|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 11a
- 2000. Langarbi Barnizatuak tailerra erre zen.
- 1985. II. Urolako Altzari Astea hasi zen.
- 1962. Agirrezabalaga eta Igartua neurtu ziren 5.000ko lasterka saioan, Igartuak 50 metroko abantaila zuela. Agirrezabalagak irabazi zuen, 18 minutu eta 28 segundotan; bigarrena 4.900 metro egin ondoren erretiratu egin zen.
- 1956. Erlora apustua jokatu zuteh Gregorio Alzibar eta Inazio Iturgainek. Iturgainek irabazi zuen, 48 minutu eta 11 segundo eginik; Alzibarrek 48 minutu eta 13 segundo behar izan zuen.
- 1946. Loiolako etorbidean aurkitzen zen Azkue eta Konpainia enpresan aldaketak eta zabaltze lanak egiteko baimena eman zizkion udalak Roman Azkueri.
- 1912. Keixeta aizkolaria lehen aldiz plazetan aurkeztu zen, 31 urte zituela, Joxe Mari Irizar izanik arerio bezala. Egin beharreko lana: 20 enbor 54 ontzakoak eta 14 kilometro korrikan zezen-plazan. Urrestildarrak 69 minutu eta 32 segundon ebaki zituen enborrak, eta 14 kilometro egiteko 70 minutu eta 30 segundo behar izan zituen. Arerioak, lana amaitu baino lehen pott egin zuen. Jokatu zituen 31 apustuetatik denak irabazi zuen urrestildarrak.
- 1907. Katekistek Olatzen egin nahi zuten eraikina bere gain hartuta zuen Frantzisko Larraņaga kontratistari ematen zitzaion baimena, Loiolarako bidetik bertara bitartean egin zezan eraikin berria; horretarako, baina, aurretik planoak aurkeztu beharko zituen.
- 1901. Martin Altunarengan azoka plaza estalia egiteko errematea onartu zen.
- 1896. Kubako gerran zeudenei laguntzeko, 750 pezetako laguntza emanez diru laguntza zerrendari hasiera ematea erabaki zen.
- 1895. Batzorde baten eskuetara pasatzea erabaki zen Urrestillako biztanle batzuk bertako frontoian konponketa lanak egiteko eskaria, oso gaizki aurkitzen baitzen frontoia.
- 1872. Apezpikuari Agustin Jauregi erretoreordearentzat zigor bat eskatzea onartu zen, orduan herritarren artean nabaria zen urduritasuna nolabait mozteko.
- 1872. Elizbarrutiko arduradunaren eskaeraren berri eman zen: udalak San Agustin elizako giltzak ematea erretoreari, baina idatzi baten bidez berari aurkeztea erabaki zen; herriak zuen eskubidea giltzak berekin izateko, komentuaren jabea zelako.
- 1829. Jabeturik zer nolako mesedea sortu zezakeen frontoi berria egiteko parrokiak zituen lurraldeak trukatzea, ahalik eta azkarren gestioak egitea eta apezpikuari, denbora galdu gabe, baimena eskatzea erabaki zen.
- 1673. Diputazioak adierazi zuen derrigorrezkoa zela, lurraldean ziren lapur eta arloteekin amaitzeko beharrezkoa egingo bazen, herri bakoitzeko biztanle armatuak zabaltzea erreka eta basoetan zehar, egun bat aukeratuz horretarako. Herriak erabaki zuen lehen astelehenean ateratzea sei taldetan banatuta, 50 erreal emanez talde bakoitzari.
- 1640. Udalbatzarrera agertu gabe herritar asko gelditu zirenez, bakoitzari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zen.
- 1636. Korrejidorearen aginduaren berri eman zen, Espainiako erregearen aldetik otoitz eta errogatibak egitea eskatzen baitzen, beraren eta Frantziako erregearen artean bakea nagusitu zedin. Parrokiko elizgizonei horrela eskatzea erabaki zen; herriko kaleetan zehar eta hiru egun jarraian prozesioak egingo zirela, egunean bertan hasita.
- 1576. Amuko zubi berria aztertu zen, ordainketa egin aurretik.
|