Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 8,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Euskara »  Elkarrizketak »  Meliton Rodriguez

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

“Erraztasuna falta zait, baina jadanik ia denekin egiten dut euskaraz”

Meliton Rodriguez

Melitón Rodriguez zazpi urterekin etorri zen Azpeitira bizitzera, gurasoekin, Extremaduratik (Espainia). Gaur 48 urte ditu, eta duela zortzi urte ekin zion euskara ikasteari. Eta ikasi du. "Erraztasuna falta zait".

Non hasi zinen euskara ikasten?

Ni Azpeitian beti futbolarekin lotuta egon naiz, batik bat umeak eta gazteak entrenatzen ibili naizelako; orain ere hala nabil. Futbol munduan egin izan dut zerbait euskaraz, baina gauza handirik ez, oinarri-oinarrizkoa. Orduan, orain dela zortzi urte pentsatu nuen hemen euskara ikasi beharra nuela, eta Udal Euskara Patronatoan hasi nintzen.

Zer moduz moldatzen zara orain?

Erraztasuna falta zait, nahiz eta orain dela bost urte dezenteko soltura hartu nuen, Donostian urtebeteko ikastaroa jasotzeaz gain, Zornotzan barnetegi batean hilabete pasatu nuelako egun osoz euskaraz egiten. Euskara batuan hitz egiten dut, azpeitiarrez egitea ezinezkoa zait, eta lagunartean batuan hitz egiteak lotsatu egiten nau. Baliteke berriro euskaltegian hastea, erraztasun handiagoa hartzeko.

Zeinekin hitz egiten duzu gehien?

Batik bat neure bi seme-alabekin eta Milagrosa futbol taldeko jokalari gazteekin. Asko laguntzen didate. Bestela, jada ia denekin egiten dut: Zelai Luze Elkartean, kalean... Orain dela lau urte erabaki nuen dendatan eta taberna-tan-eta euskaraz eskatzen hastea, eta dendariak-eta hasieran arraro begiratzen ninduten, "Meli, orain zu...", eta nik, "bai, bai, euskaraz"; hori lagungarri gertatu zitzaidan.

Orain agian batzuei kostatu egingo zaie zuri euskaraz egiten.

Hala da. "Meli, egia esango diat: nik hiri ezin diat egin euskaraz, ez zidak irteten", diote. Baina jendea hasi zait euskaraz egiten. Barre ere egiten dugu, nik edalontzia eta horrelako hitzak erabiltzen ditudalako eta ez basue.

Zer kostatu zaizu gehien ikastea?

Aditza. Nor-nori-nork hori...

Euskaraz ez dakien azpeitiarrari zer esango zenioke?

Ikasteko, dudarik gabe ikasteko. Zaila da, baina oso hizkuntza polita da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak