|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 27a
- 2007. Udal hauteskundeak izan ziren. EAJk irabazi zuen, 3.300 botorekin -zortzi zinegotzi-. Bigarren alderdia EAE-ANV izan zen, 2.409 botorekin -sei zinegotzi-. EAk 760 boto eskuratu zituen -bi-, EB-Aralar koalizioak 404 boto -bat-, PSE-EEk 343 -barere ez-, PPk 224 -batere ez-.
- 1984. Xoxoteko aterpea zabaldu zen.
- 1975. Herri Zale Batzordeko lehendakariak diru laguntza eskatu zuen ekainaren 15ean Marrazki eta Margo Lehiaketa antolatu nahirik. Udalak 5.000 pezeta ematea erabaki zuen. Aurrekontua 63.400 pezetako zen eta Gipuzkoako Kutxa Probintzialak agindu zituen 50.000 pezeta.
- 1908. Urolaldeko tranbiari buruz eginiko eskariari ezezkoa eman zitzaion, Espainiako erregearen agindu baten bitartez. Aurreratutako dirua eskuratzea erabaki zen gestioak eginik.
- 1885. Loiolako obren jarraipenaren lehen harria jartzeko ekintza zela eta, Pozezko oroimen bat gordetzea erabaki zen aho batez.
- 1843. Zestoako bainuetxean aurreko egunean eginiko bileran, Zumaitik Erraztibasoko burdinola bitarteko errepideari buruz hartutako erabakien berri adierazi zen. Gainera, herri bakoitzak ordaindu beharrekoa adierazten zuen eskritura sinatu zela esan zuten.
- 1835. Batzarrerako deialdia egin ondoren alkateordeko egiten zuen Joxe Inazio Zuazola eta Gerrako Diputazioaren mandatari ziren Arrizabalaga, Zabala Elizalde eta Zabala Antxieta atxilotu zituztela kontuan izanik, eta agintaritzara iristeko gaia zuten herritarrak zirela jakinik, aho batez izendatu zuten Inazio Amilibia alkatetzarako. Joxe Antonio Zabalia, Pedro Ezeiza, Joxe Oiarzabal eta Juan Antonio Orendain aukeratu ziren erregidore bezala. Postuak hartzera berehala deitzea erabaki zen.
- 1812. Komandanteari herriak egindako gastu handiak jakinarazteko batzorde bat izendatu zen, momentuan ezinean zebiltzanez laguntza gehiago lortzeko asmoarekin. Batzordea osatzen zutenak berehala itzuli ziren, Gaspar Jauregiri herriko egoera azaldu ondoren. Baserritarrei eginiko kalteak gogoratu zituzten batez ere, lanerako behar zituzten abereak kendu zizkietelako. Abuztura bitartean herriari ezarritako 71.880 errealeko kontribuzioa bapo ordaindurik zuela ere jakinarazi zuten, gutxienez 100.000 errealera iritsirik, beste 40.000 errealen hornikuntzak aurreratu zituela kontutan hartu gabe. Bazirudien, batzordekoen iritziz, horrek guztiak konbentzitu egin zuela Jauregi, erantzunik gabe isilean gelditu zelako.
- 1774. Izarraizko Usalain putzua garbitzen egindako gastuak ordaindu ziren; ganaduentzat beharrekoa zen putzua.
- 1719. Frantziako tropak barnean zirela eta azken bi hilabetean probintzia zer egoera larrian zen ikusirik, bederatziurren bat, errogatibak eta kaleetan zehar prozesioa egitea erabaki zen.
- 1700. San Agustingo prioreak, komentuko obrak egiteko behar zuen egurra eskatu zuen, unean garraiatzaile batzuk zituenez. Udalak batzorde bat izendatzea erabaki zuen.
- 1692. Guztia behar bezala zegoen edo ez ikusteko, azken azterketa egin zitzaion parrokiko erretaula nagusiari.
- 1653. Soreasu errota enkantean jartzea, elizaren bidez jakinaraziko zela erabaki zen.
- 1584. Herri barruan eta kanpoan bizi ziren asko udaletxeko atean bildu ziren, beraien artean bakea lortu nahirik. Kanpoan zirenek esaten zutenez, bi mila dukat eta gehiago zor zituen herriak, kontuak gaizki egin zituelako. Guztien artean, kontuak ikusteko batzorde bat izendatzea erabaki zen.
- 1577. Martin Garzia Loiola lekuko izanik, Akemendi lizentziatua, Frantzisko Iñiguez Alzaga eta Frantzisko Iarza, Loiolan zegoen Jesusen Lagundiko Probintzialarena joan eta hari ongi-etorria egitea erabaki zen, herriak kristau doktrina eta prediku beharra zuela jakinaraziz.
|