "Plazara iritsi aurretik Erdi kaleko pasierak, helmugara iristen ari direnean ziklistek maillotarekin egiten dutena gogoratzen dit".

.17 - Ahal dena egiten da danborradan irteteko. "Gure taldea berezia da; bost-seiren artean eratutakoa da, ez baita elkarte bat", dio Bittor Olaizola Arrantzaleetako zuzendariak.

.18 - Ahal zuena egin zuen Julian Eizmendik 2004an, alkate bezala bere lehen sansebastinetan. "30 bat urtean (Arrantzaleetan) danborradan parte hartu ondoren, ez nuen tradizioa galdu nahi alkate bezala. Taldeak plazara iristean, bost bat minutuko tartea izaten dela-eta, balkoira igo eta bandera igotzeko denbora izango nuela esan zidaten". Izan zuen.

.19 - Irteteko estiloez bat. "Pilotari onek bezala, erlojuak kentzen genituen eta puruak itzaldu", dio Imanol Azkuek hasierako garaiez; Lagun Arteako zuzendari izan zen 1976an desagertu zen taldea.

.20 - Distantziez hau, Imanol Azkuek berak kontatua: "Geure arteko distantziak errespetatzen ahalegintzen ginen. Soldaduska egina genuen eta nabaritzen zen".

.21 - 1980an hasi ziren San Sebastian egunean goizean parte hartzen taldeak: Gure Ametsa eta Arauntza (honi 1982an lekukoa hartu zioten Ardozaleek).

.22 - Taldeak iaz hasi ziren San Sebastian egunean arratsaldean parte hartzen.Hain zuzen, Sanjuandegi eta Barratsu. Aurten Zezenzale taldeak ere irtengo du, baita txikien danborradako hamar taldeen bosna ordezkarik ere.

.23 - Kepa Susperregi erretorearen ekimenez, 1997tik San Sebastian egunean goizean Gure Ametsa eta Ardozaleek San Sebastian martxa parroki barruan jotzen dute. Euria ari zuelako parrokira sartzeko esan zien erretoreak, eta halaxe sortu zen ohitura.

.24 - Lehen talde mistoa, 1981ean atera zen: emakume bat zuzendari -Amaia Garmendia- eta gizon bat banderarekin -Iņaki Regil Matxote-. Taldea Amnistiak, antinuklearrek... osatzen zuten. 1982tik, presoen aldeko taldea da Amnistia.

.25 - Helduen danborrada gauez da eta ondo afaldu behar. Bixente Lizaso El Andaluzeko kideak hasierako afariez: "Menua: angulak eta txuleta". Joan ziren angulak...

.26 - Haurren danborrada bermatzeko buruhausteak izan zituzten 1986ra arte. Ordutik ez: ikastetxeak irteten hasi ziren, Kepa Ibarzabal Udal Festa batzordeburuaren ekimenez.

.27 - Betharramdarretako ikastetxekoei mikelete jantziak eman zizkieten. Trajeak berritzean, Arkautera joan ziren Ertzaintzaren egoitzara, jantziak ikusteko.

.28 - Aurretik, berriz, txikien danborradan mikeleteen traje berriak egin zituztenean, mikeleteen txapak Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zizkioten. "Txapak benetakoak ziren. Utzikeria medio, bueltatu gabe geratu ziren", esaten du Maria Jesus Bastidak.

.29 - Itsasi Dantza Taldean, haurretan zozketa egiten dute, kantinera zeinek irtengo. Aurrez kantinera irten gabekoen artean egiten dute zotz. __________________________________________________________________ KARROZA

.30 - Urteetan egin zuen haur danborradako karroza Inazio Agirrek, batzuetan etxekoen laguntzarekin: 1958tik 2000ra arte, salbuespen batzuekin. Agirre familiak denera 37 karroza egin ditu.

.31 - Inazio Agirre bera bi aste lehenago arte ez zen lanean hasten, ideia aurrez landua izan arren. Gero, "gainera, ez da gauza bera paperean marraztu eta hiru dimentsioetara pasatzea", dio Mari Karmen alabak.

.32 - Lehen danborradan - 1957koan- ez zen karrozarik izan. 1958an aurrena. Orduko karrozaren gaia: Gurdia.

.33 - "Karroza egiteko gai bat aukeratzean herria izan behar da kontuan", esaten dute egileek. Dena ez da izan herriari buruzkoa, baina izan denean, bertsolaritza, dantza, pertsonaiak, danborra, kioskoa... izan dira. Azpeitia herri zezenzalea izan arren, karroza gai horretaz behin baino ez dute egin: 2003an, zezen-plazaren 100. urtemugan. Sokamuturraz ez dute inoiz egin.

.34 - Baina sokamuturra egon da danborradan: behin San Sebastian egunez eguerdian zezenak ia harrapatu zituen Gure Ametsa eta Ardozaleetakoak.

