Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko azaruek 21,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Euskara »  Elkarrizketak »  Blas Erkizia

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

“Psikopatologian dabilen jendearentzat egin dut”

Blas Erkizia

Osasun Mentaleko psikiatra da Blas Erkizia azpeitiarra Beasaingo anbulategian, eta Azpeitiko anbulategian hilero du kontsulta, hirugarren asteazkenean. 'Psikopatologiako hiztegia' liburua bidali zion Baite Euskara Elkarteari urriaren hasieran, honako esaldiarekin: “Azpeitiarra naizenez, Azpeitiko euskararen aldeko taldearekin bat eginez”.

Zerk bultzatu zaitu hiztegi hau egitera?

Neure euskara lantzea izan da lehen helburua. Horretarako, nire bizitzan arlo handia betetzen duen lana hartu dut: psikopatologia. Erdaraz erabiltzen ditudan gaiak euskaraz esateko gai ote naizen probatzea izan da nire ahalegina. Ez da asko landutako alorra izango euskaraz. UZEIren hiztegi bat badago baina ez entziklopediarik. Nirea, hiztegia baino gehiago entziklopedia da.

Norentzat idatzi duzu?

Esparru horretan lanean dabiltzanentzat, batez ere. Kontzeptu korapilotsuak daude eta euskara ikasteko eta euskararen aberastasunak ikusteko balio izan dit, baita neure buruan gauzak argitzeko ere. Hasieran sei-zortzi urte beharko nituela uste nuen baina hiru urte inguruan bukatu dut.

Euskara galdua al zenuen?

Mintzatu mailan ez dut sekula galdu baina oso motelduta neukan, urte asko hemendik kanpo erdaraz bizitzen, erdaraz pentsatzen.

Nola egin duzu berreskuratze lana?

Garai batean urte bat Lazkaoko euskaltegian egin nuen baina umeak zirela-eta ez nuen astirik izan jarraitzeko. Orain urte mordo bat geroago neure kontura egin dut gehiena. Banekien liburuak hartuta aspertu egingo nintzela eta neure munduko gaiak, egunero erdaraz erabiltzen ditudanak euskaraz esateko ahalegina egitea izan da. Izan ditut une zailak ere, “zertan ari naiz horrenbeste ordu honetan sartzen?” neure buruari galdetuz. Baina aurrera egin dut.

Laguntzaile asko izan al dituzu?

Andoni Eskisabelek lanak orraztu ditu, eta elkarteko idazkari granadarrak —badaki euskaraz— ordenagailuko lanetan asko lagundu dit.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak