|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 6a
- 2003. Jose Mari Bastidak uko egin zion EAJko alkategai izateari, eta beraz, ez zen EAJko zerrendaburu izan maiatzeko udal hauteskundeetan. Bastidak 18 urte zeramatzan alkate, eta EAJren afiliatuei karta bidali zien erabaki horren berri emanez.
- 2002. Udalaren ekimenez, Gizartekintza eta Gazteria sailak bultzatuta, droga menpekotasunei aurre egiteko Aurre Hartze egitasmoa martxan jarri zen. Horretarako Drogomenpekotasunen Aurre Hartze Mahaia osatu zen. Mahaia gurasoen ordezkariek, irakasleen ordezkariek, herriko taldeen ordezkariek, psikologo eta egitasmoaren bultzatzaileek osatu zuten.
- 1996. Loiolabideko galtzada apurtu eta bost auto erori ziren Urola ibaira.
- 1994. Urrestillako Sokatira taldeak 560 eta 600 kilotan goma gaineko liga irabazi zuen.
- 1986. Antxieta etxean, Imanol Elias Odriozolak idatzitako Guia hist—rica y taurina de Azpeitia izeneko liburua aurkeztu zuen udalak.
- 1934. Ziriako Agirre zinegotziaren eskaerari erantzunez, herriko artxiboan burdin atea jartzea erabaki zen.
- 1933. Uni—n Republicana elkarteko presidente Joxe Valverdek eginiko eskaera onartu eta herriko enparantza Nagusiari, ÔErrepublika Enparantza Nagusia' izena ematea erabaki zen.
- 1911. Enparan zubia egiten ari zen Joxe Mari Aldalur kontratistari bigarren zatia ordaintzea erabaki zen.
- 1905. Manuel Etxanizen marmol lantegitik kartzelara bitartean karel bat egitea eta handik Perdillegi baserrira bitartean hesi bat jartzea erabaki zen.
- 1888. Loiolako zelaia egokitzeko zenbait herritarrek inolako interesik gabe eskainitako diru laguntza onartu zen. Udalaren aurrekontuetan asignatu gabe gelditu zen, eta Inazio deunaren jaietarako dena amaitzea nahi zen.
- 1865. Plaza Txikiaren ertzean hasi eta enparantza Nagusiaren amaiera bitarteko lauzadura berriztatzea erabaki zen, Probintziak erdia ordainduko zuen zeharbidea baitzen.
- 1863. Enparangain eta Errezil bidea konpontzen ari ziren langileei ohiko errazioak edo zatikoak ematea erabaki zen: ohiko ardoa eta ogia.
- 1860. Apezpikuak elizaren dirutik Juan Amezuari eskainitako 2.000 erreal ordaintzea erabaki zen, hari gogoraraziz organoa amaitu bitartean etengabean aritu beharko zuela lanean, aurkitutako akatsak konponduz.
- 1814. Herriari dirua aurreratu zioten zenbaiten beharra ikusita, batzorde bat sortzea erabaki zen herriaren lurrak neurtu eta salneurria jartzeko, ahalik eta azkarren lurrak saldu eta herriak zorrak ordain zitzan.
- 1789. Kaleetako farolak zainduko zituenaren soldata erabaki zen: urtean 70 dukat eta 10 erreal.
- 1768. Burdinoletarako beharrekoak izan zitezkeen zuhaitzen prezio altxatzea erabaki zen.
- 1665. Santo Domingo komentuko arkuak eta torila egiteko harria ateratzeko baimena eskatu eta Azkoitiko herriaren baimena mugatua zela ikusita, berriro idaztea erabaki zen.
- 1654. Herritar bereziei deitu zitzaien udalbatzarrera, erregeak eginiko soldadu eskaerari buruz hitz egiteko, eta bertan erabaki zen otsailaren 10an Bidanian egingo zen batzar berezian herriaren iritzia agertzea, soldadu gehiagorik ez eskainiz erregeari.
- 1592. Donostiara gariarekin itsasontzi batzuk iritsi zirela jakin ondoren, mila bat anega erostea erabaki zen.
- 1573. Urrestillan, herri iturria bere askarekin egiteko tokia aukeratu zen.
- 1480. Joanes Antxieta musikaria, Errege Katolikoen Abeslari eta Kaperau postuez jabetu zen.
- 1414. Parrokiko apaizen berri eta haien soldatak adierazten zituen eskritura sinatu zen Iruñean, erretorearen eta Lope Garzia Lazkanoren artean.
|