|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 23a
- 2007. Udalak Basazabal Jauregia erosi zuen, hotel bihurtzeko.
- 2003. I. Slalom Opena ospatu zen kiroldegian. Euskal Herritik etorritako hamabost kirolarik hartu zuten parte. Modalitate hori garun paralisia duten kirolarientzako dago diseinatua, eta oztopo ezberdinez osatutako ibilbide bat ahalik eta azkarren betetzean datza, gurpil aulki baten laguntzarekin.
- 1986. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusian Xebastian Lizaso nagusitu zen, Donostian.
- 1972. Udalak ontzat hartu zituen Agrupaciķn Musical Azpeitiana deitutakoak bere zerbitzua korporazioari eskaintzeko aurkeztutako baldintzak.
- 1941. Azken gerratean hildako errekete eta soldaduen gorpuak zenbait herritarren hilobietan zeudela jasota, eta udalarena ez ezik, herritarren gogoa zela haiek panteoi baten jasotzea, beti gogoan izan zitezen, adierazi zuen alkateak. Aho batez diru bilketa bat egin eta gestioak aurrera eramatea erabaki zen.
- 1903. Arana errebalean behar zen lurraldea libre uztea erabaki zen, beharrezko zuzentasuna eta zabalera emateko Azkoitira abiatzen zen errepideari.
- 1903. Ontzat hartu zen zezen-plaza berria egiteko Nikolas Azpiazu Olaizolarekin eginiko enkantea; hamar egunen barruan beharreko fidantza osatuko zuen agiria aurkezteko gelditu zen.
- 1891. Kontuan hartu zen Udal Legea, herriaren lurraldea hiru zatitan banatzen zuena, probintziako diputatu eta herriko zinegotzien aukeraketarako. Lehen zatia, udaletxean botoak: enparantza Nagusia, Santo Domingo kalea, Bustinzuri enparantzatxoa eta Arana, eta Izarraitz, Loiola eta Oņatz auzoak. Bigarren zatia, udaletxe zaharrean botoak: Enparan eta San Inazio kaleak, Iturrikale, Plaza Txikia, San Sebastian eta Santa Ana enparantzatxoak, Monjen errabala, Madalena eta Txaribar, eta Elosiaga auzoa. Hirugarren zatia, eskolako botoak: Santiago kalea, Kristina enparantzatxoa, Harzubi errebala, Urrestilla, Nuarbe, eta Odria, Aratzerreka eta Eizagirre auzoak.
- 1885. Zezen-plazako tendidoa enkantean jartzea erabaki zen.
- 1825. Diputazioarekin harremanetan jartzea erabaki zen, eta batzordea izendatzea, kostako bidea non zabal zitekeen jakiteko: Elgoibartik edo Elosutik.
- 1778. Odria auzoko biztanleek, euren kontura, 1776an eginiko bidea konpontzea erabaki zen, mugarriak jarriz han, gurdi eta karrorik ibili ez zedin.
- 1705. Pregonariaren bidez, herrian jarririk ez zezala inork gurdi egurra lau erreal eta erdi baino gehiago ordaindu jakinaraztea erabaki zen. Mendiak erosita zituen Inazio Zuloagak aurrez Sistiaga aldean bi errealean jarriko zuela jakinarazi zuen. Zuloaga zigortzea ere onartu zen, inolako baimenik ez zuelako bere eskrituratik aparte iruditzen zitzaion prezioa jartzeko.
- 1683. Carlos II.a Espainiako erregeak Loiolako patronatua ontzat hartu zuen.
- 1646. Priorearekin harremanetan jarri ondoren, baldin alkatea agertzen ez bazen, Ostegun Santu egunean giltza fidelari emango ziola berak esan zuela esan zen.
- 1638. Probintziako Batzarrak agindu bezala, muga zaintzeko prest eduki nahian jendea, bakoitzak zituen armak ikusi ondoren zera adierazi zen: bakar batzuk inolako armarik gabe zirela, eta ahalik eta azkarren inguratzeko agindua zutela. Ikusi nahian guztiak armak zituztela, Bazko egunean arma erakusketa bat egitea onartu zen, aurrez eliza eta bandoen bidez adieraziz.
- 1599. Herrian zegoen Agustin Antolinezi, agustindarren probintzialari, herriko komentura fraideak bidaltzeko eskaera egin zitzaion.
- 1525. Borreroarentzat ohea eta urkamendi bat egiteko egurra ordaindu zuen herriak.
- 1525. San Sebastian egunez prozesioan tronpeta jo zutenei ordaindu zitzaien.
|