Ojacastroko euskalduna (Jose Luis Otamendi)
Jose Luis Otamendi idazle azpeitiarrak Uztarriaren 46.alean (2003ko abendua) iritzi artikulu bat idatzi zuen Azpeitian euskarak duen egoeraz.
"Itsu-itsu onartzen da azpeitiarra berezko euskalduna dela sinestearena, jatortasun labelari esker arduratu beharrik ez duela bere euskaltasun gibelandian. Azpeitian bertan, ordea, kolore askotako azpeitiarrak dira: euskaldun zaharrak asko, erdaldun zaharrak, euskaldun eta erdaldun berriak beste zenbait. Guztiak ere azpeitiar. Euskaltasunak baditu milaka aurpegi.
Ojacastroko euskalduna ikusi genuen orain hurrengoan Euskal Telebistan, ostua zioten euskararenganako arreta eta begirune eske. Erdi Aro urrunetsian euskara nagusi zen, nonbait, bere he-rrian, eta agerian erakutsi nahi dute han ere euskara ez dela arrotz. Ni zer pentsatu ez nekiela geratu nintzen Errioxako erakundeek euskara bere ondaretzat hartzeko jartzen zizkien traben aurrean, Espainiako euskaldun talde horren heroikotasunari begira. Xoraturik, izuturik. Iragana geroan ikusteko zoria eman zaionaren ikaraz.
Neurekiko egin nuen ez zegoela identitatea eguneroko tortura mailara zertan ekarri, eta antzeko bu-rutazioak. Esana du poetak, "hizkuntza gu bizitzeko behar dugu, eta ez gu bizi hizkuntza bizi dadin". Lehen ere misiolari saldoak emanak gara, onberatasun kriminalez hamaika herri zapaldutakoak, zorion perfektuaren funtzionario lanetan suhar.
Normalizazioa boladan darabilgun hitz fetitxea da. Normal nahi dugu izan, eta euskaldunok Euskal Herrian laurden triste bat osatzen ez.
Azpeitian ordea, ai Azpeitia! Ia Zuberoa haina bada jendez, eta euskaldunago hagitzez. Ispilu itsugarria daukagu etxean munduarentzat; zertan da eredu baina? Galdetu nahi nuke zer meritu egin dugun horren euskaldun aratz, horren gora, horren harro agertzeko?
Azpeiti honetan denok dugu euskararen osasunaren ardura, ez maila berekoa baina. Aurrena bermatu beharrekoa, nire ustez, euskaldunari bezalaxe erdaldunari Azpeitian euskaraz bizi ahal izatea da. Bestela eskubide bat urratzen ari gatzaizkio euskaldunari bai, baina baita erdaldunari ere."
|