|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 19a
- 2003. Martxelo Otamendi, Euskaldunon Egunkariako zuzendaria, Azpeitiko Baite Euskara Elkarteak antolatutako hitzaldia ematen izan zen herrian, Aitonenan. Euskarazko prentsaren inguruan aritu zen. Hurrengo egunean Espainiako Justiziak Euskaldunon Egunkaria itxi egin zuen eta Guardia Zibilak Martxelo Otamendi atxilotu egin zuen, Tolosan, bere herrian; beste bederatzi euskaltzale ere atxilotu zituzten.
- 1967. Mikel Berakoetxea eta Joxe Inazio Orbegozo Arriya neurtu ziren 20 enbor 54'' lanarekin. Berakoetxeak irabazi zuen 78' 14'' denborarekin, Arriya 17. enborrean erretiratu zen.
- 1940. Agintariek aho batez, militarrek hiltzera kondenatua zuten Joxe Odriozola Alberdirentzat indultua eskatzea erabaki zuten.
- 1906. Jesusen Bihotzaren plaka bat jartzea erabaki zen udaletxeko sarreran, eta aurrez ekintzari behar bezalako ospea emateko elizgizonekin harremanetan jarri ziren.
- 1900. Musika Bandaren zerbitzua eskaini zuen Joxe Mari Iturbidek Inauteriatarako, herriak ehun pezeta ordainduz, baina honek 50 pezeta bakarrik ematea erabaki zuen.
- 1894. Sebastian donearen egunean eta Inauterietako igande, astelehen eta asteartean aterako
- 1890. Musika Bandako kideen eskaerari erantzunez, haiei ematen zitzaizkien bazkari eta askariak alde batera utziz, bakoitzari bazkariaren ordez bi pezeta eta askariaren ordez 50 xentimo ematea erabaki zuen herriak.
- 1890. Maltzagatik Zarautzera edo Donostiara egin nahi zen bide estuko trenbidea egiteko Frantzisko Igartuak aurkeztu zituen oinarriak onartu ziren. Batzorde bat ere izendatu zen beste herrietakoekin batera gestioak egiteko.
- 1866. Arautegi bat osatuz gauzain zerbitzua sortzea erabaki zuen udalak.
- 1855. Eliz kaleko 3. eta 7. zenbakia zuten etxeetan tabernak zabaltzeko baimena eman zitzaien Joxe Mari Arregi eta Tomasa Goenagari.
- 1797. Diru beharrean zela, parrokiko atariko lanak geldituta zeudela adierazi zuen natzordeak. Baina, gero, herritar batzuk agertu ziren 22.000 erreal aurreratzeko prest eta urte baten barruan bueltan jasotzekotan. Eskaintza onartzea erabaki zen.
- 1763. Landetara eginiko bide berrian, Arretxe eta Ondarre baserrien inguruan egokitu behar zuten pendizak altxatzeko lanen baldintzak prestatzea erabaki zen.
- 1734. Frantzisko Joseph Enparanen gutun bat jaso zuten agintariek, eta gutunak erregeak bere armadako teniente jeneral izendatu zuenaren berri eman zuen.
- 1716. Ohiko erronda egiten ari zela, alkateak utzitako haur bat aurkitu zuen Enparan zubian, eta Juan Pomianoren etxean utzi zuen, hazi zezaten.
- 1683. Diego Blanesek, Sevillatik (Espainia), Elolaren ondasunak sortutako interesak bidali zituen, eta bere kaperauen artean banatu zituen herriak.
- 1682. Erregearen izenean, Loiolaren jabetza Gipuzkoako korrejidoreak hartu zuen. Armarri errealak jarri zituen ate gainean.
- 1596. Urte honetan, behintzat, emakumeei alkatearen baimenik gabe ogia saldu eta tabernari bezala lanean aritzea debekatu zitzaien.
- 1579. Bolibar maisuarekin eginiko eskritura kontuan izanik, parrokian egindako obrak aztertzea erabaki zen.
- 1579. Esaten zenez, azken bi urteetan ez zen organojolerik ez parrokian, ez Elola kaperan.
|