|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 10a
- 2006. Hiltegi zaharra bota ondoren, Soreasu antzokia bota zuten.
- 1936. Klemente Arrue herritarra eta Agerre azkoitiarra 8.000 metrotan neurtu ziren, zezen-plazan. Lehenenak irabazi zuen, 27' 56''tan.
- 1849. Parrokiko organoa amaitzeko luzapena Juan Amezua organo egileari emana zion herriak, Gorputz egunetik San Inazio bitartekoa. Amezuak eskerrak eman zituen, eta egun horretarako amaitua izango zuela esan.
- 1849. Jose Manuel Abaliak udalari erantzuna eman zion apaizen izenean. Elizkizun batzuk San Agustin elizan ospatzeko nahia agertu zuen: igandeetan eta jaiegunetan meza bat gutxienez. Ezetz erantzun zitzaien, eta apaizek gestioak egiten jarraitzea erabaki zuten.
- 1835. Herrian agintaritza eskura zezaketen biztanle gutxi zirela eta, guztiei eskubide hori ematea erabaki zen, apiriletik egun hartara bitartean agintaritzan izan zirenei izan ezik, eta batzarrera agertu ez ziren guztiei albistea pasatzea erabaki zen. Nahi zuenari bilerara deitzeko ahalmena eman zitzaion Deiari uko egiten zionari 40 errealeko isuna ipini zitzaion.
- 1829. Elgoibartik Tolosara egin nahi zen errepideri buruz gestioak egiten ari zen batzordeko kide Aszensio Inazio Altunak zera idatzi zuen, erreal baimena lortu ondoren: herrien gain zegoela orain errepidea ordaintzeko zergak enkantean jartzea. Hilaren 17an errematea egitea erabaki zen, unean bertan jakinaraziko ziren baldintzak oinarritzat harturik.
- 1823. Manuel Arrietak emandako erantzunaren berri eman zen, eta eskribauari haren etxera joan eta Urrestillak zor zituen probintziko zergen berri eskatzea erabaki zen, ahalik eta azkarren Diputazioari erantzuteko.
- 1823. Diputazioari erantzutea erabaki zen, aurrez bezala orain, begirune osoa zuela herriak Fernando VII. Espainiako erregea eta haren gobernuarengan. Beraz, unean gertatzen zenaren berri herritarren artean ezaguna zenez, misio espiritualen beharrik ez zutela esan zioten.
- 1794. Herritar bat 12.000 erreal aurreratzeko prest zegoela jakinarazi zen, beste batzuek izandako baldintzetan, mometuko gerra eta herriak ordaindu beharko zituen zerbitzuei aurre egiteko. Eskainitakoa hartzea erabaki zen.
- 1716. Korrejidoreak hilaren 13an herriratuko zela aurreratu zuen, bere ohiko txanda betetzera.
- 1641. Juan Garai herriratzean ospatutako zezenketaren gastuak onartu ziren.
- 1620. Zumaian ospatu ziren Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Loiolako Inazio patroitzat hartzea erabaki zen.
- 1587. Parrokiko obrak ikusteko korrejidoreak izendatutako maisuek osatutako txostenaren berri eman zen.
- 1583. Eskolako maisu baten beharra ikusita, herrian zegoen Alonso de Rivero umeei erakusteko eskaini zen eta, hain zuzen, harekin egin zen eskritura.
- 1529. Pedro Irigoieni lurralde bat eta baratza erosi zizkioten Frantziskanetako lekaimeek, monastegi bat egiteko asmoan.
- 1287. Errege Juan I.ak, Soreasuko Sebastian donearen monastegiko patronatua eman zion Beltran Yaņez Oņazi .
|