Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 4,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Efemerideak »  Maiatza »  Maiatzaren 2a

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiko efemerideak

Maiatzaren 2a

  • 2002. 19:00etan egin zen udalbatzarrean EHNA (Euskal Herriko Naziotasun Aitormen Agiria) udalak tramitatzea eta horretarako udalak baliabideak jartzea onartu zen. Bai Euskal Herriaren mozioa Batasunaren bidez aurkeztu zen, eta Batasuneko zinegotzien aldeko botoak eta EAJ eta EAko zinegotzien abstentzioa jaso zuen. Ondoren, EAJ eta EAko zinegotziek beste mozio bat aurkeztu zuten, eta bertan Udalbiltzari (EAJ eta EAko zinegotziek osatzen dutenari) ENAren gaiari buruzko azterketa sakon bat egitea eskatuko ziola esan zen. Mozio horrek bi alderdion aldeko botoa eta Batasunaren abstentzioa jaso zuen. Beraz, bi mozioak onartu egin ziren.
  • 2002. Batasunaren kontrako operazio polizial eta juridikoaren barruan, Orkatz Azpeitiko Herriko Tabernako diru kontuak blokeatu egin zituzten, Baltasar Garzon epaile espainiarraren aginduz.
  • 1924. Gurutz Ansola jaio zen. Lege eta Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen gero, eta euskal idazlea zen.
  • 1864. Santo Domingo komentuaren eraikinean egin behar ziren obren enkantea onartu zen, ibai ondotik hasi eta enparantzan zehar baratzara bitartean etxebizitzen aurreko aldeak berdinduz.
  • 1850. Fernando Etxeberria arkitektuak San Agustin komentuan egin nahi zituen obrei buruzko txostenaren eta aurrekontuaren berri eman zen.
  • 1839. Herriko pentsionisten zerrenda egin zen. 53 biztanlek osatzen zuten zerrenda.
  • 1788. Labeen etxe bat egitea derrigorrezkoa zela jabeturik, eta Juan Arzadunek prestaturik zuen itxura gogoan izanik, harekin harremanetan jartzea erabaki zen. Lurralde bat erosteko ideia aurrera eramateko behar ziren gestioak egitea erabaki
  • 1739. Erdi kaleko bi etxe guztiz erre ziren sute handi baten ondorioz.
  • 1730. Gauean iritsi zen Bergarako herriak idatzitako gutunari erantzutea erabaki zen. Gaueko hamaikak igaro ondoren osatu zen zerrendan agertzen ziren 14 bat mandazain Mallorkako Bataloiari laguntzera joango zirela erantzun zen. Baina mandazainak kexa agertu zuten azken aldian herritik tropa bat pasatu zenean ordainketa kaskarra egin zitzaiela eta; beraz, hiru egun aurrez ordaintzea eskatu zuten. Herriak erabaki zuen Frantzisko Etxeberria bertara bidaltzea, gutun batekin, hiru eguneko soldata aurreraturik ordaintzea eskatuz, eta komisarioari ganaduak ondo zaindu eta tratatzeko eginkizuna zuela jakinaraziz.
  • 1701. Frantzisko Inazio Sorarrain eta Frantzisko Joxe Bikuņa ahalmena eman zitzaien, Martin Zaldua maisuarekin bataioko kaperari buruz hitz egiteko.
  • 1694. Kanpotar behartsu guztiak herritik bidaltzeko egindua eman zuen probintziak bere garaian. Herriak agindu hori bete zuen bere garaian, baina garbi ikusten zen batzuk behintzat, itzuli egin zirela. Herrian zeuden behartsu guztiei, herritarrei salbu, ahalik eta azkarren bertatik irteteko agindua elizak emango zuela erabaki zen.
  • 1671. Elizetan jakinaraztea erabaki zen hurrengo egunean bertan, Izpiritu Santuaren Bazko bigarrenean, alardea egingo zela. 18 urte zituztenetik 60 urte bitarteko herritar eta biztanle guztiei arratsaldeko ordu baterako dei egin zitzaien enparantza Nagusira. Agertzen ez zen herritarrarentzat 2.000 maraiko isuna izendatu zen eta biztanleentzat 1.000 maraikoa.
  • 1641. Juan Garai jenerala hurrengo egunean herriratuko zen albistea jaso zen. Beste herrietan ongi-etorri berezia egin zitzaiola adierazi zen. Beraz, Gipuzkoako herri berezienetakoa izanik, besteen mailan edo gaindituz ongi-etorria egitea erabaki zen. Bidera irten eta Lorentzo Agirre idazkariak parrokiaren ondoan utzitako etxe nagusira iritsitakoan ongi-etorria egin zitzaien hari eta laguntzaileei. Herriaren kontura bazkaria ere eskaini zitzaien.
  • 1638. Inazio Mendizabali 210 zama ikatz saldu zitzaizkion, Lasao inguruko basoetan.
  • 1590. Udaletxeko areto nagusian liburuak eta herriaren pribilegioak jasotzeko erabiltzen zen kaxari, lehenaz gain beste bi zerraila jartzea erabaki zen; aurretik zerraila bat zuen.
  • 1589. Antzinatik Santa Kruz ermitara, bere egunean, maiatzean eta irailean egiten ziren prozesioa eta letaniak aipatu ziren, azken urteetan Vera Cruz Kofradiak parte harturik egin zirenak. Betidanik ezagutu zen ohitura zen hori, zerbait aldatuz. Aintzinako erara prozesioa egun horretan egiteko Iruņeko apezpikuaren baimena zuen herriak; beraz, beraiek antolatzen zutena egiteko beste egun bat aukeratzeko esatea erabaki zen kofradiako buruari.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak