|
|
|
Udalaren eta euskalgintzaren aukera (Enekoitz Esnaola)
Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) 2003ko abenduan abian jarri zen Azpeitian. Enekoitz Esnaola kazetariak EBPN-ri buruz idatzi bat argitaratu zuen Uztarriaren 44.alean (2003ko urrian).
"Baite Euskara Elkartea sortu zenean (2001eko otsailean), kritika hiru norabidetan egin beharra zegoen: kritika udalari, kritika herriko euskara taldeei eta erakundeei, eta kritika azpeitiarrei. Izan ere, ordu arte, herria hain euskalduna izan arren (%88k badaki euskaraz), Azpeitian ez ginen euskaraz bizi, udal administrazioak ez zuen euskaraz funtzionatzen, herrian ez zegoen euskara elkarterik, herrian ez zegoen euskararen normalizaziorako plan estrategikorik... Garai hartan bertan, Azpeitian euskararen alorrean ordu arte lortutako adostasunik handiena lortu zen; Kontseiluarekin batera plan estrategikoa martxan jartzeko, hain zuzen. Planaren erabakigunea, gidaritza eta jarraipen batzordea hiru hankatan oinarrituta zegoen: udala, euskalgintza eta herriko eragileak (enpresak, komertzioak, taldeak...). Baina plan hura bertan behera geratu zen, udalak bere kasa Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) martxan jarri zuelako 2001eko abenduaren 2an.
Oraindik, ordea, ez du abian jarri. Oraintxe abiatu nahi du, presaka: bi urtera osatu du EBPNren Aholku Batzordea (herriko euskalgintzari eta eragileei batzordeari buruz aholkua eskatu gabe...); batzorde horretako kideei hiru astean 2004-2007ko plan estrategikoaren txosten orokor eta mardula irakurtzeko, aztertzeko eta proposamenak egiteko eskatu die, gero urriaren 23an onartzeko; eta abenduan, Azpeitira zuzenduriko 2004ko kudeaketa plana onartu nahi du. Udalak gauzak diseinatu dituen moduan, prozesu horretan —eta gero—, euskalgintzak eta herriko eragileek aholkua emateko ahalmena besterik ez dute izango.
Baina kritika ez zaio udalari soilik egin behar. Azpeitian EBPN geldirik dagoen bi urte hauetan, herriko euskalgintzak, eragileek eta euskaltzaleek plan estrategikoa martxan jartzeko ez dutelako ezer egin.
Euskara, denona.
Orain, berriz, udalak EBPN abian jarri nahi duela eta, euskalgintzak eta herriko eragileek ezin dute errazera jo; hau da, Aholku Batzordean parte hartu (urtean bi bilera!), ardura osoa udalari eman, eta kito. Udalak ere ezin du besteekiko begirunerik gabe jokatu, plana gidatzeko ahalmena eta zilegitasuna berak bakarrik edukiko balu bezala. Ez al da euskara denona? Ez al dugu euskara politikatik bereizi behar?
Orain arte zer eta nola egin den eta hemendik aurrera zer eta nola egin daitekeen jakin behar da, batez ere. Egin zitekeenaren aldean, udalak gutxi egin du euskararen normalizazioaren alde azkeneko 24 urteetan (Francoren ondorengo lehen udal hauteskundeetatik), eta orain dena segituan jarri nahi du martxan; 2004an Azpeitiko Udala EBPNrako berriz ere Eusko Jaurlaritzaren diru laguntzarik gabe ez geratzeko, akaso?
Baina dirua ez da dena. Udal orok bere herriko arlo denak euskaraz bizitzen jartzeko gaitasunik ez du, baldin eta plan estrategikoaren erabakigunean eta gidaritzan bera bakarrik badago, udala ez dagoelako horrelako gauzetarako herrian behar bezala txertatua. Azpeitian EBPN azkenean hala abiatuko balitz, hankasartzea litzateke.
Euskalgintzaren Estatusa.
Euskararen normalizazioari begira euskalgintzak herrian udalaren beharra duen bezala, udalak euskalgintzaren beharra dauka. Horrela, plan estrategikoaren kudeaketa egiteko, udalak euskalgintza ezin du hartu herriko enpresak, komertzioak, dantza edo kirol taldeak bezala, euskalgintza ezin du maila berean jarri, orain Aholku Batzordean jarri duen bezala. Euskalgintzari beste estatus bat ematea da logikoena, honexegatik: euskararen alorrean, ikuspegi, helburu eta jarduera aldetik euskalgintza eta aipatutako eragile horiek denak ez dira berdinak. Izan ere, euskalgintzaren ikuspegiak herri osoa hartzen du, eta eragile horienak ez, bakoitzak berea baizik. Normalizazioari begira, euskalgintzaren helburua herri osoa euskalduntzea da, besteak beste helburu horrekin sortzen dira euskara elkarteak, enpresa horiek, komertzio horiek, dantza edo kirol talde horiek euskaraz bizitzen jartzeko, eta horretara bideratzen du jarduera; aldiz, gai honetan enpresa baten helburua bere enpresa euskalduntzea da —edo ez—, komertzio batena ere bai —edo ez—, dantza edo kirol talde batena ere bai —edo ez—. Hori dela eta, errespetu osoarekin esanda, euskalgintza ez da hartu behar beste edozein sektore bezala, herriaren ardatz bezala baizik. Eta gure herrian euskalgintza esaten denean, hiru ikastetxeek, euskara taldeek, euskarazko komunikabideek eta bi euskaltegiek osatutako multzoaz hitz egin behar da; horiek sortu zuten Baite.
Beraz, “euskaldunek euskaraz bizitzeko aukera izateko (maila pertsonalean, sozialean eta ofizialean)” egiten den edozein plan estrategikok, plana bera egiteko, gidatzeko, gauzatzeko eta egunero-egunero jarraipena egiteko, batik bat udalaren eta euskalgintzaren beharra dauka, eragileen laguntzarekin jakina. Garrantzitsuena ez da planaren izena, izana baizik. Garrantzitsuena ez da markoa, koadroa baizik.
Udal berria, eskema zaharrekin?
Azpeitiko Udalean agintean, aspaldiko partez, jende berria dago, eta elkarrizketarako talante hobea edukiko dutela esaten da. Ez dute zaila, egia esan. Baina erakutsi egin beharko dute ez dutela eskema zaharrekin segituko, eta eskema zaharrekin ez segitzea udala herrira zabaltzea da, herriko gaietan eragileekin eginez gauzak, hauei hitza eta erabaki ahalmena emanez. Azpeitian euskararen gaian arazoak izan dira azken urteetan (ez euskalgintzak sortuta). Eta gai honek, gaur egungo egoera politiko nahasi baina interesgarrian (ere), adostasuna eskatzen du. Aukera ona dago Azpeitian."
|