|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 29a
- 2003. Udaletxeko areto nagusian Ildefonso Gurrutxagari buruzko bi liburu aurkeztu ziren: Reflexiones sobre mi pais eta Aprendamos nuestra historia. Ildefonso Gurrutxaga azpeitiarra abokatua, historiografo eta politikaria izan zen.
- 2003. Arkaitz Nogalesek Lausanako Munduko Kros txapelketan hartu zuen parte, junior mailan.
- 1988. Buenos Aires hiriko Euskal Etxea egoitzan hil zen Iņaki Azpiazu.
- 1984. Epaitegia egiteko, inolako ordainketa gabe eta jabetasunean, lur zati bat eskaintzea erabaki zen.
- 1973. Lagun Onak Mendi Bazkunaren txokoa jartzeko, Eliz kaleko 31. zenbakia zuen etxearen behean obrak egiteko baimena eman zitzaion Kepa Ibarzabali.
- 1962. Inspektorearen txosten mesedegarria ikusi ondoren, Leon Egiguren jaunari hotel bat egiteko baimena eman zitzaion.
- 1909. Frantzisko Mari Alberdiri herriak auzia jartzea erabaki zen, apustu eta enparantza ixteari buruz agintariak iraindu zituelako.
- 1849. Eliz kalean ziren Indokua, Txapakua, Bikuņaenea eta Santikua deitutako etxeen jabeei, hondamen itxura agertzen zutelako etxe horietan txukunketa lanak egitea agindu zitzaien.
- 1847. Politiko Nagusiak eginiko eskaerari erantzunez, herriaren plano geometriko bat egiteko Bixente Unanue arkitektua izendatu zen.
- 1814. Erretoreordearen aginduaren berri emanez eta gutunari erantzunez Politiko Nagusiak idatzi zuen: Fernando VII.a erregearen etorrera ospatzeko jaialdiak egitea eskatu zuen, gutxienez hiru gauetan argikuntzak eta Te Deum kantatzea parrokian, agindua osorik betetzea erabaki zen.
- 1810. Ogarrori agindutako epean 27.000 erreal ordaintzen ez bazituen gerta zitezkeen kalteak bere gain hartu beharko zituela idaztea ontzat hartu zen, hil honen 30ean indar armatuaren zigorra jasoko zueneko mehatxua zuen herriak.
- 1810. Agintariek Antonio Erzilla udaltzaina deitu zuten, Inozenzio Ogarrori herriaren gutuna eramatera joan baitzen, eta haren erantzuna jakin nahi zuten. Ogarrok Ōherriko agintariek kaskamotz batzuk zirela eta haien beldurrez ote zen pentsatzen ote zuten'' eta Ōbazkaltzea amaitu berri zuenez, hurrengo egunean idatziz erantzungo zuela'' erantzun zuela azaldu zuen udaltzainak. Agintariek Ogarrok beregan egindako Enparan errotaren errematea aintzat hartzen ez zuela ikusita, nahiz eta herria arrisku izugarrian aurkitu unean bere beharrei erantzuteko, probintziako Kontseiluari Enparango errota saltzeko beharra agertu zitzaion, eta herriaren aurka indarkeririk ez erabiltzeko eskatu zitzaion.
- 1747. Korrejidoreak zenbait gairi buruz eginiko galderak erantzuten zituen herriak, beste gauza batzuen artean esanez: herrian, orduan, 57 pertsona zirela agintaritza eskura zezaketenak; ez zela azokarik egiten; hamaika burdinola zeudela martxan eta beste 19 geldirik azken mendean ikatza aurkitu ezinda gelditu zirelako, eta abar.
- 1701. Bataioko kapera apaindu nahian, bertan Martin Zaldua maisuari harrizko ganga bat egiteko eskatzea erabaki zen.
- 1701. Parrokiko korurako eskaileraren baranda amaituta zegoenez, kolorea emateko Bergarako margolari batekin harremanetan jartzea erabaki zen.
- 1686. San Agustingo priorearen eskaerari erantzunez, herriak ordainduz kanpai bat funditzea erabaki zen. Eskritura egin zen parrokiko kanpaia egitera herrira etorri zen kanpai egilearekin.
- 1678. Aurreko urteko San Inazio jaietarako Tuteratik ekarritako zezenak ordaindu gabe zeudela jakinarazi zen, orduan dirurik ez zuelako herriak eta Pedro Jimenez, zezenen jabea, kobratzeko asmotan herrira etorri zela esan zen. Zezenak eta Jimenezen bidaia ere ordaintzea erabaki zen.
- 1547. Andres Etxanizi herriko sarreratik Harzubiko zubira bitartean eginiko galtzadagatik ordaindu zitzaion.
|