|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Martxoaren 10a
- 2005. Fagorrek Grumal taldea erosi zion Mascori.
- 2001. Urola kalean, Tren Museoaren ondoko geltokian, Eusko Trenen autobus bat erre zuten, 22:00ak aldera.
- 1983. Berehala Eusko Jaurlaritzari zuzentzea erabaki zen udalean, Izarraizpe Irakaskuntza Kooperatibak egiten zuen gela premiaren salaketaren aurrean erabaki bat har zezan.
- 1927. Zezen-plaza Peņa Taurina Usabiaga elkartearen eskuetan jarri zen, bertan antolatzen ziren jaialdi guztien berri zortzi egun aurrez alkateari adieraztekotan, eta udalari ordaintzeko sarrerak %10 osatzen zuten, gainontzeko zergak beraren kontura izanik, baita gobernadorearen baimena lortzea ere.
- 1927. Joxe Lizaso bertsolaria jaio zen.
- 1909. Errekarte eta Lete baserrietatik zehar Azkoitiko mugara iristen zen bidearen konponketan ari zirenei ogia eta ardoa ematea erabaki zen.
- 1909. Elorza alkateordeak Donostiako Udalak deiturik probintziako udalek eginiko bileraren berri eman zuen, zera jakinaraziz: bera eta batzordea osatzen zutenak ahalegindu zirela agertzen orduan arte bezala udal guztiek diputazioarekin bat eginik jarraitu behar zutela; atxekimendu ekintza bat antolatu eta guztiak bat eginik probintziaren jauregira joan ziren.
- 1802. Aratz-errekarako eta Zestoarako bidea erabat hondatuta zeudela ikusita, konponketa lanak egitea erabaki zen.
- 1746. Idiak herritik kanpo saltzea debekatu zen, hamar dukateko isuna eta zortzi eguneko kartzela zigorraren mehatxupean.
- 1746. San Agustin komentuko obrak egiteko, Inazio Iberok eskatutako egurra non ebaki zitekeen adierazteko eskatu zitzaien basoen zaindariei.
- 1746. Erre berri zen Loisoro baserria ikustea erabaki zen, baserriaren jabea zen Manuel Alzagak egur eskaera egin zuenean.
- 1690. Herriko behartsuen zerrenda egitea erabaki zen, bakoitzari hilean behin hiru erreal emateko.
- 1676. Aurreko astean erre zen Igartza baserria altxatzeko, Domingo Arregiri egurra ebakitzeko baimena eman zitzaion .
- 1644. Santo Domingo komentuari baimena eman zitzaion 40 dukaten egurra ebakitzeko,.
- 1594. Iruņeko Bikario Nagusiaren aginduz, Urre-txuko Juan Bikuņa bikarioa herriratu egin zen aurreko egun batean, eta Juan Ramos fraidea herriak errebalean zituen etxe batzuetatik bidali nahi izan zuen. Baina Miguel Saez Goiazek horrelakorik egitea debekatu egin zion, monastegi bezala ez baitzuen erabiltzen fraideak. Gertatutakoaren berri jakiteko gestioak egitea erabaki zen, Juan Bikuņak herritarren laguntza eskatu baitzuen etxeak botatzeko; ez ematean, eskomikua eman zitzaion.
- 1562. Urrestillako elizari buruz abokatuek zuten iritzia jakitea erabaki zen.
- 1561. Nikolas Saez Elolaren hezurrak haren kaperara eramatea eta haren aita Juanen hileta elizkizunak egitea erabaki zen.
- 1523. Bergarako Martin Olazabal jotzeagatik ordaindu zuen herriak.
- 1523. Adierazi zen azken deialdira 87 soldadu joan zirela, Lope Garzia Loiola kapitainaren esanetara, eta beste 32 soldadurekin, kapitain moduan, Juan Perez Egurza joan zela, 20 egunean zehar zerbitzua eskainiz 1522ko azaroaren 27tik aurrera. Aipaturiko Egurza bera joan zen berriro beste 32 soldadurekin, 1523ko urtarrilaren 24an. Loiola jauna, berriz, gaixorik itzuli zen herrira.
|