|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 31a
- 1960. Anaia Maristentzat Ikastetxe berri bat altxatzeko gestioak egitea erabaki zen.
- 1960. Udal arrandegia botatzea erabaki zen, eta udal arkitektuari toki berean eraikin bat egiteko proiektua egiteko eskatu zitzaion, udal zerbitzuak bertan jartzeko asmoz.
- 1928. Azkoitia eta Azpeitia arteko mugen akta sinatu zen, Lete eta Larrume baserrien inguruan Munategi edo Arrupe errekarekin topo egiten duen tartean.
- 1920. Urola trenari buruzko gestioak Madrilen nahiko ongi zirela esanez idatzi zuen Inazio Perez Arregik.
- 1915. Musika Bandaren zuzendaritza eskuratu nahi zuten zazpi lagunen eskaerak irakurri ziren, baina adostasunik izan ez zenez, bozketa egin zen. Sebastian Perez Clavijok bost boto lortu zituen eta Hilario Bereziartuak lau; lehenena izendatu zuten.
- 1868. San Inazio Gasteizko apezpikutza eta Gipuzkoa eta Bizkaiko zaindari izendatu zutelako, ekitaldia ospatu zen goizean.
- 1858. Iruņeko apezpikuari igande eta jaiegunetan San Agustingo elizan meza izatea eskatzeko prestatu zen txostenaren berri eman zen, onartuz.
- 1849. Espainiako erregearen gobernuak San Agustin komentua herriari emateko jarritako baldintza bat bertan irakaskuntza publikoa egokitzea izan zenez, arkitektu bat izendatu zen plano bat egiteko.
- 1829. Frontoiaren inguruan Juan de Dios Alzagak egin nahi zuen etxearen diseinua onartu zen.
- 1812. Goizeko zortzietarako 500 zatiko haragia prest edukitzeko aginduz, Roke Antonio Aizpuru komisarioak aurreko egunean idatzitako gutunaren berri eman zen. Horren berri jakin ondoren, alkateak adierazi zuen nolatan egin zioten mehatxua 500 makilkada emango zizkiotela goizean eskatutakoa prest izaten ez bazuen. Probintziako Kontseiluari idaztea erabaki zuela esan zuen. Alkateak ez ezik, agintari guztiek beren karguak uzten zituztela esan zuten, herria gobernurik gabe gelditzen zela. Kontseiluaren berehalako erantzunaren zain gelditzen zirela agertu zuten. Bertaratzen ziren tropei erantzuteko herriaren aldetik aurreraturik zuen diruaren berri ere adierazi zuen.
- 1780. Mehea burdinoletara ekartzerakoan eta burdina Beduara eramanez gurdiak kaleetan zehar egiten zituzten kalteen jakinean izanik, eta egurra eta simaurra erabiltzen zuten baserritarrak kontuan hartuta, gurdiak kaleetan ibiltzea debekatu zen, kaleko etxeren batean ez bazuten gurdia bete edo hustu behar. Beduara burdina eraman behar zutenek edo bertatik mehea ekarri behar zutenek, beheko portaletik Enparan zubira pasatu behar zuten eta bertatik burdinola edo baserrietara.
- 1741. Parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko behar zen dirua aurreratzea erabaki zen.
- 1711. Zumaiko alkateari 50 dukateko isuna ezarri ziotela jakinarazi zen, herrirako generoak ekartzen zituen hornitzailea Beduan geldiarazi zuelako.
- 1675. Probintziaren aginduaren arabera, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenez alardea urtean behin egingo zen abisua auzoetara pasatzea erabaki zen. Elizaren bidez jakinaraziko zen 18tik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiak agertu behar zirela; bestela, 1.000 maraiko isuna izango zuten.
- 1571. Amador Alzagak jakinarazi zuen Donostian izan zela Inkisidoreari Gorputz egunean antzerki bat egiteko baimena eskatuz. Baiezko erantzuna jaso zuen. Inkisidoreak beste toki askotan ikusi zuela adierazi zion, eta egokia iritzi ziola.
|