|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 15a
- 1982. Lehen Urolako Altzari Astea hasi zen.
- 1982. Bere garaian sekulako bizitza ezagutu zuen Garbitokiak; bertan biltzen ziren zenbait emakume herritar, sendirik berezienen arropak garbitzen.
- 1942. Juan Kortajarena Ondartza eta Tomas Asti-garraga Kataolatza neurtu ziren triatloi batean: 125 kiloko harri kubikoa jaso 25 aldiz, sei enbor ebaki 72'' eta sei kilometro korrika zezen-plazan. Esaten da lau milatik gora ikusle bildu zirela, Kataolatzak irabazirik honoko denborekin: Harriarekin, bederatzi minutu eta 15 segundo; egurrak ebakitzen, 64 minutu eta 23 segundo; eta korrikan, 28 minutu eta 19 segudo.
- 1931. Ezagutzera eman zen 1929an eginiko zentsuak herriak 8.263 biztanle zituela adierazten zuela.
- 1909. Zumaiko alkatearen gutuna jaso zen, zera zioena. ikusgarria izan zela Gipuzkoako udalek eginiko manifestazioa, Diputazioaren jauregi aurrean bilduta denak, eta hark zuzentzen zuen udalak bertan izan zirenekin bat egiten zuela.
- 1886. Urrestillako garbitokia egin zuen Inazio Etxeberriari haren kostuaren erdia ordaintzea erabaki zen.
- 1842. Garbitokiko obrak hasi ziren .
- 1826. Udaltzainen eskaerari erantzunez, bakoitzari galtzak, galtzerdiak eta oinetakoak ematea erabaki zen, aginduz galtzak ospakizun bat izatean bakarrik jantzi beharko zituztela.
- 1803. Zalantza batzuk egon arren, eta azken urteetan horrela egiten zelako, Ostegun Santu egunean San Agustin komentuko sagrarioko giltza jasotzeko korrejidorea aukeratu zen; alkateak parrokikoa jasoko zuen.
- 1739. Enparantza nagusi aldera egiten zuen Oran-daindi etxea egiteko, hargin eta zurgin lanak errematatu ziren.
- 1583. Batzorde bat izendatu zen parrokian lanean zirenekin harremanetan jarri eta herriko artxiboan ziren pribilegio eta gainontzeko dokumentu baliagarriak non gorde zitezkeen jakiteko, sute batek erretzeko arriskurik gabe .
- 1574. Sebastian eta Juan Lopez Urnietak herritar bezala hartzea nahi zutela esanez eskaera egin zuten, herrian erosi zituzten etxeen eskriturak aurkeztuz horretarako. Baiezkoa eman zitzaien.
- 1574. Elizaren bidez deialdia egitea erabaki zen: biztanle guztiek ager zitezela beraiekin zituzten txerrien berri ematera. Bestela, edonork izango zuela aukera nonnahi aurkitzen zuen txerria hil eta bereganatzeko, eta gainera dukat bateko isuna ezarriko zitzaiola jabeari.
- 1574. Miguel Bolibar herriratu zen, Armentia anaiak parrokian eginiko lanak aztertzera, udalaren eskaerari erantzunez.
|