|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 15a
- 2005. Xabier Iturraldek Gipuzkoako lokotx biltze txapelketa irabazi zuen. Lehia Astigarragan jokatu zen, eta 6:44ko denborarekin izan zen garaile.
- 1997. Azpeitiko merkataritzari buruzko ikerketa soziologikoa aurkeztu zuen udalak.
- 1934. Aratzerrekarako errepidea egiteko behar ziren langileetatik, %70 herritar langabetuak izatea onartu zen, momentuko langabezia kontuan harturik.
- 1912. Merkatari ibiltariek kalteak sortzen zizkiela esanez, herritar merkatariek eginiko kexak kontuan hartuta, bigarrenei postua kobratzea onartu zen.
- 1905. Herriari elektrika argia eskainiz, Anastasio Beloki eta Klaudio Manuel Odriozolak eginiko proposamenak ikusi ondoren, bigarrenarekin tratua egitea erabaki zen.
- 1895. Errekalde ingurutik Errezilerako errepidearekin Gazte ondoan bat egingo zuen bidearen enkantea onartu zen.
- 1882. Unean trinketea zegoen tokian frontoi berri bat egiteko proiektua aurkeztu zuen herritarren artean sortutako batzordeak, eta udalak bere aldetik beste batzorde bat izendatzea erabaki zuen, bata eta bestea harremanetan jarri eta proiektu berri bat aurkez zezaten.
- 1851. Erraztibasotik Salbatorera egiten zen bidea zuzentzen zuen Manuel Peironcelyk zioen derrigorrezkoa zela Urrestillako zubian aldaketak egitea. Herriak, behar zena egiteko prest zegoela adierazi zuen.
- 1826. Bakoitzaren zuzentasuna kontuan hartuta, Gipuzkoako tertzioa osa zezaketenen aukeraketa egin zen. Herriko agintariekin zerbitzua egin gabe gelditzen ziren herritarrak bildu ziren horretarako, denen artean zenbaiten jokaera politikoa neurtzeko. Horrela aukeratutakoen artean agertzen ziren: Manuel Etxeberria, Joxe Joakin Etxeberria, Joxe Oiarzabal, Joxe Bixente Bergaretxe, Juan Angel Otaņo, Joxe Iparragirre, Joxe Olaizola, Joakin Amenabar, Joxe Inazio Iriarte, Agustin Iturriaga, Tomas Iturbe, Bernardo Iturriaga, Diego Abarrategi eta abar, 44 bat bitartean; Blas Antonio Arrieta kanpoan gelditu zen.
- 1793. Gaztelako Kontseilu Nagusiak bidalitako agindu errealaren berri eman zen, errogatibak egiteko erregearen asmoak betetzeko laguntza eskatuz. Apaizei albistea pasatzea erabaki zen, hilaren 19an errogatiba, meza eta prozesioa egiteko kaleetan zehar.
- 1786. Urteko alardea edo arma erakusketa formaltasun gutxirekin egiten zela adierazi zen, neurriak hartu nahirik. Egiten zen bakoitzean gutxienez 150 gizaseme egotea beharrezkoa zela. Herriko biztanleen zerrenda egitea egokia zela esan zitzaion momentuko agintariei, txandaka deitzean agertzeko eta ordezkoak bidaltzeko, izenda zezaketen isunarekin. Bestalde, alardean gorde beharreko ordena erabaki zen: lehen lerroetan agintaritza eskura zezaketen herritarrak izango ziren, eta haien ondoren herritar kapera bereziak eta, azkenik, hauen ondoren kapera gabeak, baina odol garbitasuna aurkeztu zutenak eta kanpotik herriratu eta oraindik horrelakorik egin ez zutenak.
- 1786. Herri Batzarrean, San Inazio bezperan eta egunean elizkizunetara korporazioan joateko botoari buruz hitz egin zen, eta Inazio beatifikatu zen unean eginiko botoa indarrean zen edo ez jakiteko behar ziren gestioak egiteko ahalmena ematea erabaki zen unean ziren agintariei. Guztiaren berri garbi jakitean beste udalbatzar batean hartuko zen erabakia.
- 1671. Mosketari bakoitzari alarderako libra erdi bat bolbora ematea erabaki zen, herriak ordainduta.
- 1667. Amuarraina eta aingira libra erreal bat eta erdiko prezioa saltzeko agindua eman zen, 10.000 maraiko isunarekin.
- 1604. Martin Gerrenzurik bere testamentua egin zuen.
|