|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 20a
- 1946. Arte eta Ofizio Eskolan hainbeste urtean aritu eta egin zuen lan bikaina gogoan izanik, Manuel Ferrer maisuari herriaren aldetik agertzen zitzaion esker ona aktan idaztea erabaki zen.
- 1940. Elosiaga auzoko eskola egiteko enkantearen baldintzak onartu ziren.
- 1934. Aratz-erreka auzora egin behar zen errepideari sei metroko zabalera ematea erabaki zen, eta baita bertan lana egingo zuten langileen %40 herritarrak izatea ere.
- 1911. Zezen-plazan zerrenda bat harriztatzea erabaki zen, idi demak jokatu ahal izateko, eta pare bat harri erostea. aurrez zirenen antzeko pisua zutenak .
- 1846. Aurreko urteetan agintaritzan izan ziren Aszensio Altuna eta Domingo Mari Etxaberi kontsultatu ondoren, Urrestillak nahi zuen bereizketari buruz beraien iritzia jakin ondoren, gaiari buruz lanean jarraitzeko beraiei eskatzea erabaki zen, aurrerantzean ere Urrestillak bat eginik jarrai zezan herriarekin.
- 1821. Frantziak 1812ko apirilaren 20tik ezarritako bagaia kontribuziorik ez ordaintzea erabaki zen, probintziako korrejidoreak horrela jakinarazi ondoren.
- 1692. Juan Apaeztegi eta Martin Olaizola maisuak egin zuten parrokiko erretaula nagusia aztertzea erabaki zuen herriak.
- 1692. Alkateak adierazi zuen Munategi inguruan aurkitutako utzitako haurra norena izan zitekeen aztarnarik ez zuela aurkitu, gestioak egin bazituen ere, eta Joxepa Izagirreri eman zitzaion hazi zezan, parrokian bataiatu ondoren. Emakumeari hilean zilarrezko 12 erreal ematea erabaki zen.
- 1665. Pedro Beltran Oiarzabali hauxe agindu zitzaion: Probintziako Batzar Nagusiak ospatzen ziren bitartean, korrejidorearentzat etxe bat aurkitzeko.
- 1646. Aurreko urteko agintariei San Agustin ko-mentuko prioreak adierazitakoari buruz hitz egin zitzaien; hau da, Ostegun Santuan Jauna ezkutatutako unean alkateak jasotzen ez bazuen bertako giltza, ez zitzaiola bera fidelari eskainiko aurreko urteetan bezala. Prioreari fidelari giltza eman beharko ziola jakinaraztea erabaki zen .
- 1564. Azterketa baten ondoren, Juan Aztina izendatu zen Elolako kaperau.
- 1559. Elola kaperako Miguel Zandategi organo jolea hil zenean, postua libre zegoela adieraztea erabaki zen, norbaitek nahi bazuen ere postua bereganatu.
- 1531. Madalenan preso ziren sorginak Donostiara eramatea ordaindu zen, beraiekin bidean eginiko janariak ere kontutan izanik. Madalenan bertan eta gauez beraiek zaintzen egon zirenei ere soldata bat ordaindu zitzaien.
|