Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Azpeitia »  Efemerideak »  Martxoa »  Martxoaren 9a

 AZPEITIA

 ORRI HAU...

 

Azpeitiko efemerideak

Martxoaren 9a

  • 1960. Circulo del Movimiento deiturikoa instalatzeko, 35.000 pezetako diru laguntza eman zuen udalak.
  • 1951. Acción Catolica deituriko gaztediaren buruari hauxe erantzun zion udalak: pozgarria egiten zitzaiola jakitea dantza talde bat osatu zela, eta orduan diru laguntzarik emateko aukerarik ez bazuen ere -aurrekontuan kontuan izan ez zelako-, laguntza luzatuko zuela dantzari taldeak parte hartzen zuen jaialdietan.
  • 1931. Euskaltzaleak Elkarteko lehendakari Galo Barrenaren eskaerari erantzunez, herriko ikastetxeei zera eskatzea erabaki zen: ikastetxeetako ikasleei euskara irakurri eta idazteko ikasgaiak emateko.
  • 1903. Alkatearen mozioa ontzat hartuta, udaletxeko elektrika argia gehitzea erabaki zen.
  • 1903. Egin zuen eskaerari erantzunez, Felix Ortiz y San Pelayo herritar izendatzea erabaki zen, Udal Legearen 16. artikulua gogoan izanik.
  • 1900. Apustuetarako enparantza nagusian jarri ohi zen itxuraren lurreko zuloak egokitzea erabaki zen.
  • 1891. Batzorde bat izendatu zen San Inazio jaio zeneko laugarren mendeurrena ospatzeko egitaraua prestatzeko.
  • 1885. Baimena eman zitzaion Joxe Antonio Legorburu, Vista Alegre deitutako frontoia egiten ari zen elkarteko buruari, obrak egiten ari zen bitartean kaleko espaloia erabili ahal izateko, materialak inguratzeko.
  • 1881. Joxe Mari Gurrutxaga Txokolo Zaharra jaio zen Nuarbe auzoan.
  • 1876. Aurrez, hau da, 1873ko abuztuaren 13an gauzain postuan ziren berak lehengo lanean jartzea erabaki zen, orduan zirenak kenduta.
  • 1854. Sugasti etxeak eginiko ordulari bat estreinatu zen Loiolan.
  • 1846. Politiko Nagusiaren gutunarekin batera Barne Ministerioko idazkariordeak bidalitako gutun baten berri eman zen. Zera zioen: Espainiako erreginak bazekiela Urrestillako biztanleek Azpeitiko Udalarengandik bereiztu eta herri bihurtu nahi zutela, eta agintzen zuela inguruko herrien iritziak jakin behar zituela erantzuna emateko. Urrestillak, orain bezala herriarekin bat eginik jarrai zezan ahalegin guztiak egitea erabaki zen.
  • 1824. Domingo Espinosak Espainiako erregearentzat prestatutako idatziaren berri eman zen; beste gauza batzuen artean zera esaten zen: ÒIndependentzia deituriko gerratean herriak egin behar izan dituen gastu izugarriak eta etsaiak eginiko eskaerei erantzunez herritarrei ezarritako zerga handiak ordaindu ondoren, ezerezean gelditu behar izan du, beharrei erantzuteko ezinbestekoak zituen ondasun iturriak saltzera iritsiz, lurraldeak saldu beharrean, sendagileari bere lana ordaindu ezinean geldituz, eta ardoari lau maraiko zerga jarri beharrean aurkituz, behar-beharreko gastuei aurre egiteko, 5.000tik 6.000ra bitarteko biztanlegoa duen herrian...''. Ontzat hartu zuen herriak idatzia, hondamendian aurkitzen zela ikusita, batez ere bereak ziren basoak saltzean -urteetan zehar izan baitzituen dirua lortzeko iturri berezi, olagizonei ikatza egiteko emanez-.
  • 1785. Herrian eta Urrestillan ogia egiten zuten emakumeei 17 ontza eta librako ogiak zer preziotan saldu beharko zituzten agintzea erabaki zen, beste agindu bat eman bitartean.
  • 1675. Bernabe Aranburu Santo Domingo komentuan eta enparantza apaindu nahirik herriak eginiko arkuak botatzen hastean, komenigarria den edo ez aztertzea erabaki zen.
  • 1647. Bederatzi urterako kontratua eginik zuen Joseph Iturralde txistularia ihes eginda zen herritik, eta udalak unean aurkitzen zen tokian atxilotu eta herriko kartzelara ekartzea erabaki zuen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak