|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 22a
- 1991. Gipuzkoako Batzar Nagusiak, aho batez, Loiolako Inazio deunaren jaiotzako etxea Jesusen Lagundiaren eskuetan jarri zuten.
- 1984. Pasaian, Espainiako Poliziak Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo, Komando Autonomo Antikapitalistako kideak hil zituen.
- 1961. Azpeitiko herritar batzuen eskaerari erantzunez, albisteak ematen zituen bandoak euskaraz eta gaztelaniaz egitea erabaki zen, euskaraz bakarrik egiten zirenez, biztanle batzuk ulertu ezinik gelditzen zirelako.
- 1928. Loiola hiribidean hotel bat egiteko Leon Egigurenen eskaera ikusi ondoren, eta Martzelo Guibertek eginiko planoak zituela, herriko inspektoreari hari buruz bere iritzia eman zezan eskatzea erabaki zen.
- 1858. Juan Amezua organo egileak Nafarroako Erratzu herritik idatzitako gutuna irakurri zen, adieraziz agindutako egunerako ezin zuela parrokiko organoa amaitu, uste baino lan handiagoa zuelako, barkamena eskatuz eta diru laguntza bat erregutuz. Herriak bere haserrea agertzea erabaki zuen, ez zuelako organoa bukatzeko egun berri bat izendatzen.
- 1823. Diputazioak idatzitakoaren berri, hurrengo egunean eta meza nagusian pulpitotik irakurtzea erabaki zen. Gainera, euskaraz ulertzera emanez jendeari, eta erantsiz ondorengo egunean; hau da, 24an, 20 urtetik 25 urte bitarteko gazte guztiak, goizeko hamarretarako, udaletxean egon beharko zutela.
- 1788. Bestalde, lan horiek egiteko, zenbait gauza edukitzeko toki egokia derrigorrezkoa zela ikusirik, Manuel Erkiziari Zuola etxearen ukuilua eskatzea erabaki zen.
- 1788. Parroki atarirako harria atera eta lantzeko hiru harginek egin zituzten proposamenak Frantzisko Ibero maisuari ematea erabaki zen.
- 1747. Izarraizko izoztegirako egin ziren eskailera eta lera ordaindu ziren.
- 1747. Alkateak jakinarazi zuen aurreko gauean utzitako haur bat aurkitu zela parrokiko erretorearen etxeko eskaileran, papertxo baten idatzita zuela bataiatua zela, eta Joxepa zuela izena. Herriak ohiko limosna eskainiz Iruņeko Ospitale Nagusira eramatea erabaki zuen.
- 1743. Parrokian San Inazioren aldarea egiteko apezpikuak emandako baimenaren berri adierazi zen.
- 1697. Kanpoko sagarrarekin eginiko sagardoa saltzeko zutenen artean txandak izendatzeko zozketa egitea erabaki zen, gogoan izanik herriko sagarrarekin eginikoa nahi zutenean jarri zezaketela salgai haren jabeek.
- 1669. Pedro Beltran Oiarzabal errejidoreari ikatza egiten Aratz aldean ibili zirenek egin zituzten kalteak neurtzea agindu zitzaion.
- 1669. Kexak jaso zituenez, herriak Inazio Zubimendi eta haren emazteari txakolina herriratu eta saltzea debekatzea erabaki zuen.
- 1648. Olazko ermitan eginiko Batzar berezian, Espainiako erregeari Kataluniako kanpainarako 200 soldaduz osatutako taldea eskaintzea erabaki zela esan zen; haien soldata, gehienbat, probintziak ordaindu zuen. Herriak biztanleen artean 3.000 erreal banatzea eta ahalik eta azkarren kobraketa egitea erabaki zuen.
- 1636. Albisteak iritsi ziren, mugan frantziarrak ugaritzen ari zirela eta, Diputazioak herriko biztanleek prest izatea eskatu zuen. Azpeitiko agintariek biztanle guztiei hil honen 24rako deitzea erabaki zuten.
|