|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 16a
- 2003. Goenatxo II.a eta Izeta II.a neurtu ziren 152 kilotako harri kubikoarekin, hamar minutuko hiru saiotan. Izetak irabazi zuen 89 altxaldirekin; Goenatxo erretiratu egin zen, bi lehen saiotan 62 altxaldi eman ondoren Izetak bezala.
- 1931. Kristina deituriko plazatxoan zen iturria ixtea erabaki zuen udalak, eta Iturritxikiko lehen zenbakia zuen etxearen azpian sortzen zen iturburuan herriak zituen eskubideak alde batera uztea, azken udan tifoidea sukarrak izurritea sortu zuen oinarria izan zelako.
- 1925. Martzelo Guibert arkitektuak Lazaretoa eraikitzearen likidazioa aurkeztu zuen; hain zuzen ere, 20.009'16 pezeta guztira. Udalak ontzat hartu zuen aurkeztutakoa.
- 1925. Madalena kalean altzari tailerra eta biltegi bat egiteko baimena eman zitzaien Segurola eta Errazti jaunei.
- 1914. Udal zinegotzi eta idazkari lanetan ari direnen herriko Musika Banda hiletara joatea erabaki zen.
- 1914. Eskerrak eman eta alkateari askatasun osoa ematea erabaki zen ganaduen hiltegia egiteko eta Ziriako Azkarate parrokiko erretorearen oinordekoek inolako ordainketarik gabe eskaini zuten lurraldearen eskritura sinatzeko.
- 1903. Joxe Luis Beristaini bi lur-zati erostea erabaki zen, bi horiek zezen-plaza egiteko behar zen zatiarekin trukatzeko.
- 1903. Elosiaga auzoko alkateari 225 zatiko ematea erabaki zen, Nuarbe auzora bitartean bidea zabaltzeko.
- 1881. Hazienda ministroari Santo Domingoko kuartela eskatzea erabaki zen, bertan kartzela berria egiteko.
- 1876. Gobernadoreak eginiko eskaerari erantzunez, bakearen aldeko jaiak ospatzea erabaki zen hil honen 20, 21 eta 22an.
- 1857. Txagurekoa deituriko orubean etxea eraikitzeko Joxe Alberdik aurkeztu zituen planoak onartu ziren.
- 1808. Joxe Inazio Altuna alkateak jakinarazi zuen gestioak egiten ari zela Nikolas Inazio Odriozola erretoreak ez zitzan berriro hitz iraingarriak esan herriko agintarien aurka.
- 1777. Peritu bat izendatzea erabaki zen Arantzeta baserria ikusteko, haren jabe Miguel Alzagak esaten zuelako erabat erre dzela, gela bat izan ezik
- 1777. Pedro Eizagirrek egin zuen eskaera bera, Urrestillako Eizagirre-garaikoa derrama erdian sartzeko; eta Frantzisko Iburustetak, berriz, Nuarbeko Mirabe erdian sartzeko.
- 1777. Suteetako Elkartean sartzeko eskaera egin zuen Miguel Alzagak, derrama osoan Etxarreta eta Egibar baserriak, eta erdian, berriz, Aritzederra eta Igeraberri errota.
- 1739. Orendaindietxea egiteko egurra ematea erabaki zen herriaren basoetatik, halakoetan ohikoa zen moduan, jakina, zerbitzu horregatik ordainduz.
- 1714. Maria Luisa Gabriela de Saboya erregina hiltzean, eta hil elizkizunerako, tumulu bat egitea erabaki zen, albistea emanez herriari udalbatzar nagusian Ñhilaren 23 ospatuko zelaÑ.
- 1573. Parroki atzeko iturria egitea ordaindu zitzaion Martin Armentia maisuari, baita Urrestillan egin beharko zuena ere.
- 1517. Behobiako gotorlekurako 12.604 marai eman zituen herriak.
|