.35 - 2003an karroza zezen-plazaz egindakoan, arazoak izan zituzten jantziak lortzeko. "Toreatzaile jantzirik ez zegoen inguruan eta Zaragozatik eskatu behar izan genuen azken unean", dio Eli Beobide egileak.

.36 - 1975ean frankismoa bukatzean, karrozetan ere ageri zen aldaketa; aukeratutako gaietan, alegia. 1977an Euskal Herriko mapa izan zen gaia, Andoni Albizuri Katxo-k eginda.

.37 - 1981ean karrozako gaia: Pakea. Oraindik lortu ez dena.

___________________________________________________________________ IBILBIDEA, MUSIKA ETA BESTELAKOAK

.38 - Danborradaren ibilbidean bukaera ez da beti bera izan. 70ko hamarkadan aldatu zutela diote. Ordura arte plazara beti pilotalekutik sartzen ziren baina, inbutu modukoa sortzen zenez, Erdi kaletik sartzea erabaki zuten. Ez da geroztik aldatu hori.

.39 - Azpeitiko danborradan beti ez da Azpeitiko Musika Banda bakarrik aritu: Legazpikoa, Azkoitikoa, Tolosakoa eta Zestoakoa aritu izan dira. Arrazoia: gero eta talde gehiago zeuden eta musika entzun beharra zegoen. 70ko hamarkadan gertatu zen banden hazkundea, eta Udalarentzat ez zen merkea: San Sebastian bezperako gastua azkenerako 300.000 pezetakoa zen. Gainera, ez zen erraza kanpotik bandak ekartzea. "Bandek ez zuten etorri nahi izaten. Ez ziren profesionalak eta hurrengo egunean lana egin behar izaten zuten musikariek", dio Ramon Etxeberriak (1979-1983an Udal Festa batzordeburua izan zen).

.40 - Kaleetan megafonia, 1980an jarri zuten. Efektiboagoa izateaz gain, merkeagoa ere bazen: 180.000 pezetako gastua zeukan. Altavoces Eguiari enkargatu zioten.

.41 - 1965ean ez zen danborradarik izan -1969 eta 1971n ere ez- baina Musika Bandak ez zuen jairik izan: dantzarako piezak jo zituen. Gainera, "Azpeitian danborrada egiten hasi baino askoz lehenago jotzen genuen guk danborradako Diana San Sebastian", Iņaki Alberdi musikariak esaten duenez.

.42 - Jose Luis Frantzesena Azpeitiko Musika Bandako zuzendariak 1986an sartu zuen lehen aldiz herriko pieza bat: Soreasuko Sebastian. "Danborradari herriko nortasuna eman nahi nion. Donostiakotik bereiztu, baina ezer kendu gabe".

.43 - Iaz CDa grabatu zuten obra guztiekin. Joxe Arruti musikaria: "Frantzesenak obra tradizionalak moldatu egin zituen modu originalean jo genitzan, konpasak Sarriegik idatzi bezala entzuteko".

.44 - Helduen danborradan aurten, gastadoreez gain, 19 taldek irtengo dute. Izarraitz Txoko izango da talde berria. Ziripot eta Basozabal elkarteek eskatuta dute irtetea. 19 taldeen artean 892 lagun dira; batez beste, 47. Talderik jendetsuena Itsasi da, 64 lagunekin. Gastadoreetan 16 dira.

.45 - Helduetan bost talde 60ko hamarkadan sortutakoak dira -Landeta eta Gure Ametsa dira beteranoenak: 1966koak-, 70ekoan sei talde sortu ziren, 80koan hiru, 90ekoan bi eta hamarkada honetan hiru. Gastadoreak 1959tik daude.

.46 - Egizale-Landetakoek sorreran komeriak izan zituzten arroparekin, Udalak ez zielako uzten baserritar bezala irteten. Herritarrek Landetakoen alde egin eta azkenean lortu zuten 1966an baserritar irtetea.

.47 - Haurren danborradan hamabi taldek irteten dute. Denera, 522 ume; batez beste, 43-44. Talde denak 40 eta 48 lagunen artean dabiltza.

.48 - Txikietan Itsasi Dantza Taldearena da talderik beteranoera: 1984tik dago.Ikastetxeen taldeak, 1986tik daude.

.49 - Karrozan erreginak hasieratik beti helduak izan ondoren, 1987tik haurrak dira protagonista. Nekane Astigarraga izan zen helduetan azkeneko erregina, 1986an, Loiolako Herri Irratiaren 25. urtemugari eskainitako karrozan.

.50- Ana Mari Agirrek berregeitaka urte daramatza banderak bordatzen. "Aurten Txoko elkartearentzat ari naiz bat egiten. Horrekin, 24 izango dira nik eginak".

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak