|
|
|
Azpeitiko efemerideak
Otsailaren 5a
- 1988. Urola trena desagertzeko, Eusko Gobernuak hartutako erabakiaren berri eman zuen, Gasteizen, Enrike Antolin Garraio eta Obra Publikoetako kontseilariak.
- 1947. Desegin zen San Inazio Musika Bandari urtarrileko laguntza ordaintzea erabaki zen.
- 1923. Herriaren armarria edo Loiolakoa edo antzeko zerbait izan zezakeen domina batzuk erostea erabaki zen. Hauek herriko zinegotziek, korporazioan joan behar zuten guztietan zintzilikatuta eman beharko zituzten, probintziko beste herrietako udaletan bezala.
- 1900. Herriko elektrika argia enkantean jarri eta ikusita egingo zuen inor ez zela agertu, berriro enkantean jartzea erabaki zen.
- 1872. Inauterietan enparantza itxi eta bertan zezenak jolasteko gestioak egin zitzan batzorde bat izendatu zen.
- 1872. Ramon Erzilla udaltzainari jubilazioa eskatzeko aholkua eman zitzaion. Bizi zen artean eta egun bakoitzeko sei erreal emango zitzaiola aginduz. Izan ere, bere betebeharrari uko egin zion, San Agustin komentuko giltzak Agustin Jauregi erretoreordeari emanez udalaren baimenik gabe. Udaltzaina defenditu zutenak ere agertu ziren, Jauregirena negarrez joan zela adieraziz giltzak itzultzeko eskatuz, baina honek ez zizkiola eman azalduz.
- 1768. Ogi bakoitzari ezaugarri markatxo bat egitea eskatu zitzaien ogia egiten zuten emakumeei, gero neurriak hartzeko, herriak jakin zezan ogi txarra edo beharreko pisurik gabekoa nork egiten zuen.
- 1716. Antonio Balzategi organo egilearekin parrokirako organoa egiteko eskritura bat sinatu zen.
- 1705. Enparan errotako maizterraren kexei erantzunez, gero konpontzeko teilatuaren egoera ikustea erabaki zen.
- 1702. Udalbatzar nagusian, ikatza egiteko egurra ateratzeko herriko mendien salmentak nola egin ziren adierazi zuten agintariek.
- 1666. Urte baterako Gasteizera postari lana egiteko Mikel Argarainekin egin zuen kontratua herriak. Asteazken edo ostegunetan irtengo zuen herritik eta larunbat eguerdian itzuliko zen, herriak 24 dukat ordainduko zizkion urtean Ñerdia orduantxe bertan eta gainontzekoa iraileanÑ.
- 1656. Parrokiko obrak jarraitzeko, eta zazpi urteren barruan amaitzekotan, eskritura egin zen Joan Ansola maisu hargin eibartartarrarekin. Lehenengo, mila erreal eman zitzaizkion bere sendiarekin herrira etor zedin. Eta martxoaren lehen egunerako langileak ekarri eta beste 500 dukat eman zitzaizkion.
- 1600. Kandelaria egunean eta Santo Domingo monastegian ospatutako meza nagusian, Felipe Martinez Uranga alkateak eta beste zenbait pertsonak eginiko eskaintzen berri jakin zenean, pare bat abokatuekin kontsultatzea erabaki zen, guztia gertakizun berria izan zela.
- 1591. San Agustin monastegia sortzean agertutako eztabaidak baztertuz eta bakeak egin nahian parrokiko elizgizonekin, udalbatzarrera deitu zitzaion erretoreari beste apaiz batekin. Bi alderdien artean elkartasuna lor zedin, mezak errezatzea erabaki zen.
- 1561. Parrokiko dorrearen gailurrean zegoen Santiago donearen irudia erortzeko zorian zegoela-eta konpontzeko agindu zen.
- 1561. Herriak ondasunik gabe eta galerara kondenaturik zen Martin Arratia bizkaitarra Valladolidera (Espainia) bidaltzea erabaki zuen.
- 1558. Frantzisko Iñiguez Alzaga kapitain izendatuz ondorengo igandean alardea egitea erabaki zen.
|