|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 26a
- 2002. Lagun Onak futbol taldeak Hirugarren Mailarako igoera lortu zuen Asti zelaian Zarautzi 1-2 irabazita. Tentsioa azken uneraino luzatu zen, garaipena partida amaitzeko bost minutu falta zirela Poncek sartutako golak eman baitzien Lagun Onakekoei. Dena den, igoera ez zegoen beraien esku soilik. Izan ere, Tolosa puntu beraiekin baina aurretik zuten sailkapenean, eta hauek lortutako emaitzak bazuen eragina. Gainera Zarautz-Lagun Onak norgehiagoka amaitu ondoren Tolosak partida berdinduta zuten eta oraindik norgehiagoka bukatzeko zegoen. Azkenean 1-1 egin zuten Hondarribiko taldearen aurka jokatutako partidan, eta, beraz, Lagun Onak zen igoera lortu zuena.
- 2001. Uztarria Kultur Koordinadoraren eskutik, Enekoitz Esnaolak idatzitako Joxe Urbieta Takoloren biografia aurkeztu zen.
- 2001. Takolo baserriaren inguruan, Joxe Urbieta Takolo mendizalearen irudia inauguratu zen, Diego Cruz azkoitiar artistak egina .
- 1936. Alejandro Etxeberriak honoko eskaera zuzendu zuen, idatzian arrazoi batzuk agertu ondoren: 1: enkante publikoan alokatu zitzaion Guardia Zibilaren koartel zaharraren kontratua ezerezean uztea. 2: udalak hartutako erabakia bertan behera uztea; hau da, azken hiru hilabeteetako ordainketa barkatzea. Lehen puntua ontzat hartzea erabaki zuen udalak, baina 678'50 pezeta ordaintzea eskatuz. Berriro alokagai jartzea onartu zuen.
- 1936. Euzko Nekazarien Bazkuna deituriko elkarteko lehendakariaren gutuna jaso zen, ekainaren 14an herrian Nekazari Eguna ospatuko zela esanez. Udalari inolako ordainketa gabe Musika Banda, zezen-plaza, Azoka plaza eta mila pezetako diru laguntza eskatu zioten eskutitz hartan. Baiezkoa eman zuen.
- 1936. Hilerria erosteko udalak eginiko 15.875 pezetako proposamena Gasteizko apezpikuak ontzat hartu zuela adierazi zuen alkateak. Gainera, eskriturak sinatzeko ahalmena berari ematea erabaki zen. Ondoren jakinaraziko zuen alkateak berak, hilerrian zegoen kapera ez zela sartzen erosketa horretan eta elizarena izaten jarraituko zuela. Bide bat utzi zen bertarako, baina beste guztiei bezala zerga bat ezartzeko eskubidea zuten bertan hilobia emandakoan.
- 1897. Zumarragatik Zumaira bitarteko tranbe elektrikaren batzordeko kidea zen Azkoitiko alkatearen idatzia jaso zen. Bertan zioenez, Iraetan eginiko bileran ez zen erabaki ikerketa lanak aurrera eramateko zenbat ordaindu beharko zuen herri bakoitzak. Batzorde horretan herriko ordezkari ziren Klementeri eta Orbegozori ahalik eta etekin egokienak lortzen saiatzeko erregutu zitzaien, gaiari buruz erabakia hartzean.
- 1835. Herriaren egoera larria ikusirik, egoera zuzenduko zuen batzorde edo udal bat osatu gabe, agintaritza eskura zezaketen herritar guztiei deitu eta batzar nagusi bat egitea erabaki zen. Hurrengo egunean bertan izango zen batzarra, goizeko hamarretan, herria ordezkatzeko udal berri bat edo batzorde bat izendatzeko.
- 1730. Izarraizko izoztegia eta etxetxoa ikustea erabaki zen, eginda zenbat eta egiteko zenbat gelditzen zen jakin nahirik. Beraiek egitean aurrez prestatutako itxura gorde ote den gogoan izan zuten .
- 1697. San Martin ospitalean obrak egin behar zirenez, bertan zeuden herriaren armak jasotzeko, udaletxean gela bat egokitzea erabaki zen.
- 1656. Inazio Atxaran izendatu zen herriari tokatzen zitzaizkion zazpi soldadu Tolosara eramateko. Bueltan beharreko agiria ekarriko zuen.
- 1560. Pedro Ugarte maisuarekin eskritura sinatu zen, Amuko zubia harrizkoa egiteko.
|