|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Maiatzaren 4a
- 2007. Turismoari bideratutako bulegoa zabaldu zuten Loiolan.
- 2003. Habea Azpeitiko ezkertiarren eta abertzaleen plataformaren udal hauteskundeetarako hautes zerrenda baliogabetu egin egin zuen Espainiako Auzitegi Goreneko Sala Bereziak; Batasuna ilegalizatuarekin lotura izatea egotzi zion.
- 1990. Loiolako hiribidean prestaturik zegoen karpan, Loiola'91 Batzordeak antolatutako Marioneta Jaialdia hasi zen.
- 1986. Urola trenak Donostiara bitarteko bidaia egin zuen, inauguratu zeneko 60. urtemuga betetzean, Gipuzkoako Trenaren Lagunak Taldeak antolaturik.
- 1972. Plaza Txikian zuen etxearen lehen solairuko etxebizitzan Jubilatuen Txoko bat egokitzeko udala prest zegoela erretoreari adieraztea erabaki zen, aho batez. Horretarako, bertan bizi zenak eginiko kontratuari uko egin behar zion. Etxebizitza horretan zegoen Nikanor Bereziartua zenaren sendiarekin harremanetan jartzea erabaki zen, akordio batera iritsi nahirik.
- 1828. Herrian zegoen larru fabrika bati buruz Gipuzkoako Diputazioak idatzitako gutunari erantzun zion udalak, honela: ŇUrteak lantzen dituen larruak 3.000ra iristen dira, hiru eratakoak, zekor, ahuntz eta ardia, guztiak herrirako gelditzen direla...''.
- 1814. Fernando VII.ak Espainiako Konstituzioa deklaratu zuen, eta aurrez emandako dekretuak eta ekintzak ezerezean gelditu ziren.
- 1812. Posta zerbitzua berrezartzeko, Azkoitiko herriari idaztea erabaki zen. Ibiltaria ostegun goizean hemendik irtengo zela esan zitzaion, bertako balixa jaso eta Urretxura bidean jarraitzeko. Gero, bi herrietako balixekin itzuliko zen aurrez egiten zen bezala. Berdin egin zezaten eskatu zitzaien, beraien ibiltariarekin igandeetan Azpeitira bidaltzen zuten balixa jasotzera. Ekarritako postarekin herritik ateratzen ziren egun berean itzuli behar zutela agintzea onartu zen bi ibiltariei.
- 1788. Herriko basoetan jasotzen zen ganaduarentzako hosto berdearen banaketa azken urteetan nola egin zen adierazi zen. Hosto berdea muga gabe jasotzeko basoen zatiketa egindakoan, zati bakoitza hartzen zuenari bertan sor zitezkeen kalteak ordaintzea derrigorrezkoa egingo zitzaiola kontuan eduki behar zela erabaki zen. Udazkenera bitartean jaso zezaken hostoa muga gabe, eta emandako zatia berentzat izango zen ondorengo urteetan ere, udazkenetik udaberrira bertan gerta zitezkeen kalteei aurre egiten bazitzaion behintzat, eta herriaren mendi zaindariek kalteak egin zituztenak aurkitzen ez bazituzten.
- 1762. Probintziak emandako dekretuari erantzunez, soldaduen zozketa egin zen eta konpainiaren ofizialak izendatu. Konpainia horrela osatu zen: 48 soldadu, kapitaina, tenientea, alferiza eta sarjentua. Zerbait gertatuta ere, beste sei soldadu gehiago aukeratu ziren.
Zerrenda osatzen zuten soldadu horien artean zeuden: Lastaola, Urrakasoro, Mandiolatza, Sagastizabal, Gerrentzuri, Etxenagusia, Ezkerretegi, Urruzuno, Usanditzaga, Egurtza, Olarue, Etxetxo, Arretxe, Ansosil, Sanjuandegi, Igerate, Ibarrola, Etxeberri, Ondarre, Azkune eta beste zenbait baserrietan bizi zirenak.
Bakarren batek atzera egiten bazuen eta joan gabe gelditu, berak ordaindu beharko zuen herriak bidaliko zuen ordezkaria. Alkatea geldituko zen bien artean konponketa bat egiteko eta lehenenari zigor bat ezartzeko.
Udaltzainen bidez pasatu zitzaion bakoitzari albistea. Lehen igandean udaletxera agertzeko agindu zitzaien, irteerari buruz zerbait gehiago jakinarazteko.
- 1712. Enparantzan zegoen herriaren dorrean konponketa lanak egitea erabakitzen zen, aurrez maisuen iritziak jasota.
- 1712. Ganaduak zituzten biztanleek herriaren basoetara eraman behar zituzten larrera, eta hori Urrestilako Parrokiaren bidez adieraztea erabaki zen. Baina beraien bidetik zuzendu behar zituzten lur horietara, inoren baratza, soro eta zelaietan kalterik egin gabe. Bestela, zigorra ezarriko zitzaien ganaduen jabeei.
- 1668. Barrenportal deiturikoan edo herriaren beheko sarrera inguruan zen bolatokiaren ingurua egokitzeko, alkateari 60 dukat ematea erabaki zen.
|