|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 12a
- 2007. Epaitegia berritzeko lehen harria jarri zuten Udaleko eta Eusko Jaularitzako ordezkariek.
- 2005. 18/98+ ekimena aurkeztu zuten Aitonenako aretoan, "eskubide zibil eta politikoen alde egiteko".
- 2002. Jabier Iraetak eginiko sokamuturrari buruzko eskultura inauguratu zen, Gernikako arbolaren inguruan kokatua.
- 1912. Etxeetara zabaltzen zen uraren arautegiari buruzko azterketa egitea erabaki zen, aldaketa batzuk egin beharra ikusi zelako.
- 1912. Agustin errekako urak Abetako urtegira ekartzeko lanen baldintzak onartu ziren.
- 1820. Inauterietako zekorketei buruz erantzuna eman zuen Diputazioak, garbi utziz ez zuela herriak gaizki jokatu enparantza itxi eta jaialdia han ospatzea erabakitzean. Urteko 2.800 erreal seinalatu zituen, aurrekontuan arautegiak agertu bezala, eta diru hura nahi bezala gastatzeko zen. Gauzak horrela, herriak berehala korrejidoreari idaztea erabaki zuen, esanez herriak baimen osoa zuela 2.800 erreal horiek nahi bezala banatzeko.
- 1751. Urteroko herri jaietako zezenketak bertan behera uztea erabaki zen, hiru urtetik behin egingo zirela adieraziz, Nafarroako edo Gaztelako zezenekin, nahiz eta hobe izan gaiari buruz San Miguel egunean hitz egitea, udal berria osatzen zenean hain zuzen ere.
- 1741. Apezpikuak parrokiko erretaula nagusia urreztatzeko baimena eman zuen.
- 1739. Hiru urterako bere gain hartu zuen teileri lantegia Sebastian Garatek, eta harekin eskritura sinatu zen.
- 1730. Izarraizko izoztegia alokatzea erabaki zen.
- 1713. Sukalderako egurra behar zutenek, diruarekin herriko diruzainarena agertzea erabaki zuten. Honek seinalatuko zituen egur zamak.
- 1706. Diputazioak eginiko eskaerari erantzunez, soldaduen zerrendako guztiak martxoaren lehen egunerako Arrasatera bidaltzea erabaki zen.
- 1670. Haragi hornikuntza egiten zuenari 500 maraiko isuna ezartzea erabaki zen, saltzen jartzen zuen generoa txarra zelako. Domingo Berroeta zen hornitzailea, eta haren emateak ere berriro zigorra merezi duela esan zen. Kartzelaratzea merezi zuen batzuen iritziz, bere gelan gordeta zuen haragia ateratzeko agindu zitzaionean ez zuelako horrela egiterik nahi izan, haragi gehiago ez zuela esanez. Alkateak, ondorengo egunetan, emakumeari ere zigorra ezarriko ziola erantzun zuen.
- 1666. Izarraitz mendiari buruz zenbait gauza jakin nahian zen herria, eta Jauregi eta Betelu erregidoreak azterketa batzuk egin ondoren zera adierazi zuten: duela 21 urte bertan ziren zuhaitzak ikatzetarako moztu zirela eta Deba aldera, berriz, orain 11 urte atera zirela zuhaitzak, guztira 800 zama ikatz gutxi gorabehera, eta unean, toki berean ari zirela ebakitzen.
- 1644. Juan Larraari enparantza zabaltzeko bota ziren etxeen tokia behar bezala harriztatuta gelditu zen begiratzeko eskatu zitzaion.
- 1644. Hiru urtean zehar herriko ospitalean lana egiteko eskritura sinatu zen Domingo Odriozolarekin eta honen emazte Agustina Mujikarekin.
- 1641. Bide nagusi, zubi eta pontoietan gurdiekin ibiltzea debekatu zen, nahiko arriskutsuak zirelako oinez edo zaldian ibiltzeko. Bestela, gurdia galdu eta zigorra jasoko zuten.
- 1631. Izarraizpen, Zabala baserria erre zitzaion Pedro Zabalari, eta herriak baimena eman zion bere lurraldeetan egurra ebakitzeko.
|