|
|
|
Koldo Zuazo
Euskara batua ala euskalkia? Horra hor aukera, horra eztabaida. Gaiak badu interesa, eta horretaz mintzatu zen Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea Aitonenan 2002ko urriaren 16an, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, kontzientziazio kanpainaren barruan. 25 lagun bildu ziren hitzaldira eta bi orduz oso gustura egon ziren.
Euskara batua ala euskalkia? Horra hor aukera, horra eztabaida. Gaiak badu interesa, eta horretaz mintzatu zen Koldo Zuazo euskaltzain urgazlea Aitonenan 2002ko urriaren 16an, Baite Euskara Elkarteak antolatuta, kontzientziazio kanpainaren barruan. 25 lagun bildu ziren hitzaldira eta bi orduz oso gustura egon ziren. Honatx Zuazok orduan esandako batzuk:
“Orain 40 urte inguru, zenbait herritan, Eibarren kasu, euskaraz aritzen zirenak caseroak ziren. Gaur hori gutxienez aldatu egin da. Gaur, ordea, gazteen hizkera entzunda harritu egiten gara. ‘Bi mila pelatan, kriston kamiseta guapue erosi dot, tio’”.
“Bada beste arlo bat nahiko ahazturik duguna baina oso garrantzitsua izan dena: haur hizkera. Euskal Herri osoan bera izan dena galdu da edo ia galduan da. Gaur aita-ama gazteek ez dute ia erabiltzen. Gure haurtzaroan: papa=ogia; mama=ura; popo=autoa; pipi=pixa; apapa=kanpora; txitxia=haragia; ninia=haurra... entzun ditugu; gaur, ordea: ‘emon besito carińo’, ‘princesa’ eta horrelakoak ari dira ugaritzen”.
“Euskara batuak 34 urte ditu baina nahiko istilutsua izan zen erabakia; bailara honetan bertan erreferenduma eta guzti egin zen. Baina ikus ditzagun euskara batuaren alde onak:
- 1. Alderdi guztietako euskaldunen ulermena.
- 2. Euskara ezein esparrutan erabiltzen da gaur.
- 3. Euskal Herriaren osotasuna hartzen du aintzat.
- 4. Euskaldun berriak asko ugaritu dira.
- 5. Euskararen mugak hautsi egin dira.
- 6. Euskara hizkuntza izatera heldu da. Baina euskara batua ez da asmatu Azpeitian kalean eta lagunartean erabiltzeko edo azkoitiar eta azpeitiarren arteko komunikaziorako.
Zenbait gauzatan astakeriak egin dira. Adibidez, herri guztiak ‘Gabonak’ esan izan duen garaian, ‘Eguberriak’ erakutsi da hobea delakoan. Amonak ilobari ‘zelan zagoz?’ esan eta honek zuzendu egiten dio, ‘nola zaude? esan behar da, amona!’ erantzunez”.
“Gurasoek beti izan dute beren haurren euskaran aurkitutako akatsak zuzentzako joera. Beharrezkoa izan da eta da gaur ere. Baina gaurko guraso askori zalantza asko sortzen zaio zer dagoen ondo eta zer gaizki erabakitzerakoan. Transmisioa izateko gurasoek seguru sentitu behar dute beren hizkeran”.
“Euskara erosoa eta artifiziala bereizteko ahalmena galdu dugu. Gaur egun etxeei, tokiei, txakurrei eta abarrei izen arrotzak jartzen zaizkie, telebistakoak sarri. Gutxi errotutako hitz baldar asko ari da sortzen: ‘ahalbidetu’, ‘bideragarri’, ‘ekidin’, ‘herri bizigarri’, ‘ur edangarri’, ‘mobilizapen’, ‘deia luzatu’...”.
“Ez da berdin hitz egina eta idatzia. Ida-tzian, herri euskaran ere hitz osoak idatzi behar dira, ez bada komikiak edo kalean egindako galderak ez badira. Euskara batuak maila desberdinak ditu: herriko batua, bailarakoa, probintzia mailakoa edo Euskal Herrikoa. Zein lekutarako den, hango hizketa erara hurbilago izan behar du, konplexurik gabe”.
--
"Noiz sortu zen Azpeitiko euskalkia?":http://www.uztarria.com/albistiek/1197304289
|