|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 25a
- 2003. Kepa Peņagarikano pilotariak erraz irabazi zuen Lehen Mailarako pasea. Pilotari gazteak 22 eta 9 irabazi zion Haritz Berraondori Bigarren Mailako finala. Sakez 11 tanto egin zituen, Berraondoren gabeziak nabari utziz.
- 2003. Udal hauteskundeetan lortutako emaitzak hauek izan ziren: EAJ-EA koalizioak 15 zinegotzi, PSE-EEk bat eta PPk beste bat. Habeak, plataformak berak emandako datuen arabea, 2.027 boto lortu zituen; Habea legez kanpo jota zeukan Espainiako Justiziak.
- 1975. Lagun Onak futbol taldeak lehen aldiz Hirugarren Mailara igotzea lortu zuen.
- 1966. Epaitegia jartzeko lanak adjudikatu ziren Udaletxean.
- 1959. Musika Bandari diru laguntza kentzea erabaki zen. Horrela, idazkaritzak hartu zituen bandak zeuzkan udal instrumentuak eta materiala jasotzeko eta entseguak egiten erabiltzen zuen lokaleko giltzak.
- 1931. Mateo Mujika apezpikua atzerriratzea salatu zuen herriak.
- 1903. Bustinzuri errebaleko biztanleen eskaerari erantzunez, iturri bat jartzea erabaki zen Sagastizabal baserrirako bidea hasten den tokian.
- 1887. Enparan eta Santiago kaleak harriztatzeko baldintzak onartu ziren.
- 1868. Juan Amezuak eginiko organoa ikusi eta beraien iritzia agertzea ezinezkoa egiten zitzaiela adierazi zuen Joxe Inazio Aldalur organojoleak. Organoaren arazoa noizbait amaitu nahirik eta era guztietako iritziak jaso ondoren, Amezuari proposamena egitea erabaki zuen herriak. Proposamenak zera zioen: 3.000 erreal emango zitzaizkion, akatsak zuzentzeko egin zituen aparteko lan guztien ordain bezala. Horrela, gainontzeko eskakizun guztiak moztu egin ziren.
- 1868. Nahiz eta publikoki ezagutzera ez eman, egia zen aita santu Pio IX.ak San Inazio izendatu zuela Gasteizko apezpikutzako zaindaritzat. Gipuzkoa eta Bizkaiari zegokionez, atsegina izan zen herritar guztientzat, eta hurrengo igandean ospatzea erabaki zen. Herria korporazioan joango zen parrokiraino eta bertan meza entzun ondoren, Te Deum abestu. Albistea aurrez jakinarazi zitzaien apaizei.
- 1835. Juan Eizagirre apaizak arerioarekin bat egin zuela esan zen, eta haren ondasunak bahitzea erabaki.
- 1819. Olazko ermitan eta Elosiagako elizan eginiko konponketa lanak ordaindu ziren.
- 1739. Loiolako langileen artean batzuk iskanbila sortu nahian zebiltzala jakin zen: aleen neurria aldatzeko herritarrak zirikatzen ari ziren batzuk. Alkateak haietako bi atxilotu zituela adierazi zen etam ondoren, probintziko kartzelara eraman zituela. Errudunak zirela eta zigortzeko esanez, korrejidoreari eta Diputazioari idaztea erabaki zen.
- 1732. Saltzeko basoak seinalatu ziren, eta Lasaoko burdinoletako jabea zen Frantzisko Agirre Okendok erosteko gogoa adierazi zuen. Herriak debekatua zuen basoak kanpora saltzea, eta, beraz, Valladolideko (Espainia) Erreal Chancilleriako abokatu batekin harremanetan jartzeko bi ordezkari jarri ziren. Horien egitekoa debekua bertan behera uztea izango zen, herriarentzat kaltegarria baitzen.
- 1685. Getarian ospatutako Gipuzkoako Batzar Nagusiaren agindua beteta, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean alardea egitea erabaki zen. 18tik 60 urte bitarteko gizasemeak deitu ziren enparantzara, arratsaldeko ordubietarako. 500 maraiko isuna ezarri zen herritarrentzat eta 200ekoa biztanleentzat.
- 1685. Bernardino Azpillaga eta Juan Etxeberriak nahastu gabeko sagardoa kanpotik ekartzeko baimena eskatu zuten, gero, herrikoak amaitutakoan, saltzeko. Baina herriak ezezkoa ematea erabaki zuen, eta, bide batez, kanpoko sagardoa ekarri eta saltzen zuenari 50 dukateko isuna ezarriko zitzaiola jakinarazi zen.
- 1683. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia egiteko baimena eman zuen.
- 1668. Batzorde bat izendatu zen Soreasu errotaren presa ikusteko, errotariaren iritziz gaizki baitzegoen. Ikusi ondoren egoera txarra zela baieztatzen bazen, Martin Garatetxea maisuari aginduko zitzaion konponketa.
|