|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 21a
- 2002. Anardi industrialdea inauguratu zen, Danona Kooperatibaren inguruan.
- 1982. Jesus Guiberten bahiketa zela eta, udalak batzar berezia egin zuen.
- 1935. Urrestillatik Aratz-errekara errepidea egiteko, herriak Gipuzkoako Kutxa Probintzialari 125.000 pezetako kreditua eskatzea erabaki zuen, kontuan izanik herriak %35 ordaintzen zuela.
- 1928. Azkoitiko eta Azpeitiko ordezkariak bildu ziren Institutu Geografiko eta Katastraleko zuzendaria zen Felix Ortiz ingeniarekin, bi herrien arteko mugak jartzeko.
- 1923. Gauzainentzat herriak Orbea Hermanos deituriko enpresan erositako lau errebolberrak iritsi zirela adierazi zen.
- 1923. Ganaduen hiltegi zaharra salgai jartzea erabaki zen; enkanterako prezioa 15.000 pezetan jarri zen.
- 1923. Union Azpeitiana Elkartearen eskaerari erantzunez, futbol zelaia alokatzea erabaki zen, baldin eta urtean 500 pezetatik gora ez bazen behintzat, kontuan izanik 14 urtez beherako ume guztiak ibil zitezkeela bertan.
- 1859. Iturritxiki deituriko iturrian ur zikina agertzen zela adierazi zen, askotan gainera usain txarra zuela; zer gertatzen zen jakiteko ikustea erabaki zen.
- 1859. Juan Amezua organo egileak, Eguberrietara bitartean parrokiko organoan ziren akats guztiak zuzenduko zituela adierazi zuen, eta 20.000 erreal ordaintzea erabaki zen.
- 1852. Kazolak eta ontziak saltzen zituzten merkatarien eskaerari erantzunez, enparantza nagusian beraien gauzak saltzen utzi zitzaien orduan arte bezala, kontutan izanik Iturritxiki etxartea zabaldu egin zela azoka egunetan, salgai ziren txerriak edukitzeko.
- 1852. Igandeetan egiten zituen Azpeitiko Udalak bere batzarrak; baina ikusita, askotan, meza nagusiaren aurretik ezin zutela amaitu, gai asko aztertu behar zutelako, bilerak astelehenetan egitea erabaki zuten.
- 1823. Auzoetako ordezkariek apaiz batekin bat eginik, 20 urtetik 25 urte bitarteko gizaseme gazteen zerrenda egin zuten parrokiko bataio agiriak ikusita.
- 1775. Frantzisko Jauregi udaltzainak zuen jantziak agertzen zuen zantarkeria kontutan izanda -ezin izaten zuen era horretan alkateari lagundu batez ere elizkizun eta prozesioetan, hamalau urte baitziren herriak jazkia egin ziola-, Diego Foronda jostunak Aste Santurako beste berri bat egitea erabaki zen.
- 1697. Bersaltsaileei agindu zitzaien zituzten genero guztien berri fidelari adierazteko, zigortuak izango ziren bestela, inolako preziorik eman gabe saltzen zituzten azukrea, mahaspasak, pikuak eta gainontzeko generoak. Berdin gertatu zen txokolatearekin, eta genero berria izanik, alkateari abokatu batekin kontsulta egitea eskatu zitzaion, nola jokatu behar zen jakiteko.
- 1689. Baldintza batzuek medio, baimena eman zitzaion Inazio Basazabali, bere etxearen atzean dolareak egiteko, harresiaren inguruan pasabidea utzita. Herriak egindako zion mesedea ordaindu egin beharko zuen, 150 haritz landatuz eta bi hostoaldi egitean eskainiz.
- 1590. Parrokiko hilobi guztiak behearen parean beharko zutela agindu zen, inolako altuerarik gabe eta denak neurri berdinekoak.
- 1590. Parrokian kapera bat egiteko baimena eman zitzaion Maria Gerrenzuriri, lau urteren barruan eta Gerrenzuri hilobiaren aurrean, 300 dukateko limosna emanez.
|