Euskara eta Azpeitia (Gotzon Garate)
Gotzon Garate idazleak Uztarria aldizkariaren 53. zenbakian idatzitako iritzi artikulua da, 2004ko uztailean 'Euskara eta Azpeitia' izenekoa
Beren bizitza osoa baserrian eman dutenen euskara oso ona da, ereduzkoa. Hitz egiten maisu dira. Baserri batean egin nuen lehen egonaldian hitzaldi batera joan nintzen baserriko kide batekin eta amaieran esan nion: “Zein ondo egon den hizlari hori”, eta baserritarrak erantzun: “Gu ere ongi egon gara bada”. Orduan konturatu nintzen, kaletarrok ez bezala, gaztelaniaren erdal eraginik ez dutela ia baserritarrek. Nik bederatzi urte egin nituen Euskal Herritik kanpo, eta itzuli nintzenean pentsatu nuen, “zer egin behar dut euskara ongi ikasteko? Baserrietara jo”. Baita asmatu ere.
Baserrietako euskara eredugarri da niretzat, hain zuzen ere ezaugarri hori duelako, erraza eta bizia delako. Baserritarrek eguneroko gauzez, lanez hitz egiten dute, eta modu garbi eta aberatsean euskara erraza, ulergarria egiten dute. Horixe da gaur egun lortu behar duguna. Askotan euskal sena ahaztu eta nahasi egiten dugu gure hizketa.
Euskara txukuna egiteko giltza non dagoen? Gaur egun, zorionez, material ugari eta oso baliagarria dugu. Antzina, Koldo Mitxelenak lan ikaragarria egin zuen gramatikan eta beste arlo batzuetan, baina Resurreccion Maria Azkuek hutsetik egindako hiztegia, operak, eleberriak, eta abar ezin ahaztuzkoak dira niretzat. Orotarikoa altxor ikaragarria da idatzizko tradizioa jasotzeko. Dena den, baserritarren moldeak, ahozkoak izaki, bizirik daude eta horiei ezin diegu ihes egiten utzi, nola edo hala jaso behar ditugu.
Bestela, lexikoa, esaterako, aldatzen da, baina funtsean oinarria bat da. Tradiziozkoa ez da bakarrik hutsak baztertzen dituena, baizik aberasten dituena. ‘Agujetas’ esateko molde asko daude, herriak egunero erabiltzen dituenak gainera. Kontua ez da erdaretakoak ez erabiltzea; ulertzen bada horren gaizki ez
dagoen seinale baita. Dena den, oso kontuan hartzekoa da horrelako hitzak mugaz bestaldekoek ez dituztela ulertzen. Beraz, euskara txarra antzemateko bi irizpide horiek oso kontuan hartzekoak dira: lehenik eta behin, mugaren bi aldeetan ulertzen den, eta ondoren tradizioari atxikia den. Hizkuntzak elkar ulertzeko dira eta ulertze hori hizkera aberatsez egiten bada, hobe.
Tokiak bereizi behar dira, nire ustez. Hizkuntza zenbat eta gutxiago egin orduan eta gehiago kaskartzen da. Azpeitian, esaterako, oso euskara ona egiten dute, egun osoan euskaraz ari direlako. Hala ere, baserrietan are hobeto mintzatzen dira. Kalean erdal joera errazago sartzen da eta egunero erabiltzen ez dena ahaztu egiten da nolabait. Baina nik uste dut bestela, euskaraz egiten den herrietan, oro har ondo egiten dela.
|