Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Euskara »  Elkarrizketak »  Xabier Mendiguren

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

"Euskararen normalizazioa ez da lortuko euskalgintzaren lanari esker soilik"

Xabier Mendiguren

2003ko uztailaren 19an 'Bai Euskarari Ziurtagiria' banaketa ekitaldia izan zen Azpeitian. herriko 25 erakundek jaso zuten 'Bai Euskarari Ziurtagiria'. Hori dela eta, Baite Euskara Elkarteak elkarrizketa egin zion Kontseiluko idazkari nagusiari den Xabier Mendigureni.

Bai Euskarari Akordio eta Konpromiso Prozesua Euskal Herri osoan ari da garatzen. 93 herri ari dira jada lantzen. Azpeitia da bat.

Azken urteotako lanaren fruituak une honetan hasi gara jasotzen. Kontseiluak Bai Euskarari Akordioa eta izen bereko kanpaina abian jarri zituen, gizarte eragileek euskararen normalizazioan konpromiso zehatzak har zitzaten. Konpromiso horiek gizartearen aurrean kreditatzeko Bai Euskarari Ziurtagiria sortu da eta azken asteotan herri askotan egiten ari diren ekitaldiek erakusten dutenez, saltokiak, enpresak, kirol zein kultur elkarteak, eta gainerako gizarte eragileak normalizazio prozesuan parte hartzen ari dira. Gainera, beste herri batzuek ere eskatu dute Bai Euskarari Akordioa abian jartzeko.

Orain arte Azpeitian herriko 25 eragile ari dira prozesu honetan parte hartzen, eta uztailaren 19an jaso zuten ziurtagiria.

Txalogarria eta eredugarria da Baite Euskara Elkartea egiten ari den lana. Izan ere, horrelako prozesua abian jartzeko ezinbestekoa da bertako euskalgintza sendo eta ideia garbiekin aritzea. Azken finean, euskararen gizarte erakundeak hizkuntz normalizazioaren motorra dira eta Azpeitian Baite elkarteak egindako lanik gabe, ezinezkoa izango zen orain artekoa lortzea.

Zer esan nahi dauka Azpeitia bezalako herri bat prozesu honetan sartzeak?

Gizarte eragileek euskararen normalizazioan urratsak ematea oso garrantzitsua da. Euskaraz bizitzeko, herritarrek beren eginbehar ohikoenak hizkuntza horretan egiteko erraztasunak aurkitu behar dituzte. Azpeitia bezalako herri euskaldunetan garrantzitsua da euskara bizitzako arlo bakoitzean normaltasunez ikusi eta entzun dadin lortzea, eta hori egiten ari dira gizarte eragile asko beren konpromisoaren bidez.

Zestoan Kontseilua, Udala, UEMA eta herriko euskalgintza uztartuz ari dira lanean. Beste herrietarako ispilu izan daitekeela uste al duzu?

Bai, zalantzarik gabe. Baraņain, Sakana, Tolosaldea eta abar bezala. Kasu horietan euskalgintzarekin batera administrazioa ere lanean ari da, Bai Euskarari Akordioa garatzeko asmoz. Euskararen normalizazioa ez da lortuko euskalgintzaren lanagatik soilik, gizarte osoaren parte hartzearekin baizik. Ildo horretatik, euskalgintzak, administrazioak eta gizarte eragileek bere funtzioa dute eta bakoitzak zor zaion begirunetik lan egin behar du. Jakina, denok batera aritzen baga, gure hizkuntzaren normalizazioa lortzetik hurbilago egongo gara. Kontseilua beti saiatu da administrazioarekin bat egiten.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak